En directo
‘Moilak. Tradizioz berritzaileak’ erakusketa zabaldu berri du Euskal Itsas Museoak. Erakusketak azken bi mendeetan euskal portuek izan duten eginkizun garrantzitsua biltzen du. Alde batetik, etengabeko berrikuntza ekonomiko, sozial eta teknologikorako guneak izan dira eta bestetik, Euskal Herriaren bilakaera historikoan eragin zuzena izan dute.
Xabier Alberdi, Euskal Itsas Museoko zuzendariak kontatu dizkigu Bigarren Kafean erakusketaren eta portuek Euskal Herrian izan duten garrantziaren ingurukoak. «Moilak dira migrazio politikak praktikan jartzen diren guneak. Ateak itxi edo ireki egin daitezke, produktu batzuk debekatu egin daitezke eta beste batzuei sartzeko aukera eman».
Portuak harreman bide ere izan direla gaineratu du Alberdik. «Herrialde, botere, kultura ezberdinen harremanak portuen bidez garatu izan dira. Merkantziak eta pertsonak mugitu izan dira eta pertsonen mugimendu horrek kulturak nahastea ere ekarri du».
Arrantza portuak iraganeko zerbait bezala ikusi izan dira historikoki. Tradizioa iraganarekin eta aintzinako kontuekin lotu izan da eta askotan portuak ere horra lotu dira. «Kanpora irten ahal izateko berrikuntzak egin behar izan ditugu. Ontziak eraiki, teknologia garatu…Gure historian berrikuntzak egin beharra etengabeko zerbait izan da» Alberdiren hitzetan.
Erakusketa Euskal Itsas Museoan izango da ikusgai eta bisita arruntak egiteko aukeraz gain, hilabete bakoitzeko azken asteazkenetan solasaldi ezberdinak antolatuko dituzte erakusketak jorrazten duen gaia ikuspuntu ezberdinetatik aztertu eta landu ahal izateko.
Entzun Xabier Alberdirekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.