En directo

NAIZ irratia

Guda Dantza, Virenque, Eider eta Pleura ‘Beste Bat’ saioetan

2023ko 'Beste Bat' saioak estreinatzeko boskotea prest dugu. Ostiralero saioa egiten duen Ihana Iriondori, Guda Dantza, Virenque, Eider eta Pleura taldeak gehituko zaizkio.

Urtarrileko 'Beste Bat' saioetako musika taldeak
Urtarrileko 'Beste Bat' saioetako musika taldeak (NAIZ irratia)

Urtarrilean, Guda Dantza, Virenque, Eider eta Pleura taldeek egingo dituzte ‘Beste Bat’ saioak. Laukoteari Ihana Iriondo saioko egoiliarra gehituko zaio. Gaueko 23:00etan hasi eta astelehenetik ostiralera musika banda eta sortzaile hauen musikari kuttunak eta erreferente musikalak ezagutuko ditugu ‘Beste Bat’ saioetan.

Uribe Kostako taldea da Guda Dantza taldea eta haien laugarren lana kaleratu dute ‘Esan Gabekoak’ (Baga Biga, 2022). Ska, Reggae, Rock, Cuás-Funk doinu dantzagarriak lantzen dituzte, horren adibide, Lide Hernandok kolaboratzen duen ‘Zazpi Bala’ kantua. Urtarrileko astelehenetan arituko dira Guda Dantzakoak. Lehendabizikoa podcast plataformetan entzungai duzue jada, 2022an ezagututako abestirik gogokoenekin egin dute zerrenda.

Astearteetan Virenque talde irundarrak hartuko du lekukoa. Izkander Fernandez kolaboratzaileari esker jakin dugu talde honen berri. Lan bakarra dute, ‘Austral’, 6 kantuz osatutako disko laburra.  Emoa, post-rocka, rocka eta Foo Fighters, Berri Txarrak edota Catorce bezalako taldeen korrontea jarraitzen dute.  Talde gitarreroa, indartsua eta melodikoa.

Urtarrileko asteazkenetan, Eider. Nøgen taldea agurtu eta bakarkako proiektuari heldu dio orain Eider Saez lazkaotarrak.  ‘Elkarrekin gaudenean’ singlea argitaratu zuen azaroan. Pop-rock estiloko abestiarekin martxan jarri du abeslariak bere etapa berria eta sare sozialetan aurreratu du proiektu ugari dituela 2023rako, alegia, gauzatxoak datozela.

Ostegunetan Pleura taldea arituko da 'Beste Bat' saioa egiten. Irati Gutierrezek (Olaia Inziarte aritu zen hastapenetan), Ion Mayordomok, Julen Zeballosek eta Unai Urrozek osatzen dute taldea. Talde nafarrak 2020ean kaleratu zuen diskoa, 'Bakarrilketa', eta 2021ean ‘Aniztasunez sortzen’ kantua kaleratu zuten. Rocka egiten du Pleurak, gitarraren eta ahotsaren arteko etengabeko elkarrizketen bila, beti oinarri gogor eta zuzenarekin.

Ihana Iriondok emango dio bukaera asteari. Gasteizko musikaria 'Beste Bat' saioetako egoliarra da. Hemen entzun dezakezue bere azken saioa.

Jaurlaritza Logoa