En directo

NAIZ Irratia

Izaskun Arriaran: «Jendeak nahiago du uretara bota, Libiara itzultzea baino»

Zazpi eguneko epean, Aita Mari ontzia Mediterraneoan izatea aurreikusten da. Ziurgabetasunez ekingo diote misio berriari, Italiako Exekutibo berriak jar ditzakeen oztopoengatik. Izaskun Arriaranek «beldurra» dutela onartu du.

Audio_placeholder

Izaskun Arriaran: «Jendeak nahiago du uretara bota, Libiara itzultzea baino»

Loading player...
Aita Mari ontzia asteburuan porturatzea aurreikusten da.
Aita Mari ontzia asteburuan porturatzea aurreikusten da. (Javi JULIO | NERVIO)

Ez da lan xamurra Aita Mari ontzian lan egitea. Izaskun Arriaranentzat «gogorrena» salbaturiko pertsonek kontatzen dituzten istorioak zein jatorriko herrialdeetan bizitakoak ezagutzea da. Erizainak adibidetzat jarri du Libiatik datozen pertsonen egoera. «Jendea uretara nola botatzen zen eta ze egoeratan heltzen ziren ikustea oso gogorra izan zen».

Aita Mari ontziak 150 pertsonako baimendutako edukiera du. Aldiz, pertsona gehiago topatuz gero eskifaia-kideek ez dute zalantzarik izaten. «Ez genituzke sekula uretan utziko», zehaztu du.

Babesleku bila

Portu segurua eskatzeko unean, Maltara deitzen dute kasu gehienetan. Alabaina, herrialdeak «ez du erantzunik ere ematen». Ondorioz, Italiara jo behar izaten dute. «Ez badugu erantzunik jasotzen, Espainia tartean sartzen da koordinazio lanetan, Italiari ahalik eta azkarren portu bat eskatzeko». Aurrerantzean, lehorreratze baimena Giorgia Meloniren Exekutiboari eskatuko diote. Afera «kezka nagusi» bilakatu da, itsasoan edota portuan bertan blokatu ditzaketelako. «Sea Watch III blokeatuta dago, erreskatea egin zuenetik. Beldurra dugu portua emateko eguna luzatzean, badakitelako guretzako oso gogorra dela. Tentsio handia eragiten du itxaron egun bakoitzak». Kezka iturri dute ere portuetarako sarbidea ukatzeko aukera. 

Sor daitezkeen arazoen aurrean, Aita Marirentzat espainiar Estatuko portuetara gerturatzea ez da soluzioa izango. Europari arazoa «koordinatzea» eskatuko diotela aipatu du, gertuen dituzten portuetara joan ahal izateko. «Gure printzipioen kontra joango litzake Espainiako portu batera etortzea, 150, 160 edo 100 pertsonarekin, hainbeste denbora nabigatzen eta arriskua areagotzen».

Jaurlaritza Logoa