En directo

Bigarren Kafea

Kepa Iribar: «Atzera kontaketak sortzen duen tentsioak irakurlea lotzea izan da helburua»

Audio_placeholder

Kepa Iribar: «Atzera kontaketak sortzen duen tentsioak irakurlea lotzea izan da helburua»

Loading player...
Kepa Iribar, bere lehenengo eleberria eskuan duela.
Kepa Iribar, bere lehenengo eleberria eskuan duela. (Andoni CANELLADA | FOKU)

2022ko irailaren 6an 500 urte beteko dira Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman zionetik. Getarian hitzordu garrantzisua izaten da Elkanoren lehorreratzea eta aurten are eta bereziagoa izango da, hain urtemuga berezia izanda. Giro horretan kokatu Kepa Iribar Elizegik bere lehen eleberria, '72 ordu'. Fikziozko nobela beltz poliziako bat ondu du getariarrak eta datorren iraileko ospakizun horren atarian, Getariako udaletxean jasotzen duten hilketa mehatxu bat da istorioaren ardatza.

«2019tik hona asko irakurri eta entzun dut Elkanoren inguruan. Horri guztiari fikziozko bi elementu gehitu dizkiot. Batetik, Elkanoren inguruan Hollywooden egin den film bateko protagonista Getarian izango dela egun horretan eta bestetik, Elkanoren eguneroko bat agertu dela» adierazi du Iribarrek. «Elkano mundu mailan ez da ezaguna eta hemen ere, egin zuenaz aparte, pertsonaia bera ez dugu ezagutzen. Elkanoren eguneroko bat azaltzeak zer eragingo ote lukeen pentsatuz sortu dut elementu hori».

Udaletxean jasotako mehatxu hori argitu nahian hasten dira lanean Ertzaintza, Aitor Letamendia detektibea eta Idoia Urdaneta zinegotzia. 72 orduko epemuga hori agortzen doa istorioa garatu ahala eta atzera kontaketa horrek pisu handia du liburuan. «Mehatxua benetakoa ote den, mehatxugilerik ba ote dagoen… jakinmin handia sortzen du horrek eta hori da istoriora jendea lotzen duena».

Egindakoarekin gustura geratu dela adierazi du Iribarrek. «Liburu irakurterraza geratu dela uste dut eta hori da nire estiloa. Nik irakurtzea gustuko dudan estiloko liburu bat egiten saiatu naiz».

Jarraipenik izango ote duen galdetuta ez du aterik itxi. «Prozesuan gozatu egin dut eta ez dut aspertuta edo gainetik kentzeko gogoarekin amaitu. Argitaratzea, aurkezpena, elkarrizketak… gauza berriak dira niretzat baina gustura nabil». Pertsonaiak asmatuta daudela ere gaineratu du.

'72 ordu' liburuaren ingurukoak aletu ditugu Bigarren Kafean Kepa Iribari Elizegirekin.

Jaurlaritza Logoa