En directo

Peli Lekuona / Sara Iriarte

«Trebiñu Araba da» lelopean, aurrean duten horma zulatzen

Trebiñun agerraldia egin zuten pasa den asteburuan «Trebiñu Araba da» plataformari bultzada emateko asmoz. Bertako kidea den Iker Garcia de Eulate izan da honen inguruan hitz egiten NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Trebiñu Araba da» lelopean, aurrean duten horma zulatzen

Loading player...
Trebiñu Araban integratu dadin, agerraldia eskaini zuten asteburuan hainbat norbanakok eta elkartek.
Trebiñu Araban integratu dadin, agerraldia eskaini zuten asteburuan hainbat norbanakok eta elkartek. (@latierro10)

Indarberrituz datorkigun aspaldiko aldarrikapen bati egin diogu tokia NAIZ Irratian, izan ere, Trebiñun hainbat norbanakok eta elkartek agerraldia egin zuten pasa den asteburuan «Trebiñu Araba da» plataformari bultzada emateko asmoz. Bertako kidea den Iker Garcia de Eulate izan da honen inguruan hitz egiten.

Aldarrikapena aspalditik datorren arren, bultzada berria eman nahi izan diote plataformari. Horretarako, Trebiñun herritar talde bat elkartu da, aurreko belaunaldiek egindako lanaren lekukoa hartu dute egoerari buelta emateko eta hainbat urtez aurrean izan duten hormari gutxienez zulo bat egiteko.

Historikoki saiakera ezberdinak egin dira Trebiñuk dituen gabeziak betetzeko. Batetik, hor dago Burgos eta Arabako aldundiek sinaturiko hitzarmena eta baita Lakuako eta Gaztela eta Leongo Gobernuek lorturiko akordioak Trebiñuko zerbitzuak aditzeko. Garcia de Eulatek adierazi duenez, hitzarmen hauek ez dituzte trebiñuarren behar guztiak asetzen. Bere esanetan «garaia da hitzarmenak atzean uzteko». Nabarmendu nahi izan du, hitzarmenak eta protokoloak existitu arren, disfuntzioak egunero gertatzen direla.

Garcia de Eulatek dioenez, disfuntziorik esanguratsuena demokratikoa da, ez baitiete uzten erabakitzen eta beraien borondatea ez baita kontuan hartzen. Gogoratu behar da, Gaztela-Leongo azken hauteskundeetan gertatutakoa: abstentzioa Trebiñun %64koa izan zen, eta Argantzunen berriz, %59koa. Zifra hauek deigarriak dira Burgoseko datuekin alderatzen baditugu, izan ere, abstentzioa %37koa izan zen.

Trebiñu inguruan dagoen beste gabezietako bat administrazio publikoarekin euskaraz jarduteko aukerarik ez izatea da. Garcia de Eulatek adierazi duenez, bertan euskaldun asko bizi arren, euskarak ofizialki ez dauka lekurik. Bertako eskola publiko bakarra Gaztela-Leongo hezkuntza sistemaren menpekoa da eta euskara baztertua dago. Horregatik hain zuzen, haurrak egunero Gasteizera edota Arabako beste herrietako eskoletara joan behar izaten dira euskaraz ikasi ahal izateko.

Belaunaldi bakoitzak aurrekoaren lekukoa hartzen du, eta oraindik ere aurrean duten horma zurruna dela ikustearen ondorioz, herritarren artean etsipena ere nabaritu ohi izan da. Hala ere, oraingo honetan gogoz ikusten dira herritarrak. Hogeita hamar inguruko bilerak egin dituzte, eta jendearen parte hartzeko eta lan egiteko gogoa sumatu da bertan. Plataformako kideek argi dute ez dietela ezer oparituko, eta beraz, beraien aldetik borondatea jarri beharko dutela. Hau horrela izanik, herritarrak norabide onean ikusten ditu Garcia de Eulatek.

Aipatu bezala, batzar batzuk antolatu dituzte plataformari bultzada emateko intentzioarekin, baina horretaz gain, badituzte dagoeneko etorkizunerako ideia berriak. Pixkanaka luzerako izango den programa bat definitzen hasi dira, eta ideia eta proposamen berri ugari dituzte buruan.

Jaurlaritza Logoa