En directo

Naiz Irratia

«Chernobil elkarteko harrera familiak ahalegin izugarria egiten ari dira»

Ukraniako gerra lehertu zenetik «400 pertsona inguru» ekarri ditu Chernobil elkarteak Euskal Herrira. Errefuxiatu gisa etorri dira, kasu batzuetan familiak, besteetan soilik haurrak, aurrez harrera egin izan dieten familietara. Lide Alvarezek eman dizkigu xehetasunak.

Audio_placeholder

«Chernobil elkarteko harrera familiak ahalegin izugarria egiten ari dira»

Loading player...
Txernobileko hainbat haur etorri dira Euskal Herrira negua pasatzera.
Txernobileko hainbat haur etorri dira Euskal Herrira negua pasatzera. (Chernobil elkartea)

25 urte daramatza Chernobil elkarteak Ukraina iparraldeko eskualdeko haurrak Euskal Herrira ekartzen, «haien osasuna hobetzeko». Udararo dozenaka haur ukraniarrek bi hilabeteko egonaldia egin izan dute harrera familia batean. Lide Alvarezen etxera 7 urterekin iritsi zen Katya eta ordutik urtero etorri da.

2022a «oso urte tristea» izan dela nabarmendu du: «Txernobil Bielorrusiatik oso gertu dago, hasieran egoera oso latza izan zen Errusiako armada bertatik sartu zelako, gure haurren herrixkak hartu zituzten». Dio zonaldeko azpiegiturak suntsitu zituztela eta egoera «oso larria» izan zela, apiriletik aurrera lasaitu zela giroa Txenobilen baina oraindik ere egoera «oso latza» dela, besteak beste, argindar mozketak dituztelako eta gizonezko asko gerran daudelako.

Gerra lehertu zenean etxean hartu ohi dituzten haurrek Ukrainatik ateratzeko aukera izatea nahi zuten eta lanean hasi ziren. Gatazkan dauden herrialdeetako errefuxiatuei laguntzen dien Galdakaoko elkarte bat bidelagun, Txernobileko hainbat haur eta euren familiak Euskal Herrira ekartzea lortu zuten, «400 pertsona inguru». Haur batzuk senideekin etorri dira, ama nahiz izebekin, «gizonek ezin dute herrialdetik atera», eta beste batzuk bakarrik etorri dira, «beraien harrera familiengana».

Udan ez ezik, gabonetan ere etorri ohi dira Ukrainako haurrak, «gurekin jaietaz disfrutatzera». Aurten «ospatzeko asko» ez duten arren sei asterako etorri dira hainbat, tartean, Katya. Alvarezek azaldu du familia batzuei oso gogorra egiten zaiela haurrak errefuxiatu gisa bidaltzea, epe muga jakinik gabe gainera eta beste batzuek «nerabea behar dute etxean laguntzeko». Iraunkorki ez bada ere, beraz, sei astez behintzat hainbat haurrek atzean utzi dute gerra giroa eta gudarik gabe ere gogorra izan ohi den negu ukrainarra.

Instituzioen aldetik laguntzak jaso dituzten galdetuta, «bai eta ez», dio, ezberdina dela egoera herrialdez herrialde. Laguntzak eman daitezela eskatu du «familiak ahalegin izugarria» egiten ari direlako eta haurrek behar materialak ez ezik, psikologikoak ere badituztelako.

Jaurlaritza Logoa