En directo

Naiz irratia

Ane Alava: «Epaiketa muntai bat izan da eta epaiak hala izaten jarraitzen du»

Astearte arratsaldean eman zuen Ernaik 2021eko maiatzean Bilboko liskarretan atxilotutako zazpi gazteen aurkako sententziaren berri. Ane Alavak, Ernaiko bozeramaileak, gazte antolakundearen balorazioa egin du NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

Ane Alava: «Epaiketa muntai bat izan da eta epaiak hala izaten jarraitzen du»

Loading player...
2021eko maiatzaren 7an Ernaiko mobilizazioaren aurka Ertzaintzak egindako kargetako baten irudia.
2021eko maiatzaren 7an Ernaiko mobilizazioaren aurka Ertzaintzak egindako kargetako baten irudia. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

2021ean Ernaik deitutako mobilizazioen baitan Bilbon atxilotutako zazpi gazteei zazpina hilabeteko zigorra eta 7.000 euroko zigor ekonomikoa ezarri die epaileak, autoritateari «erresistentzia larria» egitea eta «lesio» delitua leporatuta. Gazte antolakundeak «muntai polizial» hau salatu du beste behin NAIZ Irratian.

Ane Alavak, Ernaiko bozeramaleak, «epaiketa hasieratik muntai polizial bat izan dela eta hala izaten jarraitzen duela» nabarmendu du. Eta akordio bat eskaini izanak «are arrazoi gehiago» ematen diela iritzi du, «ez zeukatelako inolako frogarik eta horren aurrean haien tresna zigortzea» izan dela azpimarratuz. Gainera, zazpi hilabeteko espetxe zigorraren «neurrigabetasuna eta desegokitasuna» salatu du Alavak.

Zigorrak gazte hauen jardun politikoa mugatzen duela adierazi du gazte antolakundeko bozeramaileak: «Bi urtez inoiz baino kontu handiagoarekin eraman beharko dute haien jarduna aurrera. Ikusi dugun moduan, edozein txikikeri, edozer mobilizazio, edozer dela-eta Ertzaintzak haien kabuz hartu dezake justizia, eta delituak leporatu ahal dizkigutelako. Horrek mugatu egiten gaitu». Bestetik, isun ekonomikoak gazteengan duen «eragin bikoitza» nabarmendu du: «Ez daukagu gaitasun ekonomikorik horrelako isunei etengabean erantzuteko».

Nahiz eta zigorra izan emaitza, prozesu judizialak zabaldu dituen aukeretaz mintzatu da Alava. «Ahuldu baino beste eragile batzuekin eta beste kolektiboekin aldarri bera lantzeko aukera eman digu eta norabide horretan indartu garela erakusteko ere».

Ekainaren 4an Bilbon egin zuten mobilizazioan kalera atera izanak «borrokak merezi duela» aldarrikatzeko balio politiko «ikaragarria» duela uste du Ernaiko bozeramaleak.

Jaurlaritza Logoa