En directo

Ainara Rodriguez

Loiolako kuartel militarra: Aukera bat beste hirigintza eredu bati

Auzitegiek Loiolako kuartelak babestu beharreko ondare direla ebatzi ostean, zalantzak sortu dira eremuaren inguruan. Helegitea jarriko duela iragarri du Donostiako Udalak, baina ba al da gune horretan bestelako eredurik proposatzerik? Ander Gortazar eta Jonander Agirre arkitektoek baietz uste dute.

Audio_placeholder

Loiolako kuartel militarra: Aukera bat beste hirigintza eredu bati

Loading player...
Iaz Loiolako Kuartelaren aurrean egindako ekimen baten argazkia.
Iaz Loiolako Kuartelaren aurrean egindako ekimen baten argazkia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Pasa den uztailaren 13an iritsi zen ezusteko albistea: Voxek jarritako helegite baten ondotik, Auzitegiek espainiar Ejerzitoaren Loiolako kuartelak babestu beharreko eraikinak direla ebatzi dute eta ondorioz Donostiako Udalak ezingo ditu eraitsi eta onartua zuen etxebizitza plana garatu.

Eneko Goia alkateak helegitea jartzeko asmoa dutela aurreratu du. Bere esanetan, auzitegien erabakia oztopo da hiriaren garapenean, hirian jarduera militarra behin betikotu nahi dutela salatu du. Baina baieztapen horrek zalantzak eragin ditu: ez al du militarra ez den beste helburu baterako Loiolako kuartelen guneak? Ander Gortazar eta Jonander Agirre arkitektoak gonbidatu ditugu NAIZ Irratira dudak uxatzeko.

‘Zaharra’ den oro mantendu behar ote da?  

Has gaitezen sententzia honek ekarri duen albistetik: Loiolako kuartela ondare gisa babesteko neurria egokia izan liteke, baina ez «izozteko», edo bere horretan uzteko. Hala uste dute Ander Gortzar eta Jonander Agirrek: «Akaso ez da sententzia positiboa horren sustatzaileak nortzuk diren jakinda, baina egoera honetan zerbait egin behar da bertan, erabilera bat eman», dio Gortazarrek. Beste ikuspuntua ere gehitu dio Agirrek: «Sekulako oparia izan da sententzia Donostiako Udalarentzat, nork sustatuta datorren ikusita, aitzakia ematen baitio jende askori eztabaidarako tartea ixteko. Perspektiba galtzen dugu».

Mamira sartu aurretik, ordea, egin diegu galdera: ‘zaharra’ den eraikin oro babestu beharra dago?: «Egia da zaharrak baduela pisua gure gizartean, –dio Agirrek–. Kasu honetan, dena den, logika identitarioa sartu delakoan nago, modu oso emozional batean ari gara gaia lantzen. Debatea ez da eraikina babestu edo ez, baizik eta zer egin behar den gune horretan. Iruditzen zait borondatea dela ahalik eta debate gutxien egotea. 1.700 etxebizitza egin nahi zituen Udalak espazio horretan, eta kitto, hortxe amaitzen da gaia». «Hiri honetan horrela funtzionatzen dugu –jarraitu du Gortazarrek–. Uste dut lehenbizi eztabaidak izan behar duela ea zenbat etxebizitza behar ditugun Donostian. Zer egiten ari gara 60-70eko auzoekin? Iruditzen zait Loiolako kuarteletan, arkitekturatik hasita, beste auzo mota bat posible dela».

Biek diote Loiolako kuartela babestea edo ez babestea ez dela «ezinbesteko kontu bat», horren inguruan «eztabaida» sortzea dela premiazkoena. Agirrek dio kuartelek, berez, ez dutela «asko» suposatzen historikoki, baina izan litezkeela abiapuntua auzo berri bat sortzeko. «Tristeena da Voxek gai hau atera arte ez dela eztabaidarik egon. Leihaketa bat egin beharko litzateke ideiak hartzeko arkitektoekin, eta ez da egin. Alde batetik badago puntu identitario hori, ‘kuartelak botatzen baditugu hobe’, eta ez dakit zenbateraino den hori garrantzitsua. Badaude aukerak tokiak eskatzen dituen aukera guztiak barneratzeko».

Aitortu dute errezagoa dela hiri bat zerotik eraikitzea. Baina ahal izanik ere, nabarmendu egin dute afera hau ez dela «ondare kontu bat soilik», hiriaren inguruko «debate bat eraikitzeko» parada gisa ikusten dute-eta eurek.

Zer egin?

Orduan, zer egin gune horretan? Ariketa fiktizioa egiten jarrita, Gortazarrek dio «edozer gauza» egin daitekeela bertan. «Funtzio bakarrekoa izan baino, etxebizitzez gain beste zerbitzu batzuk ere jaso ditzake: ekipamentuak, hezkuntza, bulegoak... Edozer gauza egin daiteke. Hori da eman behar den lehenengo mezua».

Nazioartean dauden ereduei jarraitzea besterik ez dago horretarako. Bartzelonako adibidea jarri du Agirrek, ehunen lantegi bat birmoldatu zuten etxebizitzak egiteko. «Eraikinak handitu egin daitezke, zabaldu... eta ondoan eraiki daiteke. Niretzako ez da bakarrik debate publikoan ditugun nahi guztiak bertara eramatea, Donostia zer izango den intentzio eta sektore guztiak bolkatu behar dira hor». «Iruditzen zait oso auzo monotonoak egin ditugula –gehitu du Gortazarrek–. Euskadiko Arkitektura institutua dugu Donostian, EHUko Arkitektura fakultatea ere, baina teorian egiten diren gauza askok errealitaterako saltoa ez dute izaten».

Donostian ez ezik, Euskal Herriko herri eta hiri guztietara eramateko eztabaida bat da hau, biek diotenez.

Jaurlaritza Logoa