En directo

Naiz Irratia

Behatokia: «Hizkuntza Merezimenduen dekretua atzerapauso nabarmena da jada larria den egoeran»

Hizkuntza Merezimenduen dekretuari buruzko kexak Nafarroako Gobernuan erregistratu berri ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Bertako zuzendari Agurne Gaubekak dio «atzerapauso itzela» dela dekretua eta ez dakarrela ezer onik euskara erabiltzeko jada «larria» den administrazioaren egoeran. 

Audio_placeholder

Behatokia: «Hizkuntza Merezimenduen dekretua atzerapauso nabarmena da jada larria den egoeran»

Loading player...
Behatokiak Nafarroako Gobernuaren egoitzan aurkeztu zituen 1.200 herritarrek helarazitako kexak.
Behatokiak Nafarroako Gobernuaren egoitzan aurkeztu zituen 1.200 herritarrek helarazitako kexak. (@behatokia)

Nafarroako Gobernuaren administrazio publikoetan lanpostuentzako Merezimenduen dekretuaren zirriborroari euren kontrakotasuna azaltzeko bildu ditu kexak Behatokiak. Bertako zuzendari Agurne Gaubekak dio dekretu horren ondorioz euskarak puntuatzeari utziko diola Nafarroako hegoaldean, eta soilik lanpostu jakin batzuetan baloratuko dela erdialdean eta iparraldean; gainera, zirriborro horrek Nafarroako iparraldean ere euskararen ezagutzaren gehienezko balorazioa %10era mugatzeko asmoa duela salatu du.

Dekretu hori aldatzeko eskatu dio Gobernuari, batez ere «Nafarroako eremu guztietan izan behar duelako merezimendua euskarak eta jendeak euskara ikastea sustatu behar duelako, funtzionarioak izango diren pertsona horiek euskaraz lan egiteko gai izatea». Horrekin batera, Euskararen Legea «behingoz aldatu» beharra dagoela esan du Gaubekak. «Honek hiru eremutan banatzen ditu herritarrak, eremuaren arabera eskubide gehiago edo gutxiago esleitzen zaizkie, eta hori erabat irreala da. Administrazioa bakarra da eta herritar guztiek berdin jaso beharko lituzkete eskubide guztiak».

Ezbairik gabe dio Behatokiko zuzendariak «atzerapauso nabarmena» dela Foru Gobernuaren Hizkuntza Merezimenduen dekretuaren zirriborroa, are atzerakoiagoa aitzat hartzen bada «gaur egun euskararen egoera administrazioan ez dela ona. Herritarrek administrazioko edozein zerbitzu behar dutenean eta euskaraz eskatzen dutenean ia ezinezkoa eta batzuetan kasualitatea izaten da zerbitzu hori euskaraz jaso ahal izatea».

Testuinguru honetan aurkeztu dituzte 1.200 kexak; horien helburua nafar orok administrazioko arlo guztietan arreta euskaraz jasotzeko aldarria egitea dela nabarmendu du. Gehitu nahi izan du kexa horien artean ehunka daudela euskaraz hitz egiten ez dakiten herritarrenak, «euskara berdintasunez tratatu behar dela uste duten herritarrenak».

Aurrez aurreko arretan, telefono edo internet bidezkoan, ezin dela euskara erabili salatzen dute. Azpimarratzen dute zein garrantzitsua den osasun zerbitzuak euskaraz jaso ahal izatea eta Foruzaingoak ematen dituen zerbitzuetan ere ezinezkoa izaten dela euskara erabiltzea. Azkenean, baieztatzen dute Gobernuak ez duela nafarren eskubide izan beharko litzatekeena bermatzen.

Administrazio publikoaren «lidergo falta»

Kezkatuta azaldu da Gaubeka azken boladan hizkuntza eskubideen alorrean ematen ari den atzerakadarekin; ez Nafarroan soilik, baita gainerako lurraldeetan ere. 1.320 kexa jaso zituzten 2021ean hizkuntza eskubideen urraketei lotuta, 2020ko pandemia urtean baino %15 gehiago.

Administrazio publikoan «lidergo falta» ikusten du Gaubekak, eta kezkaz ikusten ditu egiten diren urrats apurrei epaitegietan jartzen dizkieten galgak. Irungo eta Laudioko kasuak aipatu ditu adibide gisa.

Datorren maiatzaren 7rako manifestazioa deitu du Kontseiluak Iruñean, 17.30ean Antoniutin, eta Behatokiak ere bat egin du. Euskal Herri osoko herritarrak animatu dituzte parte hartzera, hizkuntz eskubideen alde egiteko.

Jaurlaritza Logoa