En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Entrevista
Ane Barrenetxea
Sua taldeko abeslaria

«Bakoitzak bere esperientziak ditu beldurren aurrean, baina kolektiboki bizi ditugu»

Bi lagunek hasitako bidea sendotzen ari da urteen poderioz eta taldearen izenari gorazarre egiten dabiltza Ane Barrenetxea, Esteban Gaviria, Julen Gilbert Wright eta Janire López. Sua taldeak estudioko lan berria kaleratu du, ‘Gorde genituen beldurrak’, baina guztiak indartsu azaleratu dituzte.

Audio_placeholder

«Bakoitzak bere esperientziak ditu beldurren aurrean, baina kolektiboki bizi ditugu»

Loading player...
Janire López, Julen Gilbert Wright, Esteban Gaviria eta Ane Barrenetxea dira Sua taldea osatzen dutenak.
Janire López, Julen Gilbert Wright, Esteban Gaviria eta Ane Barrenetxea dira Sua taldea osatzen dutenak. (Ane Berriotxoa | An_Txoa)

Olerki oso intimo batek ixten du disko berria, eta hori entzunaz hasi dugu Ane Barrenetxea taldeko abeslariarekin hizketaldia. Denon aurrean biluzteko ariketa handia izan baita diskoa bera, eta olerkia errezitatzea zer esanik ez.

Kaixo Ane, zer moduz?

Egun on, ondo.

Halako olerki bat errezitatzea –diskoa olerki batek ixten du– bada erronka potentea, ezta?

Erronka izango litzateke jendaurrean errezitatu beharko banu. Baina etxeko txoko batean idatzi eta mikrofono baten aurrean bakarrik egitean, ez da hainbesterako. Idatzi, sentimendua jarri eta aurrera.

Sentimendu dezente du diskoak berak eta tempoz esan dezakegu orain arte egin duzuena baino lasaiagoa dela.

Zuk esan moduan lasaiagoa da, baina ez du esan nahi potentea ez denik. Hitzetan dago potentzia handia eta nahi izan dugu denok bat garela transmititu. Bakoitzak bere esperientziak ditu beldurren aurrean, baina kolektiboki bizi ditugu, zuk sentitzen duzun hori, beldur hori, munduko beste txoko batean ere aipatzen delako. Atmosfera hori sortu nahi izan dugu, ongi dagoelako positiboak ez diren gauza horiek ere azaleratzea.

Argirako bidea ere eman duzu diskoan.

Bai, eta olerkiarekin hori egin nahi izan dugu. Iluntasun egoera batean hasi eta argira bideratzen delako, eta gakoa guk geuk daukagula erakutsi nahi izan dugu.

‘Hormak apurtzea’ pandemian etorri zen, pasa da denbora bat, hau izan zen guztia ernaldu zuen hazia?

Izan daiteke, baina berez ez dago horrela eginda, orduan egindako abestiek ere bere tokia merezi zuten.

«Ez dezala inork zapaldu irudimenaren indarra» diozu kantu honetan. Irudimen aldetik potente ibili zara, sormen aldetik oso loratuta egon zara edo lan askoren emaitza izan da?

Jo, bada eskerrik asko, halako hitzak entzutea positiboa delako. Irudimena, hausnarketa… esan dezagun garatuta ditudala. Musikak eraman nau letrak idaztera, abestiak nora eramaten nauen ikustea gustatzen zaidalako. Gorputzean edo giroan sentitzen dudanaren arabera, gauza batez edo besteaz hitz egiten dut eta dena uztartzean ematen diot zentzua guztiari.

‘Kotxe beltza’ bereziki, baina beste batzuk ere iradokitzaileak dira, gantxoa dute introetan.

Hemen justu Janire hasten da baxuaz eta oso indartsua da, asko markatzen du. Baina errepika justu kontrakoa da, ez dut oihukatzen eta aingeru soinua-edo iradoki dezakeen ahots finarekin kontrastea egin dugu.

Hain goiko notetan abestu zenuen inoiz ordura arte?

Ez, aurretik ez. Suak duen esentzietako bat ‘kaña’ sartzea da, baina ni ere nekatu egiten naiz. Eta kontzertu askoren ostean lehertuta izaten naiz, baina tonalitatearekin jolastea gustatzen zait eta disko honetan egin dut.

Emakume bat gauez etxera doaneko tentsio unea sortu dit abesti honek.

Abesti honek irakurketa asko izan ditu eta gustatu zait hori ere. Kantu batzuk oso literalak dira, baina kasu honetan irekia zen eta egia da esanahia ulertzea zaila dela. Bideoklipa egin dugu eta hobeto ulertzen dela uste dut bertan. Ametsetan sartu eta bertan izaten ditugun buruhausteen inguruan gabiltza hemen, baina irakurketa posiblea da egin duzuna eta balekoa da.

‘Herria’ kantuan bada halako kanon moduko bat eta ‘Aldapeko’ kantu klasikoa ekarri dit burura.

Egia da Janirek eta nik hastapenetan abesten genuela hori, eta akaso gura barik etorri zaigu burura zati hori, baina ez dugu kontzienteke egin. Baina gogoko dut diozuna, abesti hori ere badelako gure kulturaren parte garrantzitsua.

Rockaren ertz desberdinak ukitu dituzue abestietan. Soinuaren errudunetako bat Julen izan da edota melodikotasunaren baitan erabaki duzue nondik eta nora joan?

Julen bada gakoetako bat disko honetan. Pedal asko erosi ditu eta horiekin atmosfera desberdinak sortzen ditu, marrazki eta giro desberdinak sortu ditu, aurrerapauso bat eman du nabarmen, nahiz eta baxuak eta bateriak ere baduten beren pisu handia musiketan.

Erreferentzia asko aipatzen dituzue diskoarekin batera bidali duzuen oharrean: Maurice Sendak, Lucio Urtubia, Cándido Gálvez… Zuen artean erreferente horiek mahai gainean jarriz ibili zarete?

Egia da horiek direla gure zaletasunak, baina ez gara disko bat edota artista batengan zentratzen eta obsesionatzen. Pasa izan zaigu gauzak probatzen ibili eta beste talde baten zati bat sortzea uste gabe eta motibatu egiten gaitu horrek, ez garela hain kaxkarrak pentsatzea ekartzen digulako. Unean unekoa egiten dugu, gauza asko kontsumitzen dugu baina ez dugu sormenerako baliatzen, sortu ostean agertzen dira erreferentziak.

‘Geltokia’ kantuaren sarrera oso goxoa da eta kantua bere orokortasunean ere bai. Baina baxua sartzen da eta tentsioa ematen dio, datorrenaren adierazle.

Kariño berezia diot abesti honi, esan duzun moduan besteekin alderatuz lasaiagoa delako. Ez da errezena abesteko, kontzertuetan larri pasatzen dut. Hain lasaia da, ahotsa kontrolatu behar dudala eta modulatu egin behar dudala oihu batetik natorrenean goxo kantatu behar dudalako. Sentimendu asko ere badu eta horrek ere eragiten du. Istorioa ere gogorra da, elkarrekin egon nahi eta ezin dutenen istorioa eta apurketa gogor bat aipatzen dituelako kantuak. Baina ederra da.

Beldur bat gehiago. Beldurren inguruan ilustrazio dotoreak egin dituena, berriz, Garazi Arano izan da.

Portada egin eta gero oso gustura ginen, baina lagun batzuk egin zuten interpretazioa jakitean ez zuen batere loturarik nahi genuenarekin, hortaz, goitik behera dena berritu behar izan zuen Garazik. Durangoko Azoka gainean genuen eta ‘challenge’ izugarria izan zen Garazirentzat, baina sekulako lana egin du eta benetan Sua ikusten da bertan orain, gure esentzia dena jaso du diskoan. Berarengan konfiantza oso geneukan jarrita eta ez du hutsik egin.

‘Red flag’ kantua entzutean, Sua ingelesez entzunda zenbat aldatzen den azpimarratu nahiko nuke. The Cardigansen ahotsa edota The Strokesen gitarrak entzun ditut hemen. Rock alternatiboa zer den ongi adierazten duen abestia.

Bada, zer ondo, nik uste dut baietz. Esan behar dut orain nire burua ingelesez entzutea oso arraroa egiten zaidala.

Bandera gorria faltsukeriari?

Bikote denetan egoten diren ‘red flag’ guztiei, bikote batek merezi ez duela jabetzeko izaten baitira horiek. Kontzienteago gara orain eta halako seinale gehiago ikusten ditugu hor, sare sozialek asko lagundu dute horretan adibidez, eta zenbat ‘red flag’ egon diren harreman desberdin askotan ez gara jabetu kasik orain arte.

Batzuk oraindik «ez dira gai», ordea. Hau idatzi zenuenean zeharo haserre zinen?

Bai, nabaritzen da ezta? Piztuta egon nintzen.

Sua hitza bera diskoan birritan aipatzen da, hemen barne sua zenuen bor-borka.

Barne suak egiten du jendeak aurrera egitea, hortaz gure taldearen izena ere hor dago. Elementu natural hori beti egongo da gure abesti guztietan.

‘You don't care’ kantuan elkarrekin infernura joateaz ari zara eta denarekin apurtzeko modu bat ere bada.

Asko gozatzen dut abesti honekin zuzenekoetan eta, bai, egurra du.

Diskoa Airakaren webgunean eta kontzertuetan izango da, ezta?

Hori da, hor izango dira CD eta mertxan berriak, baina instagramen ere bada link bat eta handik bideratuko dugu erosketa.

Kontzertu dezente dituzue oraindik aurretik, asko Kokein taldearekin.

Legorretan, Erandioko Gure! jaialdian eta Donostiako DabaDaban izan gara, besteak beste. Asteburuan, martxoaren 10ean, Amurrioko Burubion izango gara eta Elorrion ere bai apirilaren 8an.

Egurra botako diozue suari, beraz eta gordeta zenituzten beldurrak atera dituzue.

Zuk esan duzun moduan bizitza gorabeherak dira. Baina behera goazenean eta pisua gainetik kendu eta askatzen denean, behetik gorako sentsazio hori sekulakoa da.

Jaurlaritza Logoa