En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Hirugarren denboraldiari ekin dio Izkander Fernandezek MusikHaria saioan

Urrian hasteko asmotan baginen ere, hilabeteari egun pare bat aurreratu zaigu Izkander Fernandez eta bueltan dugu MusikHaria saioan. Aurtengoan ere, lau abesti ekarriko dizkigu astero.

Audio_placeholder

Hirugarren denboraldiari ekin dio Izkander Fernandezek MusikHaria saioan

Loading player...
Counting Crows taldeak Bilboko Santana 27ko areto txikian eskainiko du kontzertua.
Counting Crows taldeak Bilboko Santana 27ko areto txikian eskainiko du kontzertua. (Counting Crows)

«Udazkena atetik irailaren 21ean sartu da, tokatzen zen garaian. Nire gogoa oraindik oporretan dago hala ere eta udako musika ekarriko dut oraingoan. Hemendik laster hasiko da disko aldaketa hori, Cult of Luna datorrelako Biarritz aldera eta Death Heaven Gasteizko Jimmy Jazzera», hasi du bere tartea Lemoako musika adituak.

Lee Bains III & The Glory - Old-Time Folks

Birnimghamera egin dugu salto lehen kantuarekin, baina Alabamakora, Estatu Batuetara. Bertakoak dira Lee Bains III & The Glory Fires entzutera. «Taldea 2012an eman zen ezagutzera, aurretik beste talde batzuetan ibili diren arren. Americana eta punk-rocka maisuki nahastu zituzten lehen lanean. Gero, SubPop diskoetxearekin sinatu zuten eta ekoizpenean kale egin zuten arren disko berezia izan zen ‘Dereconstructed’ diskoa. Estatu Batuetako hegoaldeari buruzko irakurketa desberdin bat egin zuten disko horretan eta oso interesgarria izan zen lan hori, bertako ezkerreko ikuspegia eman zuelako. Azkena Rock batean sekulako kontzertua eman zuten eta aurten etorri da ‘Old-Time Folks’ diskoa, americana, southern-rocka eta soula nahasten dituena », aipatu digu Fernandezek.

Zack Bryan - Late July

Zach Bryan Okinawan jaiotako musikari estatubatuarra ekarri digu bigarren tokian: «Bera ere aita bezala militarra izan da oraintsu arte eta musikara egin du salto berriki. Hiru disko kaleratu ditu eta, akaso ulertzen kosta daitekeen arren, oso arrakastatsua da. ‘American Heartbrake’ izeneko diskoa kaleratu du, luzea, 34 abesti eta bi orduko iraupena duena, baina kontzeptuala da eta osorik entzutean ulertu daiteke zer egin nahi izan duen. Uztaileko azken egunetara bidaiatuko dugu bere kantuarekin, uda eta oporrak ekartzen dizkigulako gogora», azaldu du lemoaztarrak.

Tedeschi Trucks Band - None above

Tedeschi Trucks Band taldea da ekarri digun hirugarren erreferentzia. «Aurretik musikan bazabiltzan ere, 2010ean elkarrekin hasi ziren musika egiten. Bikote ziren eta seme-alabak ere bazituzten, hortaz, elkarrekin denbora gehiago pasatzeko asmotan hasi ziren proiektu honekin. Dena dela, ez dakit etxean askorik egongo ote diren, 200 kontzertutik gora ematen dituztelako Estatu Batuetatik irten gabe. Blues ukitua duen southern rocka egiten dute eta 2011n Grammy sari bat eskuratu zuten lehen diskoarekin». Disko berria lau EPtan zatitua kaleratu dute 2022an eta Europan izango dira hura aurkezten.

Counting Crows - Angels of the silences

Irailaren 29an, ostegunarekin, Counting Crows taldeak Bilboko Santana 27 aretoan emango du kontzertua eta horren harira ekarri du taldearen abesti bat Fernandezek: «Ez baduzu taldea ezagutzen, ziur ‘Mr. Jones’ abestia entzun duzula noizbait. Disko kamioikadak saltzen zituzten bere hasieratan, nahiz eta pandemia garaia iritsi arte ez diedan kasu askorik egin. Niretzako egindako talde bat zela ohartu nintzen eta ez dut Bilboko hitzordura hutsik egingo».

Jaurlaritza Logoa