En directo
Josetxo Otegi historialariak Naiz Irratiko “Hemen gertatu zen” saioan kontatu duenez, agintariek manifestazioak debekatu arren, langileek gogor egin zuten tranbien aurka eta hainbat ibilgailu irauli zituzten. Manifestazioa Kale Nagusia, Portu kalea, Narrika eta Bulebarretik igaro zen. Kalean ezarritako Guardia Zibila eta Sizilia erregimentuko tropekin istiluak eta lasterraldiak egon ziren. Ondorioz, 28 pertsona atxilotu zituzten. Ondarretako espetxera eraman zituzten, eta epaitegitik pasatu ondoren aske utzi zituzten.
11 lagun zauritu ziren. Prentsak horien izen-abizenak, adina eta lanbideak argitaratu zituen. Adibidez, Julian Barroso, 42 urte; Martin Abad, 39; Pedro Gijalba, 18; Julio Perez, 40; Isaac Zapirain, 30; guztiak jornaleroak. Angel Perez, 40 urte, peoia; Nikanor Garcia, 14 urte, mekanikaria. Bi emakume ere ageri dira, baina horien lanbiderik ez dute aipatzen egunkariek. Eusebia Bello eta Juaquina Migelajauregi dira, 32 eta 53 urtekoak. Victor Velasco, 15 urtekoa, eta Lorenzo Arrieta, 27koa, ere azaltzen dira. Eskuan zauritu zituzten asko.
Espainiar Estatuko greba orokorraren testuinguruan egin zen Donostiakoa. Berrezarkuntzaren gobernuak gero eta arazo gehiago zituen egoera kontrolatzeko. 1916ko abenduaren 18 hura «hastapen bat» izan zen, historialariak aipatu duenez.
Mundua pil-pilean
XIX. mendearen bukaeran, foruak galdu ziren bigarren karlistaldian, eta hortik aurrera euskaldunak soldadutzara behartu zituzten, baita besteen gerretan borrokatzera ere. Besteak beste, 1898an Kuba eta Filipinetan AEBekin izandako gerrara. Espainiaren azken koloniak izan ziren.
Garai berean, Sabino Aranak ikurrina asmatu eta EAJ sortu zuen. Eta metro gutxi batzuk izan ziren, baina AEBetan lehen hegazkina hegaldatu zuten. 1905ean, Errusian iraultza bat egin zuten. Gurean, abertzaletasuna bakarra ez zela erakutsiz, 1909an Francisco Ulacia izeneko batek, Habanan sortua bera, Partido Nacionalista Liberal Vasco sortu zuen, abertzalea, laikoa eta errepublikanoa. Ordura arte inork formulatu ez zuen aukera, guztiz ezezaguna. 1911n Ulaciak izena aldatu zion alderdiari, eta Partido Republicano Nacionalista Vasco jarri. “Patria y Libertad” zuen leloa. Ez zuen ibilbide luzea izan, baina askok jotzen dute ANV alderdiaren aurrekaritzat.
Sasoi berean, Kopenhagen, Martxoaren 8a Emakume Langilearen Eguna izatea proposatu zuten, Mexikon zapatisten iraultza izan zuten eta Afrikan, Rifeko gerra. Euskaldun askok galdu zuen bizia espainiar gerra kolonial hartan. 1914 eta 1918 artean Lehen Mundu Gerra izan zen.
Einsteinek erlatibitatearen teoria formulatu zuen, Irlandan Pazkoko altxamendua gertatu zen, independentziaren borrokan. Argiaren etengailua asmatu zen eta Ekialde Hurbila Ingalaterra eta Frantziaren artean banatu zuten.
XX. mendearen hasieran hala zegoen mundua, labur esanda. Espainiar Estatuan agortuta zeuden alderdi kontserbadore eta liberalen arteko txandakatzeak. Gobernu luzeenak, Maurarenak, bi urte iraun zuen. Horrek adierazten du egoeraren ezegonkortasuna. Errepublikanismoa, oso zatitua egon arren, gero eta jende gehiagok sostengatzen zuen. Abertzaletasuna eta langile mugimenduak martxan ziren.
Baionako lehen greba jostunek egin zuten 1908an. Bi urte geroago tren langileen txanda izan zen eta 1911n, portuko zamaketariena. XIX. mendearen bukaeran lehen grebak egin zituzten Bizkaian, eta 1911n ELA sortu zen. 1916an trenbideetako lehen greba handia bultzatu zuen UGTk espainiar Estatu mailan, eta telegrafistena ere bai.
Lehen Mundu Gerrak asko eragin zuen Euskal Herrian, batez ere Iparraldean. Baina ez bertan bakarrik. Bizi baldintzak nabarmen okertu ziren. Langileak indartsu zeuden eta hordagoa jo zioten Madrili, Estatuan greba orokorra eginez 1916ko abenduaren 18an. Donostian, historiako lehen greba orokorra izan zen hura.
Hiria gelditzeko saiakera
Hiria gelditzeko saiakera indartsua egin zuten. Lehena izan zen, ez azkena. Erreferente gisa, 1902an sokamuturrarekin izandako istiluak izan zituzten. UGTk eta CNTko anarkistek bultzatu zituzten protestak, helburu sozial eta politikoekin.
Gobernuak manifestazioak debekatu zituen, Guardia Zibila eta Sizilia erregimentua kalean zeuden. Baina langileek normaltasuna apurtu zuten. Merkataritza oso garrantzitsua zen eta horretan eragin zuten, baita garraiobideetan ere. Eguerdian, Getaria kalean, tranbia pasatzekoa zen. Oraindik ez zen autobusik. Grebalari talde batek geldiarazi egin zuen tranbia. Kristal guztiak txikitu zituzten harrika, eta atoia irauli zuten. Beste tranbia batek aurrera ez jarraitzeko, mutiko bat errailetan jarri zen; amak ikusi eta semea altxatzen saiatzen ari zela Guardia Zibila ailegatu eta emakumea kolpekatu zuen. Odol asko isuri zuen. Tranbia bakoitzean pare bat soldadu jarri zituzten eta kolpeka sakabanatu zituzten grebalariak.
Hernani kalean beste tranbia bat irauli zuten beharginek. Konpainiako ingeniari batek hitzeman zien ez zirela tranbiak gehiago ibiliko eta kotxeretara eramango zituztela. Hori entzunda, irauli zuten langile berek berriz zutik jarri zuten tranbia. Printzipioak zituzten gutxienez.
Amara inguruan ere bi tranbia bota zituzten hankaz gora. Orduan Easo plazan bukatzen zen hiria. Manifestazioak debekatuta, ezkutaketan jolasten ibili ziren langileak poliziarekin, Josetxo Otegik esplikatu duenez. Bulebarrean aeroklub bat zegoen, eta manifestariek harrikatu egin zuten irekita zegoelako. Burgesak elkartzen ziren han, eta kristalak apurtu zituzten. Portu kalean, estanko batean sartu eta bi kristal hautsi zituzten denda itxi zuten arte. Beste talde batek Narrika kaleko okindegian kalte handiak eragin zituen, gozotegi batean ere bai.
Telefonoak moztu zituzten Gobernuaren aginduz, eta ez zen egunkaririk argitaratu egun horretan. Grebalariak kasinora, gaur egungo udaletxera joan, eta harrikatu egin zuten ateak itxi zituzten arte. Lorategien ertz metalikoak errotik atera, eta Maria Cristina hotelekoak mehatxatu zituzten itxi zezaten. Banco Guipuzcoanora grebalariak lasaitzera joan zen Guillermo Torrijos PSEko zinegotzia, baina ez zuen lortu, harrika hartu zutelako. Telefono zentrala harrikatu zuten, baita Amarako tren bat ere. Kargak izan ziren. «Grebetan ohi denez, norgehiagoka bat izan zen: langileak normaltasuna apurtzen saiatu ziren, eta estatuak bere morroiak bidali zituzten ordena publikoa mantentzeko».
Ikaragarrizko ezinegona
Siziliako erregimentua, Marokoko gerran aritu zena eta 1936an Errepublikaren aurka kalera aterako zena, Gipuzkoa plazan patruilatzen ibili zen. Gau aldera, Morlansen, gaurko udaltzainen tokian zegoen udal gas fabrika sabotatzen saiatu zen langile talde bat. PSEko bi zinegotzik saihestu zuten sabotajea areagotzea.
Lehen greba izateko, esanguratsua izan zen, historialariak baieztatu duenez. Izan ere, bizi baldintzekiko ikaragarrizko ezinegona sentitzen zuten langileek. Lehen Mundu Gerrak onura ekarri zuen jadanik onuradunak zirenentzat, baina garesti ordaindu zuten herri klaseek. Oraindik hiru urte falta ziren zortzi orduko lanaldia legeztatzeko, ez zegoen asegururik, alargunduz gero emakumeek ez zuten inongo babesik.
Langile mugimenduak ibilbide luzea zuen aurretik. Bere buruaren kontzientzia gero eta handiagoa izango zen. Ez dugu ahaztu behar handik urtebetera, 1917an, Errusiako iraultza gertatu zela, gero Sobietar Batasunaren sorrera ekarriko zuena. Orokorrean langile mugimendua indartsu sumatzen zen munduan eta Euskal Herrian ere hasiak ziren lehendabiziko borrokak.