En directo

Alex Altuna

«Aplikatzen diren politikekin, geroz eta zailagoa da artzaintzan aritzea»

Badira hogeita bost urte Gomiztegiko artzain eskolak ateak ireki zituela. Bertatik ehunka ikasle igaro dira eta egun horietako askok, artzaintza ogibide gisa izaten jarraitzen dute. Ekaitza Irastorza, Hendaiako gaztea orain ari da artzain eskolak eskaintzen duen formakuntza saioan murgilduta.

Audio_placeholder

«Aplikatzen diren politikekin, geroz eta zailagoa da artzaintzan aritzea»

Loading player...
Ekaitza Irastorza artzain hendaiarra Gomiztegin
Ekaitza Irastorza artzain hendaiarra Gomiztegin (Naiz Irratia)

Ekaitza Irastorza hendaiarra da sortzez eta hiru urte ardiekin lanean ibili ondoren, Gomiztegiko artzain eskolak eskaintzen duen artzaintzarako formakuntzan izena ematea erabaki du. Aspalditik du eskolaren berri, baina orain arte ez du formakuntza jasotzeko beharrik  izan. 

Ikastaro honetan, gauzak nola egiten diren baino «zergatik edo zertarako» egin behar diren ikasten ari dela adierazi du Irastorzak. Gaineratu du, formakuntza honetan teoria eta praktika erabat uztartzen direla. Horretaz gain, eskolak maila pertsonalean ere «ekarpen handia» egin diola azaldu du. Izan ere, geroz eta gutxiago dira mundu honetan jardun nahi duten pertsonak eta eskolak aukera eskaintzen du abeltzaintzan eta nekazaritzan aritzen diren pertsonak ezagutzeko; baita esperientzia ezberdinak partekatzeko ere.  

Bestalde, azpimarratu du politikaren esku-hartzeak garrantzi handia duela artzaintzaren ogibidearen etorkizunean. «Trukerako txanpon gisa» sentitzen direla dio. Ekaitza Irastorzak nabarmendu du erakunde zein instituzioek ez dutela nahi artzaintzaren ogibidea desagertzea, Tolosako babarrunak edo Idiazabal gazta bezalako izendapenak mantentzea interesatzen zaielako. Alabaina, hauek ezer gutxi egiten dute artzaintzaren ogibidea indartu dadin eta «trabak» besterik ez dizkiete jartzen Irastorzaren hitzetan. 

Amaitzeko, etorkizunera begira egoera honen aurrean konponbidea hiritarren eta abeltzainen arteko kohesioan egon daitekela babestu du. Halaber, uste du turismoa arazo handia izan daitekeela etorkizuneko artzainentzat gaur egun egiten ari diren politikak aldatzen ez badira.

Jaurlaritza Logoa