En directo
«Ezkerraldea aktiboa izan da beti hainbat herri mugimendutan eta azkenaldian goranzko tendentzian doala antzeman dezakegu. Horren harira ekarpen musikal, kultural eta aisialdiko bat egin nahi izan dugu. Egia da langile borrokak hemen epizentro garrantzitsua izan zuela eta egunero eta ahal den guztietan aldarrikatzen dugun zeozer da, baina errealitateak bestelako lehentasun batzuk ere kokatzen dizkigu egun. Zorionez edo zoritxarrez langile borrokaren aldarrikapen hori apalago dago egun, baina bestelako mugimendu eta sinergia batzuk indartzen ari dira egun eta horietan ere jarri nahi dugu arreta, Ezkerraldeatik ere Euskal Herria sortzeko bidean. Duela 50-60 urte lantegietan sortzen zena, egun beste mugimendu batzuetatik dator», aipatu digu Iker Alcedo EZK Festeko antolakuntza taldeko kideak.
Kultura mugimendua nahikoa aktiboa izaten ari da Ezkerraldean eta horren adibide dira Portugaleteko Sastraka, Sestaoko Txirbilenea edota Santurtziko Mamarigako eta La Kelo gaztetxeak. «Gure gaztetasunetik ikusita, langile borrokak utzitako esperientzia eta mugimendu guztia ez dut uste termino berdintsuetan errepikatzen denik egun eta beste forma batzuk hartzen ditu. Nostalgiatik baino harrotasunetik begiratu behako genioke iraganari eta gure egin eta gaur egungo forman kokatzea, bereziki mugimendu sozialetan. Ezkerraldearen iruditeria eta subjektibitatea berriz ere eraikitzen ari dira eta gurea bezalako proiektu batek hori du helburu», azaldu digu Alcedok.
Jaialdiaren sorrera
EZKFEST antolatu dutenek esperientzia dute ezaugarri desberdinetako beste jaialdietan, handixeagoak edo txikiagoak izanda ere: «Pandemia garaian hasi zen hau guztia egosten, buruari bueltak emateko tartea izan genuelako, baina aurretik ere entzun eta aipatu izan dugu Euskal Herrian halako jaialdiak bazirela eta ea gurean zergatik ez zen egiten. Santurtzin egin genuen afari batean atera zen ideia eta denbora guzti honetan forma eman eta egokitzen joan gara egun dugun EZK FEST esku artean izan dugun arte».
Jaialdia luzera begira sortutako zerbait da eta, etorkizunean, akaso, ez du aurtengo forma bera izango anolakuntzatik esan digutenez: «Ohiko musika jaialdi batetara hurbiltzen da aurtengoa, baina guretzako jaialdia proiektuaren tresna bat da. Aurten denbora faltagatik eta zehaztasun faltagatik, forma hau hartu du, baina datozen urteetan bestelako kultur adierazpen batzuk txertatzea ere bada gure nahia, baita bestelako jaialdi batzuen arteko dinamikak kokatzea ere. Guretzako eredu nagusia EHZ festibala da, eredu horretarantz joan nahi dugu. Euskal Herrian bada musika zirkuitu eta kultura zirkuitu oparo bat, hor ere gure aletxoa jarri nahi dugu, hainbat dinamika eta mugimendu badaudelako eta euskal kulturaren mesedetan dinamika indartsuago bat sortu nahi dugulako. Hala, helburu bikoitza lortu dezakegu, dagoen errealitatea eraldatzea eta Ezkerraldea ere izan dadila musika zirkuitu horretan geldialdi bat eta erreferentziako toki bat».
Hizkuntzatik eta kulturatik eraldatu nahi dute Ezkerraldea EZK FESTeko antolatzaileek, gogotsu eta kezkaz azaldu digu jaialdiaren antolatzaile Iker Alcedok: «Gero, zoritxarrez, badakigu gure errealitea zein den, euskara modu apalean entzun eta erabiltzen den eskualde bat dela, euskal kulturaren kontsumoa ere apala dena, eta erdal kulturaren eta erdal erreferenteen kontsumoa gailentzen da eta horri kontrajarri nahi zaion eredu bat sustatu nahi dugu, kontraesanetan eroriko garenaren jakitun, egun batetik bestera ez delako etorriko aldaketa hori eta arnas luzeko proiektua delako gurea. Irlatxoak sortuz edo ez dakit nola izango den, baina eredu alternatibo bat sustatuko dugu».
Bi eguneko festa
Ostiralean, azaroaren 18an, Santurtziko Mamarigako gaztetxean emango zaio hasiera bi eguneko jaialdiari. Bertan Ostikda, Tommy Gun, Barbakore eta Rnorte+ taldeak arituko dira arratsaldeko 17:30ean hasita. Punka eta musika urbanoa izango ditu protagonista jaialdiak, Ezkerraldeako izpiritua jasotzen dituen estiloak: «EZK FEST Ezkerraldeako jaialdia izanik, garrantzitsua iruditzen zitzaigun egun batean bertako taldeez osatutako kartela osatzea. Azken urteetan sortu diren taldeak daude aipatutakoen artean eta baten batean lau herrietako kideak ere badaude. Gainera musika estilo desberdinetakoak dira eta sozilologikoki ere nahasketa nahikoa nabarmena da, eta Ezkerraldea hori ere bada, anitza eta zabala, eta hortik ere eraikitzen da eskualdea». Gaztetxea aukeratu dute plaza moduan, bertako autogestioaren ereduari ere balioa emateko eta bere egin nahi dutelako.
Larunbatean, Azaroaren 19an, berriz, Portugaleteko La Canilla pasealekuan izango da jaialdi nagusia goizeko 10:00etan hasi eta goizaldeko 01:00ak arte. «Jaialdi transbertsala izatea nahi genuen eta hainbat ertz ukituko zituena, hortik dator kartelaren osaketa», dio Alcedok. Izan ere, Beranduegi, Chill Mafia, Des-Kontrol, Iheskide, Jazzwoman, Maluks, Ugerda eta Unidad Alavesa taldeak arituko dira bertan, eskaintza zabala benetan. Baina bi eguneko jaialdiaz gainera, herri eta auzoetan bestelako ekimenetan ere parte hartu dute, beren markarekin sortutako materiala ere saltzen aritu dira, Ezkerraldearen eskualde izaera hori euskal kulturatik garatzeko bidean.
Maluks eta Jazzwoman Herrialde Katalanetatik datozen artistak dira. «Gurean dagoen eredu erdalduna baztertu ez, baina bestelako eredu baten alde egiten dugu. Lehenetsiko ditugun taldeak euskaldunak eta Euskal Herrikoak izango dira, baina bestelako herri batzuetako taldeek ere badute tokia, Valentziatik etorriko dira bi emakume talde eta, aniztasun horren barruan eta gure logikarekin kontraesanik sortzen ez zutenez, gustura gaude», dio Alcedok. Eskuinaldeko talderen bat ere izango da, izan ere Ugerda taldea Erandioko emakume punk taldea da.
Sarrerak sarean
Dagoeneko EZK FESTen Instagrameko kontuan argitaratu dute kontzertu bakoitza zein ordutan izango den. «Etenik gabeko jaialdia izango da, kontzertu eta kontzertu artean aldaketarako tartea izango da, baina musika geratu gabe izango da gurean», aipatu digu Alcedok.
«Ohiko jaialdietako azpiegitura ere izango da. Jatekoa eta edatekoa zenbat nahi beste izango dute bertaratzen direnek eta nahieran sartu eta ateratzeko aukera ere izango da, pultserak banatuko direlako», kontatu digu EZK FESTeko antolatzaileak. Eremua ez da handiegia izango, «txikitik eragin nahi dugulako eta ez dugulako makrojaialdi izateko asmorik», eta inguruko espazioekin eta auzokideekin errespetua izateko deia ere luzatu du Alcedok, «auzokideak ere nekatuta egon daitezkeelako aurten egon den mugimendu guztiaren ondorioz».
Sarrerak eskuratzeko moduan daude eta NAIZeko harpidedunek %40ko deskontua jaso dute dagoeneko emailean. Gainerakoek, Bibe plataformaren bitartez edota antolakuntzak hautatutako salmenta puntuetan eskuratu ditzakete sarrerak 22€ren trukean.