En directo

Ainara Rodriguez
Entrevista
Arnaldo Otegi - Arkaitz Rodriguez

«Gure apaltasunetik, herri honen elkarbizitzari egiten diogun eta egin genion ekarpena da»

Orain urtebete ezker abertzaleak adierazpen solemnea egin zuen Aieteko Jauregian, 10 urte atzera Aieten bertan sinatu zen Bake Hitzarmen eta horren osteko ETAren iragarpenaren urteurrena baliatuta. U18ko adierazpenetik lehen urtemuga betetzen dela, Arnaldo Otegi eta Arkaitz Rodriguezekin izan gara.

Audio_placeholder

«Gure apaltasunetik, herri honen elkarbizitzari egiten diogun eta egin genion ekarpena da»

Loading player...
Arnaldo Otegi eta Arkaitz Rodriguez
Arnaldo Otegi eta Arkaitz Rodriguez (@jonurbe)

Inflexio puntu garrantzitsua suposatu zuen orain urtebete ezker abertzaleak irakurritako adierazpena. Ordura arte lortutakoa balorean jarri, duela 10 urteko konpromisoak berretsi eta aterabide demokratikorako elkarrizketa aldarrikatu zituen ezker abertzaleak.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak azaldu du hiru motibok eragin zutela adierazpen hura: «Pentsatzen genuena esan genuen. Duela 11 urteko Aieteko Bake Konferentzian jasotzen zen 3.puntuan sakondu nahi genuen; puntu hark gatazka konpontzeko biktima guztien aitortza egin behar zela jasotzen zuen, eta guk horixe egin nahi izan genuen. Bultzada bat eman nahi izan genion bide-orri haren osotasunari; konponbide demokratikoaren aldeko bide-orria zen hura».

ETAko biktimei zuzendutako puntu garrantzitsua jasotzen zuen adierazpen hark; ordura arte esan gabeko hitzak jasotzen zituen, haien mina errekonozitu eta inoiz ez litzatekeela gauzatu behar izango onartuz. Urtebete igarota, gaur biktimei zer esango lieketen galdetuta, esandakoetan berretsi da Arnaldo Otegi EHBilduko koordinatzaile orokorra: «Guk uste dugu garai haietan esandakoak bigentzia guztia duela, inalterablea den posizio bat da, betirako eta betikotasuna duen posizioa. Gure apaltasunetik, herri honen elkarbizitzari egiten dugun eta egin genion ekarpena da».

Biktimak ez ezik, espetxe politika ere aintzat hartzen zuen Urriaren 18ko adierazpenak. Eremu honetan zenbait urrats eman dira azken urte honetan, presoen gerturatzea positiboki baloratzen du ezker abertzaleak, baina etorkizunera begira, presorik gabeko eszenatoki baten bidean lanean segi behar dela dio Rodriguezek: «Urratsak ez dira aski. Bakeak eta elkarbizitzak eskatzen dute biktima guztien aitortza, baina baita ere euskal preso politikoen aferari aterabidea ematea. Herri honek merezi preso politikorik gabeko etorkizun bat».

Gatazkaren konponbideak ertz asko dituela jakitun, elkarrizketa eta negoziaketaren aldeko apustua egin zuen ezker abertzaleak. Ez dirudi, ordea, eremu honetan asko aurreratu denik, eta bizi ditugun garai aztoratuetan, Estatuarekin elkarrizketa geroratzeko arriskua ere hor egon liteke. Bestela ikusten du egoera Otegik; bizi ditugun garaiak «aukera» moduan ikusten ditu berak: «Bake konferentziak konponbide demokratikorako bide-orria ekarri zuen, eta hori altxor bat da, gatazkak ez badira nonbait era arazional-zibilizatu batean konpontzen, alternatiba askoz okerragoa delako. Norbaitek pentsatzen du Euskal Herriko, Kataluniako edo espainiar Estatuko gatazka konponduko dela jendea kolpatzen eta herritarrak kartzelara bidaltzen? Norbaitek uste du Errusiak Ukrainako mugak gainditu eta okupatuz, eskalada militarrarekin konponduko dela egoera? Erantzuna da, ez. Horregatik diogu Aieten egindako ekarpenak patroi unibertsal bat duela: ez dago alternatiba hobeagorik gatazka termino politiko eta demokratikoetan konpontzea baino. Horregatik uste dugu formula erabateko gaurkotasuna duela».

 

 

Jaurlaritza Logoa