En directo
«Martxoaren 9ko kontzertua mimo gehienarekin prestatu dugun zuzenekoa izango da»
Ez dira gutxi Sutan taldea osatzen dutenak, bederatzi alajaina. Beren bigarren estudioko lana kaleratu zuten 2022ko abenduan; ‘II’ deitzen da diskoa, azal ilun batean letra gorriz irakurtzen dugunez, eta hori aurkezten izan dira Naiz Irratiko MusikHaria saioan Alain Gutierrez eta Julen Iglesias.
«Martxoaren 9ko kontzertua mimo gehienarekin prestatu dugun zuzenekoa izango da»
Diskoaren harrera nolakoa izan da?
Alain Gutierrez: Diskoaren harrerak pozik utzi gaitu, bagenuen gogoa material hau guztia kalera ateratzeko.
Taldea Bilboko bezala aurkezten da, baina denak bilbotarrak zarete?
A.G.: Ez, denak ez.
Julen Iglesias: Bilbo Handia deitzen den horretakoak bai, ordea.
Eta entseatu non egiten duzue?
J.I.: Bilboko Errekalde auzoko alondegian gabiltza. Xumea eta txikia da, baina moldatzen gara.
A.G.: Saiatzen gara espazioa ondo kudeatzen, ondo eta gustura entseatzea bermatzeko.
Euskaldunan kontzertu bereziren bat egin zenuten diskoa atera aurretik, ezta?
A.G.: Bai, hala da. Ez da guk gure burutazioz sortutako zeozer, pandemian Bizkaiko Foru Aldundiak sortutako Aurrera Fest delako horren baitan hautatuak izan ginela da kontua. Bitan izan gara eta lehen urtean ez zen tokirik onenean izan, nahiz eta Euskalduna barruan zen. Hala ere, bigarren urtean areto eta eszenatoki garrantzitsu batean jarri gintuzten. Oso berezia izan zen guretzat ere eta esperientzia ederra izan zen. Jendea pozik geratu zen, eta horrekin gu gustura, sarrerak ere ez zirelako merkeak eta saio oso berezia prestatzen ahalegindu ginelako.
Disko hau noiztik ari zarete lantzen?
A.G.: Disko hau aurrekoekin alderatuz desberdin landu da. Ekoizpenaren zati handiena nik egin nuen eta maketak sortu ostean, horren gainean hasi ginen lanean. Hau da, lehendabizi nik landu nuen eta gero taldean guztia.
Zu, Alain, abeslaria zara, gainera.
A.G.: Nik lan egiten dudan mundua nahikoa geldirik egon zen pandemia garaian eta monotonia horretatik ihes egiteko modua izan zen kantu hauek sortzea. Konponketa batzuk aldatu dira, haizezko instrumentuenak eta gitarrenak batez ere, baina oinarria hor geratu da.
J.I.: Esango nuke Alainek ondo helarazi zigula buruan zuen ideia eta dena ondo ezkontzeko gai izan garela.
Zu, Julen, tronpeta-jotzailea izanik, haize sekzioarekin nola izan da lanketa?
J.I.: Bada hasierako erreakzioa izan zen guztia tesituraz aldatzea, guk jo ahal izateko.
A.G.: Nik zazpi haizezko instrumenturekin grabatzea nahi nuen eta harrituta geratu ziren denak.
J.I.: Gero, maketa eskuan izanda, praktikoak izatera mugatu ginen, ahal genuena jotzeko eta izaera bat eduki zezaten konponketa horiek eta haizezko instrumentuek paper konkretu bat izan zezaten diskoan, ahotsak eta sekzioak elkar zapaldu gabe.
A.G.: Nik lerro batzuk markatu nituen, baina taldeko haize sekzioarekin landu genuen dena, haiek hobeto dakitelako zer eta nola egin.
‘Begiak ireki’, abesti rockero batekin hasten da diskoa. Zein da abestiak duen atzeko mezua?
A.G.: Nik idazten ditudan abesti guztiek atzeko mezu bat dute niretzat, baina nahikoa irekita uztea gustatzen zait dena. Niretzat abesti honek ez du zerikusirik maitasunarekin, baizik eta norberaren ezagutzaren inguruan ari naiz. Norberak etorkizunean zer nahi duen argi edukitzeaz ari naiz, nahiz eta bestelako irakurketa bat egin dezakeen entzuleak.
Estilo batetik bestera mugitzen zarete eta haien uztarketa egiten duzue. Ez dakit zeintzuk erreferentzia izan ote dituzuen.
J.I.: ‘Nahiko bizirik’ hau, esaterako, lehen diskoa eta bigarrena lotzen dituen zubi moduko bat da. Aurreko diskoan aurkitu daitekeena eta bide berrietara zabaltzen ari garela lotu ditugulako.
A.G.: Diskoa baino urtebete lehenago atera zen kantu hau, lehendabiziko abestia da. Nahiz eta ‘Nahiko bizirik’ kaleratu genuen aurrena, ‘Begiak ireki’ izan zen sortutako lehena eta diskoan sorkuntza ordenaren arabera kokatu ditugu abestiak.
Istorio bat sortzen joan zara Alain?
A.G.: Ez, baina pandemian nola sentitu naizen kronologikoki ulertu dezakezu kantuak ordenean entzuten baldin badituzu.
Horregatik diozu ‘Nahiko bizirik’ eta ez bizi-bizirik zaudela?
A.G.: Heriotzari aipamena ere horregatik egiten diogu.
Eta atzetik ‘Zaindu gaitezen elkar’ dator, logikoa.
A.G.: Lehen konfinamenduan idatzi nuen hori, hau da 10 egunez etxean sartu ninduten lehen aldian. Zer izan zen hori? Bata bestearen atzetik etxeratzen gintuzten. Mezurik sakonena nik uste dut hemen dagoela.
J.I.: Eta sakonena ez bada, bai politena behintzat.
A.G.: Abestia idazterakoan eta konposatzerakoan interesgarria iruditu zitzaidan beste tono eta erritmoan jolastea. Bi kolaborazio izan ditugu abesti honetan. Pau Barbera Pla zegoen batetik eta akordeoi diatonikoa jotzen du berak, partituran sei edo zazpi bemol zituen eta lortu egin zuen! Beste kolaborazioa Joan Mayor perkusionistarena izan da.
J.I.: Euskal Herrian, bestetik, lau lauko metrikan eta pultsuan egiteko ohitura egon da eta aldatu egin nahi izan dugu, hiru lauko konpasaren maitaleak gara.
A.G.: Eta beste patxada batekin abestu eta kantuak egitea ere gogoko dugu.
Kolaboratzaileen lana lehen planoan jarri duzue kantuan.
A.G.: Errespetu eta miresmen keinu bat bada, baina abestiak behar zuen. Akordeoiaren goxotasuna beharrezkoa zen, vals bat delako.
J.I.: Besarkada bat eskatzen zuen kantuak.
Betagarri, Esne Beltza eta Obrint Pas aipatzen dira.
A.G.: Ni gaiteroa naiz eta Obrint Pas nire taldea izan da. Esne Beltza eta Betagarri gainera badira beste bi erreferentzia garbi. Lehen diskoa Xavi Sarriarekin, Obrint Paseko kide zenarekin, aurkeztu genuen eta haren bitartez ezagutu ditugu abesti honetan kolaboratu duten biak.
‘Esperantzaren azken aleak’ kantu ilun samarra da eta honek ere badu atzeko mezua.
A.G.: Esperantzari kantu bat da, nahiz eta aukera oso txikia topatu.
Teklatuaren koltxoia ere azpimarratu behar da.
J.I.: Istripu oso polita izan zen eta disko honetan gainera ez dugu hammond soinu hori askorik erabili. Orain, kantuan beharrezkoa da, ez genekien beharko genuenik eta orain kantua ezin da ulertu hori gabe.
Argi-ilun, minor-maior, jolasa egin duzue.
A.G.: Irudi horiekin jolastea oso esanguratsua da. Esango nuke kanturik ilunena dela diskoan, bai erritmo eta baita armonia aldetik ere, nahiz eta kantuan aurrera joan ahala zabaltzen den. Bateriaren tinbalen erabileran Marilin Mansonen ‘The Beautiful People’ kantua nuen buruan. Baina ez zen hori helburua noski, ez delako gure estiloa eta ilunegia ere badelako, baina sinte eta bateriarekin ukitu industrialago bat lortzea zen helburua.
J.I.: Lehen esan dugu hiru lauko konpasa maite dugula, baina baita hamabi zortzikoa ere.
Soinua, orokorrean, nahikoa konprimituta dagoela iruditu zait.
A.G.: Hori Ieltxu Gimenezen erabaki artistikoa izan da, gure zuzeneko teknikariarena, Gaua estudioan grabatu dugun arren bera izan delako estudioko teknikaria ere. Ekoizpenean ere lagundu gaitu.
J.I.: Diskoaren zati garrantzitsua izan da Ieltxu, gu bezain beste.
‘Ontzi huts bat’ kantuan elektronikak punch berezia ematen dio. Tropikaleoa eta dultzaina nahastu dituze, alajaina.
A.G.: Dultzaina aurreko diskoan ia abesti guztietan zegoen, baina oraingoan ez genuen beharrik ikusten eta sartzeagatik sartzea ez zen erakargarria. Hemen bazen tarte bat eta sartu genuen, aurreko lanari eta nire instrumentuari keinu moduan. Letrari ere aipamena egin beharra dago hala ere, Mediterraneoko migranteen dramari idatzia dagoen abestia delako.
J.I.: Haizeak ere bukaeran agertzen dira eta filosofia berean doaz. Abesti erritimiko eta konstantea da, aurrea doa abestia eta hondartzako sentimendu hori badu, baina bukaeran festibala dator.
A.G.: Oques Grasses izan da abesti honetan eragin nabarmena izan duen taldea. Haien ‘Fans del sol’ diskoa entzutera gonbidatzen ditut entzuleak, asko merezi duelako. Zuzenean joko ditugun hiru bertsioetatik bi Mediterraneo inguruko taldeenak izango dira, spoiler txiki moduan.
Hurrengo zuzenekoa, gainera, aurkezpen ofiziala izango da. Urduri zaudete?
A.G.: Oso. Martxoaren 9ko kontzertua mimo gehienarekin prestatu dugun zuzenekoa izango da. Urduri gaude, baina sekula ez gara hainbesteko motibazioz izan.
J.I.: Mugarri bat da. Honetan egin dugu lan eta orain guzti hori zabaltzera goaz.
A.G.: Kafe Antzokian, etxean, STRko lagunekin… Ez dakit nola azaldu, baina eszenografia eta guzti landu dugu. Ez da ohiko kontzertu bat izango. Gainera doan izango da, hortaz aitzakiarik ez dago bertaratzeko.
‘Hustu zaitez’ kantuan baxuak country kutsua du, ezta?
J.I.: Banekien hortik joango zinela!
A.G.: Berez countryagoa zen, banjoa eta guzti sartu nion maketan. Bakoitzak bere beldurrak albora uzteko aldarri bat da, nahi duzuna esan eta egiteko.
J.I.: Zuk behar duzula zure konplize izan.
Horrela, garbiago ulertzen da ‘Damuaren gatibu’ kantuaren mezua ere. Bonba bat da abesti hau.
A.G.: Toledoko Balkan Bomba taldeko Rodrigo Martinek abesten du eta euskaraz. Haiek izan ziren abesti honetako erreferentzia eta berarekin harremanetan jarri ginen eta euskaraz egin nahi zuela esan zidan. Abestia lantzerakoan distantziara aritu gara eta inplikazio maila oso altua erakutsi du, ez da izan hartualdi bat egin eta bidaltzea soilik.
80etako elektronika kutsua badu.
A.G.: Oihan Morenoren lana da hori, STR taldekoa bera. Bi abestitarako eskatu genion elektronika sortzeko eta damutu egin ginen.
J.I.: Bai, abesti guztietan gehitu nahi genuelako gero, bi abesti gogokoenak harekin egindakoak direlako.
A.G.: Beste jakintza bat du Oihanek eta badaki, datorren diskorako gorde dezala denbora guretzat.
‘Zuei’ kantua, kapitalismoari kritika moduan hartu daiteke.
J.I.: Irakurketa oso interesgarria egin duzuna.
A.G.: Ondoan izan ditugunei eskeinia da, aurreko diskoko abestien esaldiekin osatutako letra da abestiarena. Zatiak hartu, collage bat egin eta zentzua izan zezala erronka garrantzitsua zen niretzat. Proiektua aurrera atera dutenei eskertza moduko bat da.
Diskoa ixteko diskoari berari izena ematen dion ‘Bi’, zergatik titulu hori?
A.G.: Aurreko diskoan maitasunaren inguruan, desamodioari, idatzitako abesti bat zegoen. Orduan esan genuen trilogia bat egingo genuela, disko bakoitzean maitasunaren fase desberdinei eskainitako abesti bat sartuko genuela. Kasu honetan guztiz maitasunaren aldeko aldarri bat dago, dena maitatu dezakezulako.
J.I.: Eta maitatu egin beharko dugu, etorkizunean kantu bat ere sortzeko. Hemen, maitemindu zaren une hortaz ari gara, hasierako edertasun horretan norbaitekin ez egoteak berak ere min egiten dizun une horretan kokatzen da kantua.
A.G.: Eta Oihanek sekulako konponketa egin du elektronikan. Denetarik nahastu du eta bikain ganera.
J.I.: ‘Antidrop’ hori da abestiaren unerik gorena, ezbairik gabe.
Bada aizue, zuzenekoetan gozatzea dator orain.
A.G.: Gainera, diskoa fisikoki eskuratzeko aukera bertan soilik egongo da. Martxoaren 9an, Bilboko Kafe Antzokian, lehen hitzordua eta atzetik etorriko dira gainerakoak.
J.I.: Oso txarto joan behar du denak gu pozik ez geratzeko.