En directo
Gotzone Sagarduiren adierazpenak baino, adierazpen horiek zein ikuspegirekin egin diren ez zaizkio «egokiak» iruditu Lehen Arretako sendagile eta Osatzen elkarteko Mikel Bazari. Nabarmendu du gure lehen arreta sistema 80. hamarkadatik datorrela, eta beharrezkoa dela «egungo beharretara egokitzea»; baina uste du egokitzapen hori ez dela «behar bezala egin», besteak beste «ez delako bermatu sendagileen belaunaldi ordezkatzea»: «Oro har, lehen arretaren sistema berri bat planteatzeko aukera galdu egin da.
Sagarduik proposatutakoen artean, Bazak ez du egoki ikusten, esaterako, erizainek sendagileenak diren ardura jakin batzuk euren gain hartzea. Baina bai iruditzen zaio beharrezkoa lehen arretan arlo ezberdinetako profesional gehiago txertatzea eta lanen banaketa ezberdin bat egitea.
Administrariak, erizainak ala farmazialariak leudeke, adibidez, lehen arreta indartu behar diren profilen artean; baita beste batzuk ere, fisioterapeutak edo gizarte langileak, besteak beste.
Osakidetzaren lehen arretako zerbitzuan beraz, moldaketak egiteko unea badela dio, baina ez murrizketak egitekoa. Eta pentsatu nahi du Bazak, iritzi berekoa dela Gotzone Sagardui buru duen saila. Zentzu horretan hausnarketa bateratua egitea gonbidatu du sendagileak osasun saila, beti ere oinarri batzuen baitan: «Osasungintza publikoa gertukoa izatea eta hiritarren berdintasunaren berme».