En directo
«Hiru astez jokatuko dugun Winter Series honek hurrengo urtean gehiago irautea nahiko genuke»
Eneritz Lizardi (Mutriku, 2004) Women Winter Series txapelketa jokatuko duten zortzi puntistetako bat da. Munduko txapelketa irabazi zuen urrian, Ortiz de Mendibilekin batera. Zirkuitoko eskarmenturik handienetakoa duen pilotaria da eta «plaza andrea» dela ziurtatu du 'Kirolari Gaittun' podcastean.
«Hiru astez jokatuko dugun Winter Series honek hurrengo urtean gehiago irautea nahiko genuke»
Astelehen honetan hasi da Women Winter Series txapelketa aitzindaria, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Hurrengo astelehenean jokatuko da bigarren partida eta martxoaren 13an lehiatuko da final handia. Eneritz Lizardi da zortzi puntistetako bat eta hurrengo astean jokatuko du, Helena Barrenetxearekin bikotea osatuz. Eskarmentu handidun pilotaria da mutrikuarra, nahiz eta 18 urte besterik ez duen. Biarritzen jokatutako Munduko txapelketa irabazi zuen, Maite Ortiz de Mendibilekin bikotea osatuz; 23 urtez azpikoa irabazi eta bi urtera.
«Kirolaria, gaztea eta ikaslea... Ez dakit zein ordenatan, bizitzak buelta asko ematen ditu eta aurten erabat aldatu zait. Kirolari bai sentitzen naiz, azkenean nire bizitzako zati garrantzitsua delako. Bizitza osoa eskaini diot kirolari eta meritu hori bai jartzen diot nire buruari. Gero jada ze etorriko den eta abar, beste kontu bat da». Modu honetan deskribatzen da Lizard. Argitasuna erakutsi du 'Kirolari Gaittun' podcasteko elkarrizketa honetan. Bere hastapenak gogoratu ditu, zesta-puntaren oraingo egoera baloratu du eta borrokan jarraitzea ezinbestekoa dela iruditzen zaio.
Munduko txapelketa irabazi zenuen urri bukaeran, Maite Ortiz de Mendibilekin batera. Hilabete batzuk pasa dira, barnerratu al duzu lortutakoa?
Bai. Bi urte potente izan dira, egia esan. Munduko txapelketa bat denean eta horrelako kirol batean, ez denean hain ezaguna, inoiz ez dugu pentsatzen Munduko txapelketa horrek nolako handitasuna daukan. Aurten barneratzen joan da, bigarren aldiz lehiatu garelako eta badirudi errealitate bihurtu dela. Gehiago zabaldu da eta gehiago entzun da. Gutxika-gutxika barneratu dugula iruditzen zait, bai nik eta baita inguruko jendeak ere.
Hau da, daukan prestigioa eman diozue?
Duela gutxiko kontua da. Guk bi aukera soilik izan dugu horrelako txapelketa bat jokatzeko eta bietan irabaztea egokitu izan zait. Egia da, zorte kontu bat ere badago horrelakoetan. Lehen existitzen ez zen gauza batentzat inpakto handia daukan gauza bat da eta ez da erraz barneratzen den gauza bat. Orduan, ikusita bigarren urtez jarraian egin dela ikusita, herrian ere garrantzi handia eman zaio, eta sareetan eta abar asko jarraitu den txapelketa bat izan da.
Herrian ere harrera egin zitzaizun.
Herrian beti eduki izan ditugu harrera onak, kirolari guztiok, ezin gara kexatu alde horretatik. Garaikur bat irabazi dugun aldiro beti egin izan zaigu harrera edo oroigarriren bat eta, oso pozik.
Aipatu duzu irabaztea egoki izan zaizula bi finaletan. Zorte hori landu egiten da edo zerutik jausten da?
Ez, zerutik ez da jausten. Finalera iristea ez da zorte kontua baina finalean bertan edozer gerta daiteke. Zesta-puntan egunak daude eta egun ona edo txarra izan dezakezu, jakin egin behar da finaletan egoten. Azkenean, eragina dauka nola zauden; gaizki hasten bazara, buruak zenbat buelta ematen dituen, arerioak nola dauden, giroa... Eragina dauka. Nik uste dut zorte apur bat izan dugula baina finalean jokatzen jakin egin behar da.
«Niri beti esan izan didate plaza andrea naizela, txikitatik, eta nik uste dut baliagarri izan zaidan gauza bat dela, batez ere finaletan»
Urduri jartzen zaren horietakoa zara?
Ez (barrezka). Niri beti esan izan didate plaza andrea naizela, txikitatik, eta nik uste dut baliagarri izan zaidan gauza bat dela, batez ere finaletan. Nik ikusi izan ditut nire arerioak oso urduri, oso gaizki partida aurretik. Ni egon izan naiz beraiei baretzen nahiz eta nire aurka aritu behar ziren. Niretzat hori alde izan dudan puntu bat izan da eta bizitzan asko balio izan dit.
Eta zergatik aukeratu zenuen zesta-punta? Hobeto moldatzen zinelako?
Zesta-punta taldeko kirol bat izan arren, zure buruaren menpe zaude. Ni hasi nintzen 9 urterekin nire anaiak jokatzen zuelako eta gerora, beti gustatu izan zaidan kirol bat izan da. Futbola ikusi nuen ez zela nirea, gero taldeko beste kirol bat hartu nuen, arrauna, kuadrilarekin osatutako talde bat. Bi kirol oso ezberdinak dira; baten, kolektiboan lehiatzen duzu eta bestean, bakarrik. Bikotean jokatu arren, entrenatzera bakarrik joan zaitezke. Aspektu ezberdinak landu ahal diren bi kirol izan dira.
Duela 9 urte hasi zinen zesta-puntan. Nola gogoratzen dituzu hastapenak?
Bai, hasi nintzen ni eta handik gutxira kuadrilako beste bat apuntatu zen, Jane [Arreitunandia]. Oso oroitzapen politak ditut. Gu beti izan gara saltsera batzuk eta giro ona geneukan. Ondo hartu gintuzten baina arraroa ere izan zen. Biok futbolean ere bagabiltzan. Gero azkenean nik jarraitu nuen. Berriatuara joaten nintzen, astean bi entrenamendu egiten nituen Mutrikun eta bat Berriatuan, neskekin entrenatzearren.
Inguruko herrietan nesken kopurua hazi egin da?
Bai, nik esango nuke baietz. Mutrikun gutxien. Aurreko larunbatean Berriatuara joan nintzen partida bat jokatzera eta nire aurretik 8 urteko lau neska zeuden jokatzen, eta gero jende gehiago. Eta bertako entrenatzaileak esan zidan gero eta gehiago dabiltzala. Pozgarria da ikustea jendea badatorrela. Gu azkenean betikoak betikoen aurka jokatzen gaude baina gure atzetik jendea badatorrela ikusten badugu, pozgarria da.
Izaro Arbe erreferentetzat daukazu. Bera eta Xistera ezagutzeak bultzatu zizun zesta-puntan ibilbide bat egin zezakezula.
Bai, azkenean, ni orain seniorra naiz eta mutilen aurka jokatzea oso zail daukadala dakit. Bai igartzen da diferentzia. Beti mutilen aurka ibiltzean, ikusten duzu ez dela berdina, eta ikustea zure inguruan badaudela beste neska batzuk, zu bezala beste klub batzuetan borrokatzen ari direla, ez zara bakarrik sentitzen. Une horretan, Janek utzi zuenean eta ni bakarrik geratu nintzenean, Izaro izan zen gure erreferentea. Berak mugitu zuen apur bat. Neska asko batu ginen eta ikusi genuen ez geundela bakarrik eta gauza politak egin ahal zirela.
Xistera proiektuarekin sare moduko bat osatu zen puntisten artean.
Bai, Xistera izan zen lehen aldia klub ezberdinetako neskak elkartu ginena. Beti egiten ziren topaketa txikiak, partidak... Baina bat-batean Xistera sortu zen eta bere bigarren urtean esan ziguten txapelketa bat nahi zela egin; sekulako topaketa izan zen. Ia 30 neska batu ginen. Denok ezagutzeko balio izan zuen eta ikusteko leku ezberdinetan zein jende zegoen. Lehendabiziko aldia izan zen nesken txapelketa garrantzitsu bat antolatu zena.
Urte askoan ez da egon txapelketarik, horrek jarraitzea ere eragozten du.
Zure aukera bakarra mutilen aurka jokatzea zen. Nik ondo pasatzen nuen mutilen aurka jokatzen baina beti igartzen duzu zu bezalako besterik ez dagoela. Behin, lehendabiziko aldiz antolatu zenean, uste duzu hau ez dela geldituko hemen gauden bitartean. Gero txapelketa ezberdinak hasi ziren sortzen eta orain jarraipen bat ematen ari zaio. Orain nik nesken aurka jokatzen dut soilik eta ez nago geldirik.
Hau lortu duzue baina lanean jarraitu behar duzue aukera hau ez desagertzeko.
Bai, hori da. Ez gara lehen aldiarekin soilik geratu behar. Orain Winter Series jokatuko dugu baita ere eta lehendabiziko aldia izango da. Pozik gaude eman diguten aukerarekin baina guk nahi duguna da aurten hiru astelehenez jokatuko duguna, harrera ona baldin badauka, datorren urtean bi hilabetez izatea. Orain momentuan hamar puntista baldin bagaude, askoz jota, hemendik bi urtera izatea 20 eta txapelketa luzeago bat egitea. Munduko txapelketekin berdina. Lau urte barru izango da hurrengoa baina, 4 urte barru ez baldin badago neskarik, ez da egongo.
Eta horretarako non egin behar da lana?
Behetik hasi behar da, eta ez da batere erraza. Zuk ez badaukazu erreferenteren bat edo ez baduzu inor ikusten, ez zara animatuko.
«Eta zestak hori behar du orain, jarraipen bat eta etorkizun bat egotea»
Laguntzen du gizonezkoetan ere zesta-puntari ematen ari zaion oihartzuna?
Bai. Orain zesta-punta sekulako momentua dago bizitzen eta hau aprobetxatu egin behar da. Orain guri aukera eman digute eta aprobetxatu egin behar da. Leku askotan entzuten ari den kontu bat da, Gernikari eman zaion oihartzun dena ematen baldin bazaio orain Durangori, gehiago ikusiko da eta jendea zesta-puntara erakartzeko aukera izan daiteke. Etxe edo ume gehiagotara iritsiko den kontu bat izango da. Eta zestak hori behar du orain, jarraipen bat eta etorkizun bat egotea.
Orain Durangon jokatuko duzue, eraberritxuta dagoen Ezkurdi frontoian. Telebistak ere emango du, diferituan. Presio hori sentitzen al duzue? Telebistan agertuko zarete eta ondo egin beharraren presio hori?
Bizpahiru aldiz agertu gara telebistan eta, lau neskok batuta, aipatu izan dut berdin duela nork irabazten duen, partida on bat atera behar zaigula. Zergatik? Partida eskasa izaten bada eta jendeari ez bazaio gustatzen, hurrengo ez delako egongo.
Latza da aipatzen duzuna.
Guk hori pentsatzen dugu, gero agian ez da horrela eta seguru bultzada handia emango digutela. Baina ikusten duzu mutilek nolako partidak jokatzen dituzten, zenbat jende hurbiltzen den Gernikako Jai Alaira astelehenero... «Gu joaten bagara zer pasatuko da?», galdetzen diozu zeure buruari. Guk nahi dugu jendea etortzea hurrengo urtean ere errepikatu ahal izateko; jenderik ez badago, ez badauka arrakastarik hurrengo urtean ez da egingo.
Orain, gainera, gizonezkoetan Jai Alai League atera da. Txapelketa ezberdinak batu dituzte eta udaran jarraipen bat emango zaio. Mutilak ere saiatzen dabiltza. Behin Danian amaitu zenean, beraiek ere zesta puntaren ren eraberritze bat nahi dute, eta han amaitu zenez hemen eman behar zaio jarraipena. Momentuz, bide onetik doaz. Guk nahi duguna da bide horretan gu ere sartzea. Gutxika-gutxika bagoaz aurrera, Winter Series bat antolatu dute eta ikusiko dugu ea zer dakarren. Aukera hauek aprobetxatu egin behar dira.
«Gizonezkoetan Jai Alai League atera da. Txapelketa ezberdinak batu dituzte eta udaran jarraipen bat emango zaio. Mutilak ere saiatzen dabiltza. Guk nahi duguna da bide horretan gu ere sartzea»
18 urte dituzu, profesional izateko aukera hori baztertuta daukazu?
Bai, nik uste dut baietz. Ez zesta-puntan profesional izateko aukera ez delako egongo, nik esperantzak ditut egongo dela, baina noiz? Nik uste dut niri ez zaidalako egokituko. Baina ni saiatuko naiz lana egiten beste batzuk aukera hori eduki dezaten. Orain ni naiz zaharrena eta niri egokitzen zait borrokatzea beste batzuk eduki dezaten.
Belaunaldi berrienganako transmisio hori oso barneratuta daukazu. Arraunean entrenatzaile, zesta-puntan ere balore horiek transmititzeko prest...
Ikusten duzu eguneroko errealitatea emakumeen kirola aurrera doala. Duela 10 urte pentsaezinak ziren gauza batzuk orain errealitate bihurtu dira. Herrian ez dauka inpaktu handirik aipatu bi kirol hauek eta uste dut lana dagoela egiteko, ahal dela aurrera atera. Ahal den bitartean, uste dut lan egin behar dela.
Eta gurasoek, zer esaten dizute?
Nire txofer pertsonalak dira. Beraiek gabe, ezingo nuke ezer egin. Oraindik ez daukat gida-baimenik, prozesuan nago. Beraiek beti esan izan didate ahal dundan denera iristeko, inoiz ez didate mugarik jarri. Beraiek izan dira denera bultzatu nauten pertsonak, leku guztietara eraman nautenak eta denean lagundu didatenak. Eurak gabe ez nintzateke hemen egongo.
Munduko txapelduna aipatu dugu, baina horrez gain Mutrikun kirolari onenaren oroigarria bi aldiz jaso duzun bakarra zara.
Bai, bi aldiz jarraian eman zidaten. Lehen aldiz saritu zidaten Europako txapelketa irabazi nuelako eta gero, nola 23 urtez azpiko Munduko txapeldun izan nintzen, bada, bi aldiz eman didate. Lehendabiziko aldiz eman zidatenean, oso eskertuta geratu nintzen eta bigarrengoan, arraroa egin zitzaidan. Ez nuen espero. Gure herrian kirol asko egiten da, kirolari asko daude... Ohore handia izan zen herriak horrela erantzutea nik lortutako garaipenei.
«Inguruan jende ona baldin badaukazu eta baldin badakizu zer nahi duzun, ez du merezi kolpe batengatik dena alde batera uztea»
Mutrikun orain badabil neskarik zesta puntan?
Bai, ni baino lau urte gazteagoak diren bi daude eta txikiagoak hasi dira beste bizpahiru.
Horien eredu sentitzen zara?
Nik askotan beraien atzetik entrenatzen dut eta beti saiatu izan naiz harreman on bat edukitzen. Ikusten dute hor nabilela eta beraiek ere iritsi daitezkeela ikusten dute. Ez dakit erreferente edo, baina harreman ona daukat beraiekin ikus dezaten giro ona dagoela, ondo pasatu daitekeela, eta gustatzen zaizun bitartean aukera badagoela.
Ze, gustatu egin behar zaizu, hori da garrantzitsuena, ezta?
Bai, gustatzen bazaizu etorriko da etorri behar dena. Kolpe asko ere hartuko dituzu.
Zuk hartu duzu kolperik?
Bai, asko. Denetatik ikasi behar da. Inguruan jende ona baldin badaukazu eta baldin badakizu zer nahi duzun, ez du merezi kolpe batengatik dena alde batera uztea. Inguratzen zaituen jendea ona baldin bada eta balioan jartzen badute egiten duzuna, beti saiatuko zara dena ematen eta saiakerarekin nahikoa da, gero etorriko da etorri behar dena, eta etorriko den guztia merezita izango duzu.