En directo
Unean-unean, bertsoz-bertso ondutako txapela izan da Saioa Alkaizarena, Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapeldunarena. Ez zuen bere burua txapela janzteko hautagai ikusten, baina egindakoak ikusi ahala, lor zezakeela sinesten joan zen apurka, baita lortu ere; bertsotan irakatsi zion Estitxu Arozenaren eskutik jantzi zuen txapela: «Berezia izan zen niretzat, Estitxuk irakatsi zigun bere garaian bertsoa zer den».
Ez da makala lortutakoa, aintzat hartuz helburu ez izanik ere, bere lehen finalean txapela jantzi duela: «Maila oso altua izanik, tentsioa mantendu behar izaten duzu lau orduz. Luzea, nekeza, baina aldi berean, polita izan zen».
Berak bizitza osoa darama plazaz plaza; dioenez, ez du «ohiko» txapeldun batek jorra dezakeen biderik egin, baizik eta entrenatuz, prestatuz... gaur egungo mailara iristea erdietsi du. Alkaizak dio «bide hori guztia» atzo Anaitasunan jokatutako finalean «egikaritu» zela.
Igandekoak barneratuta, Euskal Herriko Bertso Txapelketara begira jarriko da, baina presiorik gabe: «Txapelaz gozatu nahi dut. Jarraituko dut sortzen, ertzak bilatzen eta nire bertsokera garatzen, ia noraino ematen duen horrek. Bertsoa arte ale bat den neurrian, ez dago neurtzerik. Plazara joan nahi dut erakustera nola egiten dudan bertsotan eta ahalik eta diskurtso propioena garatu».