Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Eider Saez Izquierdo
Musikagile eta abeslaria

«Bakarrik disko bat ateratzea bada ahultasuna erakusteko modu bat»

Ibilbide luzea du abesten hasi zenetik Eider Saez Izquierdo (Lazkao, 1998) abeslari eta musikagileak. Lazkaoko abesbatzan hasi, telebistako hainbat lehiaketatan parte hartu eta 2018tik 2021era Nøgen taldeko abeslari izan zen. Bakarkako bideari heldu dio eta ‘Loratzen’ diskoa aurkeztu digu.

Audio_placeholder

«Bakarrik disko bat ateratzea bada ahultasuna erakusteko modu bat»

Loading player...
Bestelako hainbat proiektutan ibili ostean, ‘Loratzen’ diskoarekin estreinatu da bakarka Eider Saez.
Bestelako hainbat proiektutan ibili ostean, ‘Loratzen’ diskoarekin estreinatu da bakarka Eider Saez. (Oier REY DELIKA)

Zer moduz zaude?

Urduritasun etapa bat pasatu nuen lehen singlea atera nuenean, baina orain pozik eta gozatzen ari naiz.

Denbora pixka bat badaramazu, ordea, dena egosten.

Aurreko urteko udaberrian joan nintzen Madrilera, ekoizlearekin elkartzera eta kantuak erakutsi eta prestatzen hastera.

Hori estudioan. Aurretik ere lanean arituko zinen, ezta?

Nøgen 2021eko udazkenean utzi nuen eta denbora bat hartu nuen arnasa hartzeko. Lagun artean lokal txiki batean elkartzen hasi ginen, coverrak egiteko eta abar, baina gero  nire musika sortzen hasi nintzen. Prozesu honetan Jon Anza izan dut bidelagun, gitarra-jotzailea bera. Eta nire kantuak erakusten hasi nintzen eta isilean eta presiorik gabe hasi ginen dena lantzen. Madrilera joan ginen gero, zalapartarik sortu gabe, eta ondoren atera dira kantuak.

Abestiak, hortaz, aspaldi sortutakoak dira?

Badut halako karpeta bat ideiez betea, Nøgenen tokirik  ez zuten abestiekin. Baina hau guztia zerotik hasi da.

Jon Anza aipatu duzu. Baina kontatu egiguzu norekin elkartu zaren hau guztia egiteko.

Jon eta biok musika eskolan elkarrekin ibiltzen ginen, eta musika talde bat ere izan genuen garaian; konfiantzazko pertsona da musika kontuetarako. Ekoizle bezala Alejandro ‘‘Jimbo’’ Paez aritu da, Tremenda Jauriako baxu-jotzailea dena, eta Eduardo Figueroaren estudioan jardun dugu, eta hark ekoizle rola ere hartu du. Alex, Diego, Jairo… eta beste zenbait musikari hango langileak dira eta haiekin lan egin dugu. Ikasketa prozesua izan da, sorkuntza prozesua. Zeinen lasai bizi duten ikustearekin gozatu egin dut, eta oso aberasgarria izan da.

Sei kantu kaleratu dituzu. Bidean geratu dira gehiago?

Asko. Ideia finko gabe hasi ginen kantuak idazten, eta ahalik gehien sortzen ibili gara. Berrogeitik gora ideia sendo genituen, asko garatuta, baina guztiz ziur nituen abestiak kaleratu ditugu. Pentsa, diskoa ixten duen abestia ere azken unean sartu genuen.

Estilo aldetik eklektiko samarra da. ‘Elkarrekin gaudenean’ etorri zenean, Avril Lavigne etorri zitzaidan burura, esaterako. Madril aldean asko mugitzen dabilen zerbait da estilo hori?

Bai, esan daiteke baietz. Nik argi neukan 2000etako pop-rock hori jorratu nahi nuela hemen, distortsio hori nahi nuela. Grabatzerakoan fuerte jotzen zebilen musika estilo hori, baina uste dut olatu hori bera pasatzen ari dela gaur egun; hortaz, ez da modako zerbait egitera joan eta sortu, baizik eta buruan ideia hori nuelako. 

Baina elektronika ere badu kantuak.

Erronka bezala, organikoa eta elektronikoa nahastea zen asmoa. Nik ez dakit askorik ekoizteaz, eta saiakerak egin genituen Jonek eta biok, baina Jimbori ideia horiek eman eta ganorazko gauzak sortu dira. Hortaz, organikoa eta elektronikoa nahastu dira.

Erlazio polit baten inguruan ari zara abestian.

Maitasunaren bidea kontatzen ari naiz, hasieratik bukaerara. Maitasuna gauza sinpleetan dagoela jabetzen garen unea da kantuaren bukaeran aipatzen dudana.

Ireki, ordea, ‘Volver a empezar’ kantuak abiatzen du diskoa. Maitasun istorio bat dirudi, minetik idatzita dagoela dirudi, baina zure musika ibilbideaz ari zara, ezta?

Diskoa abiatzen zuen abestia izatea nahi nuen horregatik hain justu. Errepikan ahultasuna albo batera uzten dugula diot. Urte askotan ahultasuna sentitu dut, eta bakarrik disko bat ateratzea bada ahultasun hori erakusteko modu bat ere. Baina bizitza bakarra da eta aurrera egin behar da, negatiboa dena albora utzita.

Ikasketa prozesu etengabe batean bizi zarela esan daiteke?

Bai, eta motxila horrek guztiak lagundu du disko honetan. Pop asko du, nire estiloa batez ere hori delako. Letretan eufemismo gutxi dago, nahiko zuzenak dira.

Noiz ikusi zenuen argi bakarkako bidea hartuko zenuela?

Oraindik ere zalantzak izaten ditut tarteka. Nire buruari zor nion zerbait bezala ikusten nuen. Baina etxekoek eta lagunek babestu naute, eta aurrera egiteko pausoa ematera animatu ninduten. Apirilean Madrilera joan nintzenean ikusi nuen argi hau guztia gertatzen ari zela, musika industriako jende garrantzitsuz inguratuta nintzela jabetu nintzenean.

Bi pop kantu aipatu ditugu, baina ‘23’ kantu hauskorra da. Nola eraiki da abesti hau?

Pianoan sortzen hasi nintzen hau, baina nik ez dakit pianoa jotzen behar den moduan. Victor Eliasek grabatu du eta oso eder utzi du, nahiz eta hasierako bertsiotik nahiko antzekoa den, hori bai, beste maila batean jota. Garajean Jonekin akustikoarekin ere probatu genuen, baina ez zeukan magia bera.

Bada, estudioan, Victor grabatzen hasi zen, pasioz, eta nire ahizpak albiste txar bat jaso zuen une hartan. Kantuak negarrez jarri zuen eta horrekin nahi nuen efektua lortzen zela ikusita, horrela geratu da azken emaitza. Gero ahotsa altu dago, koro dezente ditu, kontraposizio asko ditu eta abar; asko gozatu nuen. Bada, kantu hau nahiko azkar sortu zen, eta hori ere esanguratsua da. Gero baxuaren loditasuna dago, bateria soinu apurtuarekin entzuten da, eta Alex Morenok beatbox teknikekin perkusio batzuk ere gehitu ditu.

23a zer da, egun baten zenbakia?

Ez, adina da. 23 urterekin idatzitako kantua da, hauskortasunetik. Krisi existentzial bat pasatzen ari nintzen, ea nire bidea hau edo beste bat zen pentsatzen. Kanpotik askotan dena ederra da, baina hizketan jartzen garenean, denok gatoz nonbaitetik eta denok pasatu ditugu gauza hauek.

Udazken kolorea du kantuak.

Bai, azaroan idatzita dago.

Irudia oso landua izaten ari da. Noiz hasi zinen hori guztia lantzen?

Uste dut hasieratik banekiela diskoaren izena ‘‘Loratzen’’ izango zela. 19 urte nituenetik 24 ditudan arte bizi izandako transformazio guztia kontatzea nahi nuelako diskoan. Izen hori argi nuen unetik, loreekin zerikusia izatea nahi nuen. Afari batean bakoitzaren kolorea zein zen komentatzen hasi ginen lagun artean eta nirea morea zela esan zidaten. Gero etxean ere esan nuen eta gauza bera esan zidaten. Hortaz, kolore horrekin aurrera. Nik Pinteresten badut horrelako joerak jarraitzeko ohitura, baina arroparekin nahiko nagia izaten dut. Horretan ahizpak eta amak lagundu didate. Bestalde, morea ahalduntze kolore bezala ere ulertzen da egun, eta disko bat egitea izan da ahalduntze moduko zerbait niretzat.

‘Estribillos tristes’ kantua dantzagarriagoa da. Beste intentzio bat duela esan daiteke.

Nik argi neukan. Baina gero, abestia egindakoan, zalantza nuen Euskal Herrian nola hartuko ote zen abesti hau, gazteleraz izanda gainera. Madrilen sortu zen hau; oso ondo pasatu nuen sortzen, gehiegi pentsatu behar ez zen abesti dantzagarri eta dibertigarri bat egin nahi nuen. Bada, single moduan atera zen, lagunekin bikain pasatu nuen bideoklip batekin. Oroitzapen bikainak ekartzen dizkit entzuten dudanetan.

Zuk esan duzu: gazteleraz dira kantuen erdiak. Noiz hartu zenuen erabaki hori?

Modu naturalean izan da. Gehien transmititzen diguten abestiak dira. Gaztelera gehiegi ote zen pentsatu nuen, baina nire etxeko errealitatea hori da. Gurasoekin gazteleraz egiten dugu ahizpak eta biok, errietak beti gazteleraz jaso ditugu, nahiz eta umeak ginenetik gurasoak euskaltegian ibili diren eta euskaraz hitz egiten duten. Ahizparekin euskaraz egiten dut, euskaraz bizi naiz egunerokotasunean. Baina horrela sortu ziren kantuak. Hortaz, ez dago ez hautu politikorik, ez gisa horretarako beste ezer ere, baizik eta horrela sortu dira eta diskoan horrela sartzeko erabakia hartu nuen, besterik gabe.

Kase O.-ren ‘Outro’ kantuari egiten diozu erreferentzia.

Bai, erriman eta estrofan kabitzeko moldatu egin dugu aipua. Bikoteak esan zidan Kase O. zuzenean ikustera joateko eta horrela ezagutu nuen. Eta hemen diona horrela sentitzen dut, geroz eta maitasun gehiago eman eta hobeto aurkitzen da bat. Eta ni horrela bizitzen saiatzen naiz, are gehiago osasun mentalak duen garrantziarekin. Maitasunez bizitzen saiatzea garrantzitsua dela uste dut, gauza txarrak bere horretan berdin-berdin iristen direlako. Hala ere, entzun Kase O.

Kantu honek dantza egitera gonbidatzen du, zuzenekoetarako zerbait prestatu duzu?

Ni oso txarra naiz dantzan, nahiz eta maite dudan. Lagun batzuk Tik Tok bat sortzen hasi ziren, baina ni ez nintzen ikusten hor dantzan. Erritmoa eramaten badakit, baina makil baten pare egiten dut dantzan. Zuzenekoetan ez da ez koreografia ez halakorik egongo. Dantza egingo dugu eta ondo pasatuko dugu, besterik gabe.

Beste kantu atmosferiko batek ematen dio segida diskoari ‘Me dijiste que esperara’ kantuarekin. Testurekin asko jolastu duzue hemen.

Ekoizpen oso indartsua du eta errepika asko maite dut. Hasiera batean ez zen horrela eta ekoizleek esan zidaten behin soilik esaten zen «me dijiste que esperara» esaldiak behar zuela izan. Hauskorra da, baina ez ‘23’ kantukoa, hemen desesperazio puntu bat dago.

Min desberdinak erakusten dituzu eta hemen erlazio toxiko batean kateatuta dagoenaren amorrua sentitzen dut.

Badakizu zerbait bukatzera doala, baina esperantza ematen dizute eta zuk horri eusten diozu onena emanaz. Badakizu ez dela aldatuko, baina saiatzen jarraitzen duzu eta hori oso gogorra da eta bizi egin behar da. Atsekabetasuna erakusten duen kantua da.

Diskoa bukatzeko bizitzari egindako ereserki bat, dance estiloan. Singlea izango da udari begira ‘Betidanik’?

Badu single moduan potentzial hori, baina ikusiko dugu zer nolako harrera duen. Bizitzari, laguntasunari egindako ereserki bat da. Azkena sartzea erabaki genuen dena egin ostean idatzitako kantu hau, eskertuta sentitzen nintzelako bizi izan nuen prozesu horren aurrean. Bidean ikasi egin dut eta bide horri abestu nahi nion, oraina bizitzeko.

Zuzenekoak noiz hasiko dira martxan?

Baditugu data batzuk. Lehenengoa Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean izango da apirilaren 20an. Ondoren, apirilean bertan, beste kontzertu bat izango da. Eta maiatzerako ere badugu zerbait. Banda osoarekin joango gara eta kantuak behar den bezala defendatuko dira. Entseatzen bikain pasatzen dugu eta jendeak ere ongi pasatzea nahi dugu; horrek sortzen dit halako urduritasun puntu bat.

24 urteko Eiderrentzat apustu benetan serioa da egin duzun hau.

Bai, baina orain zen momentua. Ahalegin handia, ordu asko, lan talde zabal bat… Baina oso eskertuta nago urtebete honetako prozesu guztiarekin. Eta kantuek argia ikusi dute, pila bat gozatu dut, pila bat ikasi dut, nire buruarekin dudan zorra kitatu dut. Orain zuzenekoak datoz eta erronka izango da hori ere, ikasten segiko dugu. Horretan saiatuko gara, beraz, apirilaren 20tik aurrerako etapa berrian.

Jaurlaritza Logoa