En directo

Amurrioko euskaltegia, euskararen aldeko 40 urteko apustua

22. Korrikaren lehen kilometroan Amurrioko AEKko irakasleek eramango dute lekukoa. Pozarren daude, noski, eta irribarre artean errepasatu dugu euskaltegiaren historia eta euskarak Amurrion izan duen bilakaera.

Audio_placeholder

Amurrioko euskaltegia, euskararen aldeko 40 urteko apustua

Loading player...
Mariyer Egia, Jone Ugarte eta Maite Benito, Amurrioko AEKko irakasleak eta 22. Korrikaren lehen kilometroan lekukoa eramango dutenak
Mariyer Egia, Jone Ugarte eta Maite Benito, Amurrioko AEKko irakasleak eta 22. Korrikaren lehen kilometroan lekukoa eramango dutenak (Naiz Irratia)

Jone Ugarte, Mariyer Egia eta Maite Benitok urte luzeak daramatzate Amurrioko AEKko euskaltegian lanean. Benitok hiru hamarkada, 25 bat urte Ugartek eta 17 Egiak. Euskara ez zuten txikitan ikasi, gerora baizik, baita ongi asko ikasi ere, gaur egun euskara irakasleak baitira. Amurrioko ikasleak ez ezik, Aiaraldekoak ere jasotzen dituzte, Artziniega, Luiaondo nahiz Urduñakoak.

Pozarren jaso gaituzte euskaltegian Korrika hasteko bi egun besterik falta ez direnean. 22. Korrika euren herrian hastea eta lehen kilometroan lekukoa euskaltegiko irakasleek eramatea «sari» bat da Benitorentzat. «Niretzat sari bat da, ikaragarria». Amurrioko AEKren lanari aitortza egin zaiola sentitzen du. «Amurrioko AEKk ibilbide luzea du, apustu polit eta ederra egin dugu euskararen alde». Ugarte, berriz, ezin sinetsi dago. «Ez dut sinesten, momentua iritsi arte horrela egongo naiz», dio irribarre zabal batekin.

40 urte baino gehiago ditu Amurrioko euskaltegiak eta irakasle mordoa pasa da bertatik urte hauetan. «Irakasle pila bat pasa dira hemendik, gogotsu, eurei esker daukagu gaur egungo AEK», dio Benitok. Egiak nabarmendu du «plantila egonkor bat egotea oso inportantea dela». Benitok berak 30 urte daramatza bertan lanean eta barre artean dio agian ez dela ohikoa  «hainbeste dinosauro egotea euskaltegi batean», baina uste du horrek egonkortasuna eta jarraipena eman diola proiektuari eta «herriak eskertu duela».

Gero eta euskara gehiago entzuten da Amurrion

Euskaltegiak izan du ziur eraginik euskarak Amurrion izan duen bilakaerarekin. Hiru irakasleak ados daude, lehen baina euskara gehiago entzuten da herrian. «Nik uste gero eta gehiago hitz egiten duela jendeak kalean eta interesa duela ikasteko. Amurrio ez da herri euskalduna, batez ere erdara entzuten da kalean baina nik uste euskara aurrera doala pixkanaka», dio Benitok. Ugartek umeengan jarri du fokua. «Parkeetan behintzat gero eta gehiago entzuten da eta eskertzekoa da, gurasoak euskaraz entzuteak irribarrea ateratzen dit». Eta Egiak alderaketa argia egin du, «gu gazteak ginenean euskaraz ari zena bicho raro bat zen, pixkanaka lortu dugu hori ez gertatzea».

Ikasleen profila aldatu egin da

Euskaltegira doazenen profilari dagokionean, «denetarik» dute. Erretiratuak, euskara ikasten gogotsu hasten direnak nahiz seme alabekin euskaraz hitz egin nahi dutenak. Azken urteetan ugaritu direnak oposizioak prestatzeko euskara titulua eskuratu nahi dutenak dira. Benitok badu kezkarik zentzu honetan. «Urte hauetan kontua nahikotxo aldatu da, lehen geneukan profila bestelakoa zen, jendea euskaltegira etortzen zen euskaraz bizi nahi zuelako, orain profila nahiko aldatu da». Eta euskaltegira titulu bat lortzeko helburuz joaten den jende mordoak eskolak «baldintzatzen» dituela diote. «Bestelako ekintzak edo unitateak egingo genituzke, baina azterketa maiatzean izanda bestelako gauzak landu behar dituzu». Apur bat tristetzen du egoera honek Benito. «Lehen gehienek euskara maite zutelako ikasi nahi zuten hizkuntza, orain batzuetan ez da halakorik entzuten eta horrek tristetu egiten nau batzuetan». Baina guztiak du bere alde ona, «tira horrek euskaltegiak bete ditu!», diote barre artean eta Ugartek gaineratu modu honetan ikasleak euskaldundu egiten direla eta batzuek agian aurkitzen dutela euskarara «iristeko bidea».

Gainera, badira «betiko» ikasleak ere. Ugartek arratsaldeko 15.00etan duen ikasgela aipatu du. «Guztiak zerotik hasi ziren, euskara ikasi nahi zuten eta hemen jarraitzen dute, hemen daude 15.00etan guztiak puntual-puntual eta bost urte daramatzate. Zoragarria da, emozionatzen naiz. Ikasle batek 86 urte ditu!». Elementu positibo gehiago; «pozgarria da ere kalean ikasle ohi batekin aurkitu eta euskaraz egiten dizunean». Eta badira «pozik etortzen diren ikasleak eta egindako lana eskertzen dizutenak. Ikasle batek esatea zein ondo ari garen eskolan, zenbat ikasten duten, zoragarria da».

Jaurlaritza Logoa