En directo

Ainara Rodriguez

«Lan munduak behar du euskara»

2021ko Abbadia saria Fagor Taldeak eraman du, euskararen suspertze bidean erreferentziako talde bilakatu delako; EMUN kooperatibaren laguntzarekin dihardute horretan. Bi erakundeetako ordezkari banarekin jarri gara euskarak lan munduan duen arrastoari begira.

Audio_placeholder

«Lan munduak behar du euskara»

Loading player...
Leire Okarantza Fagor Taldeko Euskara arduraduna eta Abel Irizar EMUNeko Proiektu arduraduna
Leire Okarantza Fagor Taldeko Euskara arduraduna eta Abel Irizar EMUNeko Proiektu arduraduna

Lan munduan euskararen sustapenean egin izan duen lanagatik erreferente bilakatu da Fagor Taldea, eta merezimendu horrek eraman du aurtengo Antton Abbadia saria eskuratzera. Leire Okarantza Fagor Taldeko Gestio arduradun eta Euskara koordinatzaileak esan digu «taldea osatzen duten zortzi kooperatibei egindako aitortza» dela, eta «oso eskertuta» eta aldi berean «harrituta» ere badirela. 

70.hamarkadan hasi zuen Fagor taldeak euskararen normalizaziorako bidea: euskaltzale zirenak, gau eskoletatik zetozen langileak... izan ziren horren akuilu, eta berahala lortu zuten makinariari behar besteko koipea eman eta martxa onean hastea. Baina horretan ere iritsi zen inflexio puntua; egoerak bultzada eskatzen zuen, teknifikazioa eskatzen zuen, eta hor iritsi zen EMUN kooperatiba, Okarantzak dioenez, «ezinbesteko bide-lagun» izan zaiena: «Gure beso-teknikoa izan dira, gu ez gara adituak euskara planak ezartzen; euren aholkularitzapean ekimenak martxan jarri, probatu, zuzendu... ditugu. Oraindik ere euskararen normalizazioa bada gurean helburu eta EMUN horretan gure argia da». 

EMUNen Proiektu arduradun dihardu Abel Irizarrek. Bere esanetan elementu askok osatzen dute euskara plan bat, horiek «ondo egituratzeak» dakar arrakasta. Baina ezinbestean «motibazioa eta dedikazioa» ere behar dira enpresaren eta langileen aldetik euskara batzorde batek aurrera egiteko: «Koherentzian joan behar dute enpresako zuzendaritzak diona eta euskara batzordeak egiten duena. Borondatez hasten dira euskara planak martxan, baina azkenean erakundeko helburuetan txertatzen amaitzen dugu. Erakundetze hori inportantea da iraunkor bilakatzeko eta kontsolidatzeko». 

Datuetan neurria

Egun Fagor Taldean euskararen ezagutza eta erabilera ez doaz parez-pare; ezagutza %85ekoa den neurrian erabilera %50-55 ingurukoa da. Aintzat hartzekoa da taldea mundu mailan saretuta dagoela, eta horrek ez bat, ez bi, hizkuntza askoren elkarbizitza ere badakarrela. Bezero gehienak atzerrian kokatzen direla azaldu du Okarantzak. Hala ere, datuak «oso onak» direla azpimarratu du irizarrek, kontuan izanik ezagutza datu horiekin enpresa askotan erabilera hutsala dela. «%55eko erabilerak esan nahi du nagusiki euskaraz ari direla gehiago funtzionatzen erderetan baino; hori kualitatiboki esanguratsua da». 

EMUNek egun 110 bat enpresetan ari da euskara planak lantzen, Gipuzkoako eta industria arloko enpresak dira nagusi. 

Bulkada gainerakoentzat

Fagor Taldeko Euskara arduradunak gonbita luzatu die gainerako enpresei euskara normalizaziorako bidea egin dezaten. Deialdi horrekin bat egin du Irizarrek, eta esan du euskarak enpresari eskaintzen dion balioa handia dela, «balio ukiezinak» sortzen dituela; eta bere garaian Maialen Lujanbio bertsolariak esandakoak ekarriz amaitu du: «Asko egin dugulako, asko dugu egiteko. Feminismotik bota zuen berak, baina uste dut euskarara ere ekar daitekeela».  

Jaurlaritza Logoa