En directo
Argazki kamararen bisoretik mundua irakurtzen du Ura Iturralde argazkiariak. Bada, sinestezina zirudien artikulu batek piztutako jakin-minak eraman zuen saio honetan hizpide izango dugun herrialdera: Iran. Elkarrizketatuak lerro horietan irakurritakoaren arabera, legezkoa omen da transexualitatea bertan, eta, are gehiago, diruz laguntzen du Gobernuak.
«Politegia zirudien guztiak. Horregatik, bertara joatea erabaki nuen». Hori horrela, birritan bisitatu du herrialdea (hilabete bat aldi bakoitzean), 2018an eta 2019an. Eta, aurreikusi bezala, errealitateak ez du inolako zerikusirik artikuluan irakurritakoarekin.
Transexualitatea legezkoa bada ere, aferak baditu bere hutsuneak, tranpak. Iturraldek dioen lez, gaixotasun gisa identifikatzen da: «Lehenik, psikologoarenera jo behar duzu, harek ustezko gaitza diagnostikatzeko. Horren aurrean, ebakuntza da ematen zaien aukera bakarra, herrialdean legezkoa izateko». Hala, aukera baino, inposaketa da, transexualen kasuan, ebakuntza, eta bide garestia, gainera. «Dena dela, ez dut uste nire lagunen arazoa dirua zenik, ebakuntza egin nahi ez zutela baizik».
Hari horri tiraka, «ez daukagu homosexualik Iranen», esan zuen, 2007. urtean, Mahmud Ahmadineyad Irango presidente ohiak. Urteak igaro badira ere, oraindik, errealitatea ukatzen jarraitzen du Gobernuak, zenbait kasutan, herriotza zigorra ezartzeraino. Legeetan, ordea, kontraesanak ikusi zituen argazkilariak: «Teheran erdiko parke batean, gizonak biltzen ziren gauez, ligatzeko, oso modu nabarmenean. Mundu guztiak daki zer gertatzen den parke horretan, baita Poliziak ere. Baina inork ez du ezer esaten. Gizonak, soilik. Lesbiana izatea are okerragoa da, pentsa».
Korapilo horren guztiaren erradiografia egin du ‘Hidden Iran’ proiektuan. «Pertsona bat nuen lotuta, baina atzera bota zen. Orduan, han nengoela, galdetzen hasi nintzen». Elkarren artean ezagutzen ez ziren 18-25 urte bitarteko zazpi bat kiderekin hitzartu zen eta beren egunerokoa irudi bilakatu. Ez zen ia Teheranetik mugitu, kide gehienek hiriburura egiten baitute salto landa eremutik: «Nork bere borroka egiten du Iranen, ez baitago antolatutako LGTBIQ+ kolektiborik».
Nola eutsi pultsua klandestinitateri, horrek sortutako bortxari, baina? «Bada, ez dakit», dio etsipen tonu lotxatiaz elkarrizketatuak: oso zaila da errefuxatu gisa herrialdetik hanka egitea, eta, hori eginez gero, ezin dute itzuli. Hala, bidean, lagun bat galdu zuen argazkilariak: bere buruaz beste egin zuen Medhri gazte homosexualak.
Dena dela, inposizio gogorrei arrakalak bilatzen dizkiete, gaueko festa sekretuetan, edota ostiral arratsaldetan, ligatzeko ariketa bihurtzen dutenean hiriko biribilgune batean sortzen den auto-pilaketa. Moralaren poliziatik ihesi, erretratuen lau ertzetatik harago dauden istorioez mintzo zaigu Iturralde saioan: «Bertako lagunen falta sumatzen dut; etxean bezala sentitu nintzen».