En directo

Urte berria uzta berriarekin hasi du ‘Zarata’ tarteak

Askotan esan dugu euskal musikaren emaria etengabekoa dela eta hori argi geratu da, urteko lehen 11 egunetan kantu eta disko berriak kaleratu direlako. Haietako batzuk ekarri dizkigu Iker Bárbara Zarata MondoSonoroko zuzendariak.

Audio_placeholder

Urte berria uzta berriarekin hasi du ‘Zarata’ tarteak

Loading player...
Laster aterako dute estreinako albuma J Martina taldekoek.
Laster aterako dute estreinako albuma J Martina taldekoek.

Urte berrian sartzearekin batera kantu berriak ere agertu dira euskal eszenan. Hartara, Iker Bárbarak hiru kantu berri eta bilduma bat ekarri dizkigu 2022ko lehen ‘Zarata’ tartera.

Endika Sangroniz bakarlari getxoztarraren kantu bat izan da aukeratu duen lehendabizikoa. «Ingelesez abesten du eta folk-pop estiloa lantzen du, oso sentikorra eta interesgarria dena», esan digu Iker Bárbarak. Desert Dingoes indie taldean hasi zen eta orain bakarkako bideari heldu dio eta Bárbarak gaineratu du nabaritzen dela estilo hori jorratu duela aurretik, nahiz eta orain beste bide batetik doan.

Bigarren erreferentzia Gipuzkoatik datorren, edo horrela uste dugu behintzat, Desgaraian taldea da. «Ez dago ia ezer sare sozialetan haiei buruz eta jasotako informazioan ere ez dute gehiegi zehazten, baina ikusi dudanagatik talde gipuzkoarra da» esan digu Bárbarak. «Itxura ona dauka eta adi egongo gara ea hurrengo hilabeteetan datorren diskoa zer nolakoa ote den», gaineratu du kazetari bilbotarrak.

Bizkaira egin dugu salto J Martinakoek ere kantu berria kaleratu dutelako. Tendentzia berrien artean indartsu agertu zen proiektu honek 2022an kaleratuko du beren lehendabiziko albuma: «Kantu hau ‘Jaio naiz baina’ albumaren aurrerapen kantua izango da. Duela urte eta erdi jaio zen Ane eta Kattalin Barcena ahizpen eta Javi Jorajuriaren proiektua. Ahotsetan eta argi dago taldea J Martina dela, baina sonoritatean eta erritmoetan aurrerapauso bat eman dute, akaso popera bideratuago, baina ikusiko dugu ea lana zer nolako bidetik datorren».

Lehen tartea bukatzeko, Itoizen kantu bat aukeratu du Zarata MondoSonoro aldizkariko zuzendariak: «Oso bilduma interesgarria iruditu zait ‘1972-1975 Katebegiak’, euskal eszenan egin zen musika modernoari aitortza bat egiten zaiolako. Nire gurasoengatik jaso nuen musika mota hau eta etxean badut garai hartako biniloren bat ere».

Gauzak horrela, hauxe da urteko lehen hautaketa:

– Endika Sangroniz - Monochrome

– Desgaraian - Desgaraian

– J Martina - Gazte baten ametsak

– Itoiz - Ezekielen ikasgaia

Jaurlaritza Logoa