Zuzenean

Ainara Rodriguez-Amaia Zurutuza
Elkarrizketa
Nekane Pamies
Bi nerabe ukrainar hartu ditu etxean

«Amak eskatu zigun Sasha eta Dima Ukrainatik Euskal Herrira ekartzeko»

Ukrainako gerra lehertu zenetik 5.000 pasa dira Euskal Herrira bizitzera etorri diren ukrainarrak. Horietako bat da Sasha Kovalevska. Nekane Pamies donostiarraren etxean bizi da Dima nebarekin batera.

Audio_placeholder

«Amak eskatu zigun Sasha eta Dima Ukrainatik Euskal Herrira ekartzeko»

Loading player...
Sasha Kovalevska eta Nekane Pamies.
Sasha Kovalevska eta Nekane Pamies. (Naiz Irratia)

Iazko apirilaren 20ean iritsi ziren Euskal Herrira Sasha eta Dima Kovalevska, orain 17 eta 15 urte dituzten nerabe ukrainarrak. Atzean utzi zuten euren hiria, Kiev ondoan dagoen Ivankiv, eta atzean utzi zituzten familia nahiz lagunak. Nekane Pamies donostiarraren etxean egona zen Sasha, Txernobil elkartearen bidez, duela 5 urte, eta Dima nebak lau urtez pasa zituen udak eta gabonak euren etxean, pandemia iritsi zen arte.

Gerra lehertu zenean bi nerabeen amak eskatu zion familia donostiar honi etxean har zitzatela, «momentuan ez duzu gehiegi pentsatzen baina argi genuen ekarri behar genituela, amak argi utzi zigun benetako beharra zegoela». Urte bete honen balantzea egin dute Pamiesek eta Sashak NAIZ Irratian.

Amak Poloniara eraman zituen seme-alabak, eta handik Euskal Herrira abiatu ziren.

«Hasiera batean haien amarekin komunikazio ona geneukan, baina hilabetez harremanik gabe egon ginen eta berreskuratzean eskatu zigun nahi zutela Dima eta Sasha gurekin egotea», azaldu du Pamiesek. Nerabeen amak kontatu zien haiek ez zutela bertatik ateratzerik baina seme-alabak Poloniara gerturatuko zituela. Etxean hitz egin ondoren baiezkoa eman zioten Dima eta Sasharen amari eta apirilaren 20ko gauean heldu ziren Donostiako beraien etxera, bi eguneko bidaiaren ondoren.

«Oso pozik nago, Donostia asko gustatzen zait», baieztatu du irribartsu Sashak, baina gaineratuz bere familia faltan botatzen duela. Nekane Pamiesek bi seme-alaba nerabe ditu, beraz, 6 pertsona dira guztira une honetan; «etxea hormonaz beteta dugu», dio umoretsu. Baiezkoa jaso, paper guztiak ondo prestatu eta Poloniara eraman zituen amak seme-alabak. Astebete eman zuten amarekin Kieven, alde egiteko presa bazuten ere, berebiziko garrantzia zeukalako adin txikikoek tramite denak behar bezala eginda izatea.

Poloniatik hartu zuten Euskal Herrirako bidea, Txernobil elkarteak antolatutako autobusean. Hemen laguntza jaso dutela baieztatu du Pamiesek, bai ekonomikoa Gipuzkoako Aldundiaren eskutik eta baita «emozionala eta psikologikoa» ere Lauka enpresaren eskutik, «edozein arazo izanda jakiteak norbait dugula lasaitasun handia ematen digu, lasai eta pozik gaude alde horretan».

Ukranian ama, aita, amona eta aitona utzi ditu Sashak. «Gurasoek orain lana egiten dute eta hobeto daude», badute argindarra eta lasaiago daudela azaldu du gazteak. Izan ere, hasieran kalte handiak jasan zituen bere herriak. Berak bezala, beste lagun batzuek ere alde egin zuten beste herrialde batzuetara eta nahi baino gutxiago hitz egiten du haiekin.

Ondo daramate elkarbizitza, «etxean ondo konpontzen gara eta gauzak erraz jarri dizkigute, oso ume onak dira». Baina aitortu du Dimak «okerrago» daramala, «tristeago dago, ama faltan botatzen du izugarri». Kulturalki ere oso desberdinak direla nabaritzen du Pamiesek, «hizkuntzarekin eragozpenak izaten dituzte». Euskal Herrian geratu nahi du Sashak, gerra bukatzean etxera itzuli eta senideekin ere egon nahiko luken arren, baina Dimak Ukrainara itzuli nahi du.

Aurrera doaz, edonola, eta bi gaztetxoak ikasketetan murgilduta daude. Sasha estetika ikastaro bat egiten ari da eta baita ingelesa eta gaztelania ikasten ere. Pozik ari da, baina Marketing eta Publizitate ikasketak egin nahi ditu lanean arlo horretan aritzeko. Dimak online jarraitzen ditu Ukrainako ikastetxeko eskolak Donostiako eskolatik, «aste batez Ukrainako klaseak izaten ditu eta beste aste batez hemengo eskolakoak, tarteka». Era honetan, etxean zuen sistema berean ikasten jarraitu dezake, itzultzen denean berriro egokitu behar ez izateko.

«Oraingoz gurekin egongo dira baina haiek ere badakite zaila dela lau nerabe etxean izatea»

Lagunekin pasa ohi dute denbora librea eta bereziki beraiek bezala Ukraina atzean utzi eta gurean dauden gaztetxoekin elkartzea dute gustuko, «talde bat egin dute, 13 dira, batzuk Sasha eta Dimaren herri berekoak, asko gustatzen zaie elkartzea, euren hizkuntzan hitz egitea, tarteka hango bazkariren bat prestatzen dugu». Bi gazteek egunero hitz egiten dute amarekin, eta gainontzeko senideekin ere sarritan izaten dute harremana, «teknologiak bere gauza onak ere baditu». Ukrainan jasotzen denaren inguruko informazioa ere jasotzen dute, eta oso pendiente egoten direla azaldu du Pamiesek.

Erakunde ofizialen laguntzaz gain, ingurukoen babesa ere nabaritu dute, «hasieran diru-laguntza ekonomikorik ez geneukanean haiek lagundu ziguten». Ikastolan ere, berdin, bertan bukatu zuen Sashak eta Dimak joan den ikasturtea, «online klaseak bazituzten ere iruditzen zitzaigun oso garrantzitsua zela haien adinekoekin egotea». Tramite ugari badira ere, bidea erraztu dietela onartu du Pamiesek.

«Oraingoz gurekin egongo dira baina haiek ere badakite zaila dela lau nerabe etxean izatea eta Sashak badauka independizatzeko gogoa ere», azaldu du Pamiesek. Egunetik egunera ari dira duela urte betetik, «ez dugu gehiegi pentsatzen». Bere seme-alabei gurasoak, gainontzeko senideak eta lagunak partekatzea tokatu zaie, «badute meritua haiek ere», nahiz eta laurak ondo konpontzen diren.

Irakasgai argi bat atera du Pamiesek egoera honetatik, «oso konziente gara ze zortea dugun hemen bizitzeagatik, dauzkagun gauza guztiengatik, garrantzitsuena lurralde baketsu batean bizitzea da».

Jaurlaritza Logoa