En directo
Aurten bosgarren ekimena gauzatu dute, martxoaren 8aren aurreko 4 egunetan, Natalia Lacunza, Olatz Salvador, La Bien Querida, Maite Larburu eta Neomak taldeak eskeinitako kontzertuekin. Bakarka zein taldean oholtzara igotzen diren emakumeen kontzertuak sustatzeko zikloa da Gure Ahotsak, aurten formatua aldatu eta Victoria Eugenia Antzokian izan dira emanaldiak.
Donostia Kulturako teknikari den Esther Fernandinorekin hitz egiteko aukera izan dugu, egitasmoaren garrantziaz, utzi duen ajeaz eta balorazioaz aritu gara eta honakoa aitortu digu: «Bost egun hauen balorazioa oso positiboa da, bost artista energiaz beteta. Aurreko edizioan formatua aldatzea erabaki genuen eta asmatu dugula uste dugu. Artista bakoitzari bere momentu berezia eman nahi izan diegu»
Antolakuntzaren ustez «Arrakasta honen arrazoi handiena beraien maila handia izan da, nahiz ezberdinak izan euren artean, denak dira berezi eta erakargarriak. Oso potentea izan dela iruditzen zait». Fernandinok aizpattatu du uste duela «publikoak izugarri gozatu duela, oso publiko ezberdina zela eta ia egun guztietan betetzea lortu dutela».
Antolatzaileekin aritu gara, baina baita oholtza zapaldu duten emakumezko batzuekin ere. Maite Larburu eta Neomak taldeko Alaitz Eskuderoren hitzak ere bildu ditugu euren esperientziaz eta zikloaren garrantziaz aritzeko.
«Zazpi emakumek osatzen dugu taldea, eta denon izenean esan nahi dugu horrelako ekimenak oraindik ere behar beharrezkotzat ikusten ditugula, oraindik asko dagoelako egiteko, oholtza gainean ere gizon eta emakumezkoen arteko ezberdintasunak nabarmenak direlako”, adierazi du Eskuderok. Eta gaineratu du: «Gure aldetik, maila kolektibo zein pertsonalean, plazer bat izan da, oso berezi bizi izan dugu kontzertua, zoragarri bizi izan genuen, eta ahaztezina izango dela guretzat».
Maite Larburuk ere eskeini zuen kontzertua ekimenaren barruan, eta hau kontatu digu ekimenaren garrantziari buruz: «Gure ahotsak ekimena handituz joan da, egun batetik bost egunetara iritsi da, hori da garrantzitsuena, ez geratzea, jarrai dezala biran, gure ahotsak zabalduz joango direlako. Hori da niretzat azpimarragarriena»
Izan dezala Gure Ahotsak ekimenak bide luzea eta jarrai dezatela gure ahots hauek merezi duten tarte, espazio eta aniztasuna izaten.