En directo
Ez zuen espero jende askorik Durangoko Azokan Jabi Patxonek, tristea izango zela uste zuen eta giro politarekin egin du topo bertan. Cesar Tejada, Fakun Calderón eta Asier Olabarrietarekin osatu du Kofradia Rock banda eta haiekin atera duen ‘Maitalea eta lapurra’ diskoarekin aurkeztu da Landako gunean. «Ingelesez idatzitako abesti batzuk euskarara moldatu ditut eta haietako sei hartuta osatu dut diskoa». Izenburua Bob Dylanen disko batean oinarritu du lekeitiarrak: «‘Love and theft’ deituriko disko bat bada eta, pixka bat harri tiraka, nola lapurtu ditudan abesti batzuk eta maitasunez eta errespetu handiz moldatu, bada, titulua gogoko nuenez, horixe bera jarri diot».
‘Aingeruak’ kantua, Elliot Smithen abestiaren moldaketa da eta hura izan zen lehen singlea, oraindik ere Kofradia Rocken soinurik gabe: «Hor gaude ni eta TAOM estudioko Jagoba Ormaetxea. Bera izan zen ekoizlea eta hau izan zen diskorako grabatu nuen lehen abestia, abuztua aldean. Orduan oraindik banda osatu gabe zegoen eta proiektua aurrera aterako ote zen ere ez nekien». Sei kantuak omenaldi moduan hartu ditu Patxonek.
Klasikoena eta ezagunena akaso Steve Miller Band taldearen moldaketa izango da, ‘Jokerra, jokoan okerra’: «Talde honek baditu beste hiruzpalau kantu ezagun, baina hau 1973an zerrendetako lehen postura iritsi zen eta 90. hamarkadan berriz ere lehen postura iritsi zen garagardo iragarki bati esker. Abesti klasiko bat da eta klasikoen zerrenda guztietan egongo dena. Egiari zor abestia etorri zen nigana, entzun nuenean lehen unetik moldatu nahi nuela pentsatu nuen eta gero jabetu nintzen famatua zela kantua. Ezaguna da eta zeresana eman dezakeela uste dut», eta arrazoi du, Azokako stand batean, pasaeran, ea nor zen galdetu zigutelako egin duen moldaketa dotorea dela-eta.
Kantuaren hitzak maitasun jokoan norberak izan dezakeen aurkezpen eskutitz moduan ulertu ditugu, baina Patxonek dio «bufoi batengan» pentsatu zuela, kartetakoan, kantua idazterakoan, «nahiz eta askok Batman pelikulako Joker izan dezakeen buruan. Izan ere karta jokok Jokerra zerbait oso ona, baina zerbait oso txarra ere izan daiteke. Horregatik ‘Jokerra, jokoan okerra’».
Bi urtetan, bi lan
Iaz ere beste lana atera zuen Durangoko Azokarako: «Pandemia aurretik Lekeitio aldean bost urtez bertsio talde batekin aritu nintzen, Rock&Roll express deiturikoan, eta jo eta ke aritu ginen, batez ere udan. Baina zikloak amaitu egiten dira eta aldatzeko edo gelditzeko unea etorri zen, pandemiarekin batera. Banuen gogoa berriz ere bakarkako bideari ekiteko gogoa, aurretik beste bi disko banituelako, eta abagunea baliatu eta hortik bi disko atera dira. Lehenengoa Sestaoko Iker Eskurzarekin grabatu nuen, estudioko lana nolakoa zen ikusteko, aurrekoak egun bakarrean grabatu genituelako. Aurten uste nuen ez nuela Azokara diskorik ekarriko, denbora gutxi nuelako, baina ‘Aingeruak’ grabatu ostean ‘Jokerra, jokoan okerra’ grabatzeko Urdulizko Andoni, Jimmy eta Josebarekin elkartu nintzen eta Xanperekin grabatu genuen Jon Cañaberasekin batera. Gero ezin izan genuen Xanperekin jarraitu, denboraz oso mugatuta ginelako eta Cesar Tejadarekin harremanetan jarri nintzen eta hau guztia egin. Denak dira niretzat Kofradia Rock, baina orain dudan formazioa da nolabait ere talde sentsazioa eman didana. Lorentzo Recordsen grabatu genuen, toki historiko hartan».
EH Sukarrako kideak dira taldea osatzen dutenak, Mikel Gorosabel ‘Norton’ kenduta: «Cesar Tejadak uda Lekeitio aldean pasatzen du eta demoak erakutsi eta gustatu zitzaizkion. EH Sukarraz gainera, Puro Chile taldean ere badabil Mamen Rodrigo eta konpainiarekin, eta estu dabilen arren, musikariekin harremanetan jarri zen eta EH Sukarrako taldekideek baietz esan zien eta ni ilusio handiz, Euskal Herrian izan den rock talde onenetako bateko kideekin hau partekatu ahal izan dudalako».
Rodrigok berak ere, Las Vulpes taldeko kidea izanak, kolaboratu du ‘Oraindik zu maite zaitut’ abestian eta baita McOnak taldeko Irati Irizar eta Joseba Iturrasperek ere ‘Moonshiner’ kantuan: «Lekeitioko konexio totala egon da hor eta Joseba miresten dudan musikaria da. Irlandako musikari edota folkari egiten dion keinua eta Lekeitioko euskaran abestearena oso gogoko dudan zerbait da». Abesti horretan kontrabandista askoren bizipenak kontatu ditu, Uncle Tupelo taldearen bertsiotik abiatuta.
Umorez betetako kantua, blues estiloan kaleratu duten ‘Bizkaiblues’, baina benetako istorioa ote da? «Beatlesen abesti oso zaharra da, beren ‘Let it be’ diskoan kaleratu zutena, John Lennonek idatzia. Beren gaztetasunari keinu bat eginaz sortu zen kantua. Neska batek mutilari alde eginaz tren bat hartzen duela kontatzen du. Guk trenik ez eta Bizkaibusa sarri dugunez, ba horrela moldatu nuen abestia, fikziozko istorio bat da, jakina».
Formatu fisikoaren defentsa
Diskoa fisikoan jarri du eskuratzeko moduan: «Seitik bost abesti sarean dauden arren, CDaren formatua defendatzeko nahia dugu. Asko gustatzen zaidan formatua da eta desagertzear dago, gainera Spotify eta halakoetan soinuak galdu egiten du. Horrez gainera, hitzak irakurtzeko aukera, itzulpena eskaintzea, kredituak… Hori guztia biltzen du CDaren formatuak».
Ahotsenean egin zuen aurkezpena eta momentuz ez du kontzertu gehiagorik: «Helburua diskoa grabatu eta Ahotsenean aurkeztea zen. Gero ikusiko dugu zer etorriko den, baina hau zen helburua eta bete dugu». Ez da gutxi helburuak beteta sentitzea.