En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

«Askotan galdetu digute ea zein den zenen abestia eta guk ere ez dakigu esaten»

Elkarrekin bakoitzaren bakarkako proiektuan ikusi ditugu Jon Basaguren Lauroba (Gasteiz, 1984) eta Libe García de Cortazar Gómez (Bilbo, 1981). Oraingoan, ordea, elkarrekin sortzeko gogoari kasu egin eta Pasadena proiektua aurkeztu dute, izen bereko diskoa kaleratuz. MusikHaria saioan izan dira.

Audio_placeholder

«Askotan galdetu digute ea zein den zenen abestia eta guk ere ez dakigu esaten»

Loading player...
Ezustean harrapatu gaitu Pasadena proiektuak beren lehendabiziko diskoarekin. (Galder IZAGIRRE)
Ezustean harrapatu gaitu Pasadena proiektuak beren lehendabiziko diskoarekin. (Galder IZAGIRRE)

Izaki gardenak hibernatzera joan zen iaz, kobazulora… ‘Sima’ hitzak eta bertan ikusten den argi-izpiak ez dakit loturarik ote duen aurrekoarekin.

Jon Basaguren: Simetan gehiago erori egiten gara edota botatzen gaituzte eta kobazuloak aukeratu egiten dira. Izaki Gardenak ondo dago kobazuloan hibernatzen eta ez dut ez indarrik ez gogorik sentitu martxan jartzeko. Beste hau egiteko gogoa eta nahia sentitu dugu, Libe eta bion arteko kantuak sortzekoa.

Iazko urtea sima bat izan zen inondik ere guztiontzat, baina askotan ez al dira simak uste baino azalekoagoak eta guk ez al ditugu handiago bihurtzen?

J.B.: Bakoitzak begiratzen duen atalaiaren araberakoa da. ‘Sima’ Nafarroan Gerra Zibilean gertatzen zenaren iruditik dator. Garai hartan pertsonak botatzen baitzituzten simetara. Horrez gainera, sima bezala erabiltzen ditugu toki asko gure buruaren kontrako gerretan, nahi ez ditugun horiek botatzen ditugu haietara. Baina botatakoak beti agertzen dira, izpi moduan edota Aranzadikoak bertara joaten direlako gorpuzkiak ateratzera.

Aurreko proiektuetatik desberdintasunetako bat kantu guztietan biak batera abesten entzuten zaretela. Gainera erdi eta erdi orekatzen duzue ia-ia guztia.

Libe García de Cortazar: Proiektuaren muina da hori, biok egitea elkarrekin kantuak. Batek akaso melodia bat sortzen zuen gero bestearekin elkarbanatuz, eta kantuak eta disko osoa horrela joan da garatzen. Gero bukaeran konturatu gara nola nahi gabe orekatu den. Ez da propio bilatua izan.

J.B.: Kantaren batean nik daukat pisu gehiago, beste batean Libek eta bukaeran dena %50era banatu da.

L.GdC.: Kanturen batean musika nik sortu dut eta segidan atzetik Jonek abesten du, edo alderantziz. Baina bionak dira abesti guztiak.

J.B.: Askotan galdetu digute ea zein den zenen abestia eta guk ere ez dakigu esaten, sortu akaso batek sortu zuen arren, gero beste zerbaitetan bihurtu delako eta guk ez dugulako gogoratzen jatorria.

Koroetan ere orekatzen da, bi ahotsetatik aparte hirugarren edo laugarrenak sartzen direnean batena edo bestearena entzuten delako modu nabarmenago batean.

J.B.: Ohituta gaude batak besteari koroak egitera, harmoniak natural ateratzen dira. Izan ‘Izaki’-n Libek egiten dituelako edota nik Liberen proiektuan.

‘Bihotz taupada eta labana’ abestiko hasieran, bateriak bihotz-taupadaren hotsa zuela iruditu zait:

L.GdC.: Ez da propio egindakoa.

J.B.: Eskerrik asko hori esatearren. Etxean egin genuen abestia eta probak egiten ibili ginen distortsioekin eta abarrekin grabatzen. Gero estudioan Raúl Perezek zerbait antzerakoa aurkitu du. Esan beharra dago kantua osatu zenean ez zeukan letrarik ere, hortaz, berez ez du loturarik soinu horrek eta kantatzen dugunak.

Abesti horren mezua horrela ulertu dut: «Aizue, hemen nago ni. Orain, zuen aurrean nago eta zer duzue esateko?»

J.B.: Justu horixe esan nahi genuen, 10 puntu. Ezer ezkutatzeko ez duzuneko sentsazio hori. Denen aurrean jarri eta kritikak jasotzeko beldurrik ez duzunean gertatzen dena, kontzientzia oso lasai duzulako. Bizitzako fase desberdinetan dagoen pertsonaia bat dago kantuetan bueltaka eta zine beltz eta detektibeskoaren erreferentziak ere baditu.

Pasadena, taldearen izenaren jatorria, zer da hitz joko bat edota ‘The Big Bang Theory’ zaleak zarete?

L.GdC.: Hitz joko bat da, «pasa behar zena» esan nahi duena nolabait ere.

J.B.: Leku izen bat izatea ere gustatzen zitzaigun, oso paisajistikoa delako gure musika. Gure garunetan norabait eramate horren jolasa ere gustatzen zaigu. Kaliforniakoa da ezagunena akaso, unibertsitateagatik eta aipatu duzun telesailagatik, baina Texasen ere badago beste bat, adibidez.

‘Goibela arnasten dute’ singlearekin etorri zen aurrerapen kantua, diskoaren data, proiektuaren aurkezpena… dena batera.  Sekretupean gordetzea zaila izan al da?

L.GdC.: Ez da zaila izan. Etxean gauzak egiten joan gara, baina ez genekien zer etorriko zen. Sormenean genbiltzala bazekiten, baina ez dugu zabaldu gehiegi. Ez gara «se viene cositas» horrekin matraka ematen ibili.

J.B.: Badirudi nahi eta nahiez single bat egin behar duzula aurrena, handik hiru hilabetera beste bat arukeztu eta gero ostiralean disko bat atera. Formula horrekin nekatuta gaude, Izakirekin egin dugu eta kito. Nekatu gara molde hori erabiltzeaz. Hori bai, lagunei-eta esan diegu eta isilik gorde dute.

L.GdC.: Zerbait eduki dugun arte ez dugu ezer kaleratu sareetan, hortaz ez da zabaldu.

Kantu honetan iruditu zait, akaso, gitarrak pisu gehien hartzen duen abestia dela.

J.B.: Izan daiteke kantu gitarreroena akaso, baina hasiera batean ez zen hain gitarreroa.

L.GdC.: Etxean egin genituen lehen maketak eta gero Danilori (Danilo Foronda Martinez) laguntza eskatu genion baxu eta gitarrarak grabatzekoo eta Daniri (Dani Arrizabalaga Roth) gauza bera baterirarekin. Pistak elkarri bidaliz eta abar ibili ginen sortzerakoan eta akaso Daniloren eskuetatik hartu du indar hori gitarrak. Horregatik eta estudioan elektrikak grabatzean ere beste gorputz bat hartu zuelako.

J.B.: Dena dela, hor Liberen koroek ere badute pisu handia.

Bai, arrazoi, «koroak» apuntatuta dut koadernoan. Baina hirugarren ahots hori Jon, zurea dena, ez da oso erreza egiteko. Melodia nahiko planoa duelako eta hori abestea ez delako erraza:

J.B.: Egia da, baina oso natural atera zitzaigun. Hala ere, horren bila joanez gero, akaso ez zen etorriko sekula. Gainera Libek esan zuen koro hori printzipala baino altuago egon behar zela, bestela oktaba bat igota soilik zozo samar geratzen zelako.

‘Ez gara hil behar’ abestian galbideaz ari zarete. Zein litzateke galbide eder bat zuontzat?

J.B.: Jendearentzat galbidea diren gauza asko ederrak dira, adibidez musika. Dirurik ez digu emango baina denbora asko eskaintzen diogu, bizitza osoa… Noski guretzat ez dela galbidea, baina bai jende askorentzat. Hartara, galbide ederra litzateke. Dena dela guk galbidea ez izateko lanean eta borrokan segituko dugu, duintasuna lortu nahi dugu inorentzat musika galbidea izan ez dadin.

Pasadena pasadako proiektua izango da edota denboran luzatuko dena? La Mina estudiora joan zarete eta horrek seriotasuna ematen dio proiektuari.

L.GdC.: Bada ez dakigu zer gertatuko den. Egia da zuzenekoetara eraman nahi dugula, baina ez dakigu zer gertatuko den.

J.B.: Mimo eta kariñoz landu dugun zerbait izan da eta ez dakigu zer etorriko den, ez da hiru urtean behin hartuko dugun zerbait edo halako zeozer. Ez. Natural etorri da eta horrela egingo dugu guztia.

‘Itzuli’ abestiak nostalgia kutsu nabarmena du. Iraganak oraina lanbrotzen du?

J.B.: Asko begiratzen dugu atzera, Libek esan duen moduan ‘zaharrak’ garelako. Oraindik indartsu gaude eta energiaz gainezka, baina atzera begira bidea egin dugu eta hari begira jartzea ere normala da.

Atmosferikoa da abestia, sintetizadore geruzek horretara eramaten gaituzte. Baina akaso dena organikoa da eta erratzen ari naiz…

L.GdC.: Etxean teklatuekin gauza asko egin ditugu eta geruza dezente sartu dizkiogu. Askorako ematen zuen horrek.

J.B.: Giro desberdinak bilatzen saiatu gara musikarekin eta ahots desberdinekin jolasean. Hori bai, hitzak beti musikaren atzetik etorri dira.

Bion arteko adostasuna hitzetan edota musikan lortu duzue errazago?

J.B.: Errazagoa bietatik batean ere ez, baina funtzionatu du ezta? Bidean gertatu dena, ordea, batek daki zer izan den.

Bizi dugun garaia ikusita, euskal gatazkari buruzko dokumental batetarako balio dezakeen abestia da ‘Sumendi magalean’.

J.B.: Bai noski. Gatazka bati buruz idatzitakoa da eta bakoitzak bere interpretazioa eduki dezake. Mugaren kontzeptua dago presente eta gatazketan garrantzitsuak dira mugak, libratzeko edo ihes egiteko edota atzean zer uzten dugun ikusteko. Leonard Cohenen abesti batean inspiratuta dago eta hortik hasi ginen tiraka. Sumendia ere badago tartean, kontrolatu ezin den hori.

Bake sentsazioa ematen duzue, ordea, tarte batean eta hor  zera esaten da: «Maite ditudan denak, betiko dauzkat hurbil. Euren hilobiak salbu daude zuen gisako piztia krudelengandik». Eta atzetik epikoa den igoera bat dator. Edozein heriotzaren aurrean balio dezake, akaso ‘Bihotz taupada eta labanako’ pertsonaia hiltzean:

J.B.: Beste ahalduntze bat da. Dena galduta duen baten egoeran jarri eta hori ikus daiteke ezta? Bere gertukoak aurrean hobiratuta dituen une horretan.

‘Hutsune’ kantua depresioaren kontzeptuarekin lotu dut nik, nahiz eta zuentzat beste zerbait izango den:

J.B.: Galera baten inguruko kantua da. Ezereza etortzen zaizunean gainera eta zoko guztietan duzun bakarra hustasun sentsazio hori denekoa. Batzuetan susmagarria da nola etortzen diren abestiak.

L.GdC.: Batzuetan letra kantuarekin batera etortzen da ia-ia, jotzen ari zaren bitartean kasik abesten hasten zara.

Entzuteko pausa bat eskatzen du, bukaerarako propio utzi duzue?

J.B.: Bai eta bukaeran badu gainera garapen bat apoteosikoa dena, melodiaren estrukturei erreparatuz gero zentzu askorik ez duena, eta bukaerarako utzi genuen.

L.GdC.: Zati hori erabat terapeutikoa da eta entseatzean ere terapia izan da hau jotzea.

Astelehenetan orain ‘Beste Bat’ saioak egiten ari zara Jon. Akaso ‘marroi’ batean sartu zaitugu, ezta?

J.B.: Egia da egunero ‘Zidorrean’ irratsaioa egiten dudala Euskadi Irratian, baina banituen zerrenda batzuk Izaki edota Pasadenako kantuak sortzerakoan entzun ditudan abestiekin eta horiek irratian gehiegi jarri ez ditudanez, hemen entzungo ditugu.

Diskoa eskuratzeko, bandcampa?

J.B.: Bai, pasadena.bandcamp.com orrialdean.

Fortunen diseinu eta guzti, ezta? Modu askean egin du diseinua?

L.GdC.: Gauza nahikoa argi geneukan buruan. Lore sortak duen indarra handia da eta normalean oparitan edota momentu txarretan ematen den zerbait izaten da. Guk hori genuen buruan eta ukitu retroa gehitu nahi izan diogu. Egin duenarekin benetan pozik gaude.

Ea zuzenekoetara bideratzen zareten eta laster entzuten zaituztegun berriz ere.

L.GdC.: Ea horrela den, eskerrik asko.

Jaurlaritza Logoa