En directo
Bere musika ibilbidearen 25. urteurrena ospatzeko aitzakia izan liteke ‘Haitzetan’ lanaren berrargitalpena, baina aitzakia soila baino gehiago ere bada. Mikel Urdangarinen ibilbidea ulertzeko mugarri ezinbestekoa da ‘Haitzetan’, mugarri baino, esan daiteke hor hasi zela dena. Disko horretan daude, besteak beste, ‘Bazkalosteko Kafea’ eta ‘Arrasto Umela’ kantuak.
Gerora garatu den trobadorea jaio zen ‘Haitzetan’ diskoan. Ez dakigu zenbat duen Laboatik, zenbat Cohenetik, edo zenbat Silviotik… Baina gitarra klasikoaren soka lodiena geratzen da kateatuta belarrietan, nylonezko sokek soilik duten zeta leun inperfekto ederrean.
Euskara mintzo duten hortzen artean sortzen diren s txistulariak aske dira, eta teknologiak eta pluginek egun kontrolpean duten hori dena ere bizirik da diskoan. Bere berrirakurketak iragan berria dakar. Eta opari ‘Su Nimiño Bat’ kantua, «egunero bizirik iraungo duen su nimiñoa» behar dugu eta, esan du Urdangarinek.