En directo

NAIZ Irratia

Udal hauteskundeen «bilakaera sendotzea» da EH Bairen helburua legegileei begira

Ekainaren 12an ospatuko da hauteskunde legegileen lehen itzulia Frantziar Estatuan. Honi begirako analisia Naiz Irratian Maite Ubiriaren eskutik: Ipar Euskal Herriko 4. 5. eta 6. barrutietatik hasita, begirada zabaldu eta Macronismo eta ezkerreko blokearen arteko lehian jarri du azpimarra.

Audio_placeholder

Udal hauteskundeen «bilakaera sendotzea» da EH Bairen helburua legegileei begira

Loading player...
Egoitz Urrutikoetxea, Mathilde Hary eta Peio Dufau dira EH Bairen hiru hautagaiak legegileetarako.
Egoitz Urrutikoetxea, Mathilde Hary eta Peio Dufau dira EH Bairen hiru hautagaiak legegileetarako. (Patxi BELTZAIZ)

Ekainaren 12an Frantziar Estatuko Hauteskunde Legegileetara daude deituta Lapurdi, Nafarroa Beherera eta Xiberoako herritarrak. Ekainaren 19an, astebete beranduago izango dute hurrengo hitzordua legegileen bigarren itzulian. Presidentzialena bezala, legegileak ere ez dira izaten ekosistemarik onena alderdi abertzaleentzako.

Zentzu horretan, orain arteko emaitzak hobetu eta oinarria zabaltzea da EH Baik hauteskundeontzako izango duen helburu nagusia Maite Ubiria kazetariaren arabera, «2017ko hauteskunde legegileetan 12.665 (babesen %10) bozka lortu zituen EH Baik. Hirugarren indar gisa heldu zen eta ezkerreko lehen indarra, garai hartan ezker hexagonalaren gainbehera oso handia zelako. Jakinik hauteskunde hauek ez daudela pentsatuta indar abertzaleentzako eta hauteskunde sistema aintzat hartuz, EH Bairen helburu nagusia izango da emaitza horiek kontsolidatzea eta neurri batean aurtengo udal hauteskundeen bilakaera sendotzea».

Barrutiz barruti

Aurreikuspenak «tentuz» egin behar dira, Ubiriak uste baitu ezin dela legegileen testuingurua parekatu udal hauteskundeenarekin eta ondorioz «zaila» izango dela EH Bairentzat ordezkaritza lortzea Pariseko ganberan. Alde batetik, esan bezala, hexagono osoan egiten diren hauteskundeak ez direlako onenak indar politiko aurrerakoi eta abertzaleentzat. Baina baita ere hauteskundeetako barrutien banaketa dela-eta. 4. 5. eta 6. barrutietan daude bozkatzera deituta euskal herritarrak, eta bakoitzak baditu bere berezitasunak.

4. barrutian eman behar dute botoa Nafarroa Behereko eta Xiberoako herritarrek baina baita ere Biarnoko askok ere; horrek noski, argazkia desitxura dezake. «Oloroe-Donamaria hiria sartzen da bertan. Zaila da emaitza onak lortzea abertzaleentzako nahiz eta kanpaian sendoa martxan jarri duten». 5. barrutia da txikiena, baina baita boto-emaile gehien hartzen dituena, Angeluk eta Baionak osatzen baitute. Bertan emaitza apalak izan ditu EH Baik historikoki; «abertzaleek badute gainditu beharreko arazo bat dute hiriguneetaan haien indarra sendotzeko». Hegoaldeko Lapurdik batez ere osatzen duen 6. barrutian berriz, «baldintza hobeagoak» daudela dio Ubiriak, «EH Bairen posizioa kontsolidatu delako». Hala ere, Miarritze ere hartzen du barruti honek, eta abertzaleen aurka joan liteke hori.

Blokeen arteko lehia

Barruti bakoitzaren berezitasunez harago, ezkerraren inguruan eta macronismoaren inguruan osatutako bi bloke handiek Ipar Euskal Herriko hauteslegoan duten eragina ikusteke dago. Historikotzat jo da La France Insoumise-k, Alderdi Sozialistak eta ekologistek osatutako bloke ezkertiarra. Aukera erreala dute macronismoaren aurrean «kontrabotere» bat eraikitzeko. Baina ez da erraza izaten ari blokearen batasuna, Ubiriak jakitera eman duenez, «135 hautagaitza disidentetik gora» izan direlako «gehienak alderdi sozialistaren aldetik».

Macronek aldiz, duela lau urte baino posizio indartsuago batean ekingo die legegileei, zentristekin eta Eduard Phillipe lehen ministro ohiaren alderdi txikiarekin bat eginda. «Horrek esan nahi du batuketa bat lortu duela lehen itzulitik eta posizio on bat emango diola hautesbarruti askotan».

 

 

Jaurlaritza Logoa