En directo

NAIZ Irratia

«2021ean kalera atera ziren kolonbiarrek nahikoa dela adierazi dute»

Kanpaina «aldapa gora» jarri zaion arren, «lorgarria» da Petrok presidentetza lortzearen helburua Ainara Lertxundi kazetariaren ustez. Aurrean Rodolfo Gutierrez populista izango, Alvaro Uriberen «B plana» Lertxundiren arabera.

Audio_placeholder

«2021ean kalera atera ziren kolonbiarrek nahikoa dela adierazi dute»

Loading player...
Gustavo Petroren aldeko babesa asko handitu da azken urteotan.
Gustavo Petroren aldeko babesa asko handitu da azken urteotan. (YURI CORTEZ | AFP)

Pasa den igandean (maiatzak 29) garaipen historikoa lortu zuen Gustavo Petroren Pacto Historico plataformak Kolonbiako hauteskunde presidentzialen lehen itzulian. Balentria, lortuko balu Petro, M-19 mugimenduko kidea ohia, Kolonbiako lehen gobernu buru ezkertiarra izango litzateke.

Ezustekoa izatetik urrun, «su txikitan egositako garaipena» dela nabarmendu du Ainara Lertxundik Garako kazetariak. Gobernuak bultzatutako «errepresio itzela» gogora ekarriaz 2021eko protesta sozialetan kokatu du Lertxundik Pacto Historico-ren garaipena. «2021ean kalera atera ziren horiek nahikoa dela adierazi dute, aldaketa bat behar dela». 2021ean Kolonbiak eztanda egin zuen, herritarrek hainbat astez kaleak hartu zituzten. Arlo ekonomiko zein sozialean pandemiak Kolonbiari ere «astindu galanta» eman ziola gogora ekarri du kazetariak, eta horrek dagoeneko herrialdean errotuta zeuden gabeziak areagotu zituela, pobrezia, gosea eta noski, indarkeria ere. Ivan Duqueren gobernuak ordea, kolpeka eta tiroka erantzun zien herritarrei.

Testuinguru horretan kokatu behar da lehenik eta behin, Gustavo Petroren garaipena. Gutierrez lehiatik kanpo geldituta, kanpaina «aldapa gora» jarri zaio Petrori baina uste du Lertxundik, «lorgarria» dela oraindik ere presidente bihurtzeko aukera.

2016an piztutako baikortasunaren azken ordezkaria ere bada Gustavo Petro, Habanako Bake Akordioek iragartzen zuten gizarte berri baten azken aukera. Urte hartan sinatu zituzten bake akordioak Juan Manuel Santosen gobernuak eta Kolonbiako gerrilla handien eta indartsuena izandako FARC-EPk. «Akordioak ez dute ekarri bakea, batez ere gobernuak ez dituelako akordioak bete» adierazi du Lertxundik.

Ordutik zaharrak berri Kolonbian: ELNrekiko bake prozesua etenda, paramilitar ultraeskuindarren gorakada eta gerrillari ohi eta lider sozialen hilketak etengabe.

ANren mugimendua

Gustavo Petro bera talde gerrillari baten kide izan zen, Apirilaren 19ko Mugimendukoa, M-19 gisa ezaguna. Bada, Auzitegi Nazionaleko epaile batek Gustavo Petroren aurkako salaketa bat ikertzea proposatu du orain, 1981eko bahiketa batengatik. Bahitutakoa espainiar nazionalitatea zuen kazetari bat zen.  

«Bitxia» iruditzen zaio Lertxundiri lehen itzulian garaipena lortu eta hurrengo egunean egitea mugimendu hau Auzitegi Nazionalak. Ez du uste ordea, ibilbide judizialak emaitzak emango dituenik, Kolonbiako Gobernuak berak Petro jazartzeari utzi ziolako duela 30 urte baino gehiago, «Gogoratu behar dugu M-19k bake akordio bat sinatu zuela 1990ean eta aldez aurretik gobernuak aministiatu zituen taldeko kideak».

Trump kolonbiarraz

Kolonbiarrek argi eta garbi adierazi dute norabide aldaketa bat behar duela herrialdeak; kontua da zer nolako aldaketa. Rodolfo Hernandez Bucaramangako alkate izandakoak ezustean lortu du bigarren itzulira pasatzea eta analista guztiek Petrok baino babes gehiago jasotzeko modutan kokatzen dute. «Ez nau harritu, baina kezkagarria da Rodolfo Hernandez bezalako pertsona batek presidentetzara iristeko aukera izatea», dio Lertxundik. Ustelkeria akusazioez gain, irain matxistak eta xenofoboak egiteagatik nabarmendu da Hernandez, eta zinegotzi bati «zaplasteko» bat ematera ere heldu zen Lertxundik azaldu duenez; «profila ikusten dugunez Trumpen estilokoa da».

Baina Trumpen antzekoa eta populista izateaz harago, Rodolfo Hernandez Alvaro Uribe ultraeskuindarraren «B plana» ere badela uste du Lertxundik. «Fico Gutierrez ez zaio ongi atera baina Hernandez ere bazuen. Gogoratu behar da Hernandezek berak adierazi duela asko maite duela Alvaro Uribe, honek sustengua eman ziolako Bucaramangako alkate izateko».

Jaurlaritza Logoa