En directo

Oinatz Aizpuru
Entrevista
Mikel Sagarzazu
Asperger sindromeduna

«Autismoa baduzu ez kezkatu, bide bat aurkitu dezakezu»

Mikel Sagarzazuri 11 urterekin diagnostikatu zioten Asperger sindromea. «Autismoaren aldaera bat da, koefiziente altua dugun pertsonak izaten gara baina trebetasun sozialak murriztuta dauzkagunak», dio, Aspergerraren Nazioarteko Egunaren atarian.

Audio_placeholder

«Autismoa baduzu ez kezkatu, bide bat aurkitu dezakezu»

Loading player...
Mikel Sagarzazu
Mikel Sagarzazu (Mikel Sagarzazu)

Aspergerraren Nazioarteko Egunaren atarian, bere testigantza eman du Mikel Sagarzazuk NAIZ Irratian. Autismoaren aldaera bat da Aspergerra. Sindrome hori duten lagunek koefiziente altua baina trebetasun sozial mugatuak izaten dituzte. 11 urterekin jaso zuen diagnostikoa Sagarzazuk, eta oso argi du: «Pertsonaren bat ezagutzen baduzu autismoa daukana edo horrelako kasu bat bazara, ez kezkatu, laguntza, bide bat aurkitu dezakezu adierazteko, eta bide horrek ongi sentiarazten bazaitu, segi ezazu. Hori da esan dezakedan gauzarik onena».

Azaldu duenez, jendeak pentsatzen du autismoa burbuila bat dela, baina espektro autista deitzen zaio honen barruan eta Aspergerrean ere ezaugarri ezberdinak daudelako. «Hipersentsibilitateak izaten dira, askotan sormenari lotuak, baina nik ez daukat sormenaren hipersentsibilitate hori baizik eta usainarena».

Horretaz gain, trebetasun oso espezifikoak izan ditzakete, zaletasun edo interesekin lotuak. «Itxia eman dezake gai batekin halako fijazioa izateak eta gero edozein egoera sozialetan hain traketsak izateak», adierazi du.

Pertsona bati begietara begiratzea asko kostatzen zaiola aitortu du. «Jarrera sozial egokiak izan daitezkeenak guretzat ez dira existitzen».

Diagnostikoa eta lanketa

Jakina, beti landu daiteke. «Praktikarekin posible da modu desberdin batean konexio bat egitea. «Gure burmuinak konexio edo egitura atipiko bat dauka, ohikotik ezberdina».

Diagnostikatu egiten da Aspergerra. Mikel Sagarzazuri «berandutxo» aurkitu zioten, 11 urterekin. «Gaur egun askoz azkarrago eta zehatzago egiten dira diagnostikoak». Gurasoek bazuten kezka txikitatik, eta denborarekin, psikiatrekin kontsultatuta, ikusi zuten hori zela. Orduan, berezitasunari aurre egiteko moduak aurkitzen saiatu ziren.

Diagnostikoak balio izan zion. «Hasieran ez, gogorra egiten delako. Gero konturatzen zara gauza batzuetan kosta egiten zaizula eta zure bidea aurkitu behar duzula, irtenbidea. Konpondu, sendatu egin behar dela esaten du askok; nik nahiago dut irtenbidea esan. Horrekin bizitzeko modua aurkitu behar duzu, egokitu».

Nerabezarora sartzeko puntuan zela jakin zuen Asperger sindromea zuela eta asko lagundu zion senideak ondoan izateak. «Hasieran itxia iruditzen da autismoa, baina denborarekin ulertu egiten da eta zenbat eta gehiago ulertu orduan eta hobeto eramaten da bizimodua. Familia, lagunak, loturak izateak aurrera egiten laguntzen du», baieztatu du.

Antzerkian eta bikoizketan

Antzerkian eta bikoizketan aritzeak ere mesede handia egin dio Sagarzazuri. «Lanbide Heziketa egin bitartean antzerkia ikasten hasi nintzen. Txikitan istorioak gustatzen zitzaizkidan. Antzerkia biziraupen mekanismoak suspertzeko modu bat izan zen, terapeutikoa, harremanen mekanismoak hobeto ulertzeko lagungarria».

Bestalde, Aspergerra duten pertsonen beste ezaugarri bat da ezin komunikatua. «Hitz egiten dugu, bai, baina tonu monotono, robotiko batean, eta bikoizketak lagundu zidan ahots askoz naturalagoarekin hitz egiten».

Jaurlaritza Logoa