En directo
Eskolan txikitan antzerkiko eskolak egiten bazituen ere, antzerki ikasketak burutu aurretik, beste hainbat arlotan trebatu zen Josune Vélez de Mendizabal. Izan ere, 18 urterekin kazetaritza ikastea erabaki zuen, eta majisteritzan sartu zen ondoren. Garai hartan ekin zien berriz antzerki eskolei, hobbie bezala hasi zen, baina 4 ordu eskaintzen zizkion egunero antzerkiari Gasteizeko TAEn.
«Honetaz bizi daitekeela esan zidaten eta nik zalantzan jarri nuen» aitortu digu. Hala ere, ikastaroak egiten jarraitu zuen. «Euskal dantza, gaita, dantza afrikarrak, body combat… denetarik egin dut».
20 urtetan ibili da bere ibilbide profesionalean kazetari eta azkenaldian aktore lanetan hainbat konpainiarekin. «Ikusten nautenean pentsatzen dute bizitza oso daramadala aktore lanetan, baina 6-7 urte izango dira» kontatu digu.
Tranpola taldearen fundatzailea izan zen eta Oingoan bai! ekoizpen propioarekin eman zuen bere burua ezagutzera sortzaile gisa 2016. urtean. Konpainia honekin Azken antzoki dantza eta Txilin hotsak lanak ere sortu ditu. Lehena Gontzal Uribe eta Hannah Whelanekin 2018an eta bigarrena berriz, Metro Koadrokaren laguntzarekin Ane Gebararekin batera.
Parasite Konpainiarekin ere aritu izan da, Jokoa edota Usteak ustel ikuskizunetan. Halaber, 2011. urtean sortu zen Pez Limbo konpainian 2016. urtean sartu zen Josune, eta bertan dabil Edu Hernandorekin batera. Koxkak, edota Harri orri ar lanean aritu da eurekin Josune, baita 2022an estreinatu zen Daisy Crazy-n ere, Espe Lopezek zuzendua eta Ane Gebararekin. Mamiak kolektiboaren kide ere bada, hementxe Ogiak hizketan baleki lana aurkezten aritu zen, eta bertan Josefa de Mujika da.
Hau guztia kazetari lanarekin eta tailerrak eskaintzearen uztartzen du eta gaurkoan gurekin kafea hartzeko tartea topatu du.