En directo

Entrevista
Garikoitz Nazabal
EHNE Gipuzkoako presidentea

«Euskal Herria lehen sektorerik gabe gelditzen ari da»

Baserritar eta abeltzainak lehortearen ondorioak era larrian jasaten ari direla ohartarazi du EHNE Gipuzkoak, «aspalditik» pairatzen dituzten arazoetan sakonduz. Garikoitz Nazabal presidentea, NAIZ Irratian, lehen sektoreak Euskal Herrian izango duen etorkizunaz aritu da.

Audio_placeholder

«Euskal Herria lehen sektorerik gabe gelditzen ari da»

Loading player...
Haragitarako behiak.
Haragitarako behiak. (EHNE)

Baratzetako fruta eta barazki asko erre egin dira eta abereak mendiko larreetatik baserrietara jaitsi behar izan dituzte askok. Ondorioz, negurako prestatutako elikagaiak xahutzen hasi dira dagoeneko. Honi gehitu behar zaio azken bi urteetan animalien lehengaien prezioak nabarmen garestitu direla, «%80».

Garikoitz Nazabal EHNE sindikatuko Gipuzkoako presidentea NAIZ Irratian izan da eta lehortearen eragina baserritar eta abeltzainen artean «bete-betekoa» izaten ari dela ohartarazi du. Egoera «luze» doala nabarmendu du; izan ere, udaberritik ari dira kolpea jasaten.

Lurra oso lehor, «dena erreta» dago eta artzainen txaboletan eta ganaduen asketan ura falta da, «desastre» bat. «Udaberri normala joan izan balitz, gabezia guzti horiek estali egingo ziren, baina lehortea izugarria izaten ari da. Abereak jaitsi bai, baina nora?», galdetu du, ezintasuna adieraziz.

Egoera honetan, neguan abereak elikatzeko udaberrian ekoitzi ohi duten bazka murritzagoa izan da aurten eta behar baino lehenago hasi dira «gastatzen». Ondorioz, «negu oso luzea» aurreikusten dute. Alternatiba elikagaiak erostea da, baina «oso garesti» daude. «Pandemia lehenik eta Ukrainako gerra ondoren, aitzakia asko espekulazio ariketa beldurgarriak egiteko», salatu du Nazabalek. «KPIra egokituko bagina, agian %50 garestituko litzateke saltzen duguna, baina hori ez da ematen. Kendu eta jarri ez, bukatu egiten da. Hor gabiltza, ahal den moduan», gehitu du.

Badaki «bero edo euri kolpeak» ezin direla kontrolatu, baina egoeraren aurrean nola jokatu erabaki daitekeela azpimarratu du. Hala, instituzioen aldetik «geldotasuna» nabari du eta «ur eskasia baten aurreikuspena dagoenean erreflexu gehiagorekin» jokatu behar dela iritzi dio. Hamar bat aska hutsik eta txaboletan ur falta egon arte eta abeltzainek eskaria egin arte ez dutela ezer egin kritikatu du.

Azkenean ari dira zisterna- kamioi batzuetan ura bideratzen, baina «hainbeste abereren larre diren mendi komunaletan fundamentu hau ikustea mingarria da», baieztatu du Nazabalek. Gaineratu zuen instalazio eta ur-biltegi askoren egoera ez dela egokia, ez dela mantentze lan egokirik egin. Eta arazoa azpiegituretatik hasten dela azaldu du. «Kamioiak zoru ona eskatzen du, fundamentuzko bide batzuk. Kamioi gidari bat aurkitzea, ausartuko dena zisterna hori igotzen, “ero” bat, urrea bilatzea bezala da. Horrek kate bat sortzen du. Era txarretan eramaten da ur hori eta gauza askotan bizia jokoan jarriz. Ezinezkoa da», nabarmendu du Nazabalek.

Larria da egoera aurrez ere bazuelako nahikoa arazo eta traba lehen sektoreak. Nagusiki «kostuak izugarriak dira eta gure produktuei ez zaie berdin eransten prezioan», azpimarratu du Nazabalek eta azpimarratu, gaur-gaurkoz Aralarko abeltzainen kasuan, «fundamentuzko biderik» ez dutela. Kexu da EHNE Gipuzkoako presidentea, «trabak besterik ez» ditugu.

Ohartarazi du lehen sektorea galtzen ari dela gure herria. «Sektorea faktore askogatik oso larri dago. Horrek jendea ikaragarri erretzen du. Sektore hau gabe geratzen ari gara».

Aspalditik dator salaketa hau eta baserritarrak «oso katastrofistak» direla pentsatzen duenik egongo dela onartzen du Nazabalek. «Aktiboak nola galtzen ari garen ikustea besterik ez dago», esan du.

Eta, era berean, esparru ezberdinetan burujabetza aldarrikatzen denean, «zeinek eman behar dio herri honi elikadura burujabetza, baserritarrik ez badago?», galdetu du EHNE Gipuzkoako presidenteak. Izan ere, baserritarrak «ezinean» dabiltzala baieztatu du eta lehen sektorearentzat ere lan baldintza duinak eskatu ditu. «Egunero 14 orduz aritzea ez da bideragarria».

Kezka bizia dute euren etorkizunarekiko, sektoreak zein leku izango duen aurreikusi nahian. «Sektore honengatik esan da askotan oso bokazionala dela, baina ezin da soilik horretan oinarritu. Gaur edo bihar, ogibide bezala hartzeko, karga handi bat ere sortzen ari da.

Sektoreak zer leku izango du gure herrian? Asko eskatzen zaio, gertukoa, jasangarria, ekologikoena... Diskurtso hori oso ongi dago, baina gero ezin da baserritarraren ahalegina alde batera utzi. Kudeaketa alde batera uzten ari da ekologiaren izenean».

Egoera horren aurrean «elkarlana eta enpatia» eskatu ditu, nahiz eta jakin «politika faktoreak» sartzen direla «mokoka» dabiltzan instituzioetan. «Beste gizatasun batekin herrigintza egin behar da», aldarrikatu du, «hari batean gaudelako».

Jaurlaritza Logoa