En directo

Transkripzioa:
Ioar:
Hepa, Ander. Zer moduz zabiltza diru aldetik?
Ander:
Hori galdera egin didazuna, Ioar. Zer da hau, atraku bat?
Ioar:
Diru premian nagoela dirudien arren, ez da kasua.
Ander:
Zuzen-zuzen galdetu didazu. Beraz, esan egia: zenbat behar duzu?
Ioar:
Ez daukat diru premiarik. Kripto-txanponei buruz hitz egin nahi dizut, nahiz eta diruaz hitz egitea inoiz ez den erraza.
Ander:
Aditu izan dut zerbait krito-txanponez. Baina horretaz ez daukat ideiarik ere.
Ioar:
Diru birtuala da. Sarean mugitzen ari da, gero eta gehiago.
Ander:
Eta berdin-berdin balio du?
Ioar:
Batzuk aberasten ari dira. Askoz gehiago ez dakit.
Ander:
Interesgarria ematen du. Dena den, niri zalantzak sortzen dizkidate sareko kontu digitalek.
Ioar:
Kripto-txanpona diru elektronikoa da, fisikoki existitzen ez dena. Hau da, zifratze kriptografikoaren bitartez zorro digital batean gordetzen diren txanponak dira.
Ander:
Birtuala, orduan. Dirua daukazu, baina modu digitalean.
Ioar:
Antzeko zerbait. Kontuan hartu, guk esku artean izaten dugun diru apur hori ere birtuala dela. Papera besterik ez da, eta bere balioa banku handien urrean ordezkatuta dago, gutxi gorabehera.
AUDIOA-1 | UNAI ELORDI
Ioar:
Kontu berri samarra da kripto diruarena. 2009an sortu zen lehen txanpona, bitcoin izenekoa.
Ander:
Hori ezaguna egiten zait. Baina ez dut sekula horrelakorik eduki.
Ioar:
Kriptografia baliatzen dutelako deitzen da kripto dirua. Eta bere ezaugarria da, deszentralizatuta daudela datu base ezberdinen bitartez.
Ander:
Barkatu, Ioar... Ez dizut tutik ere ulertzen!
Ioar:
Bankuek, normalean, dena zentralizatuta edukitzen dute. Datu guztiak leku berberean bilduta daude. Kripto-diruaren kasuan, aldiz, datu baseak deszentralizatuta daude... nonahi. Eta ezaugarri hori da garrantzitsuena.
Ander:
Kontrolaezina al da?
Ioar:
Ez dakit hori ote den hitz egokia.
Ander:
Dirua beti izaten da kontrolaezina. Baina kripto-txanponak kaos bat dirudi.
Ioar:
Internet bera ere deszentralizatua da. Ez dago dena ordenagailu bakar batean, ordenagailu erraldoi asko baitaude munduan. Hori da bere ezaugarria. Eta diruaren kasuan ere antzera.
AUDIOA-2 | UNAI ELORDI
Ioar:
Edonork sor dezake diru elektronikoa. Hortxe dago softwarea. Baina, jakina, baliabide konputazionalak beharko dituzu.
Ander:
Baliabideak dituen edonork egin lezake?
Ioar:
Baliabideak izatea esan nahi du ordenagailu oso ahaltsuak edukitzea.
Ander:
Ados. Horrelako ordenagailuak eta gaitasuna ez daude edonoren esku.
Ioar:
Ekimen ahaltsuen esku dago horrelako kripto dirua sortzea eta mugitzea. Erabiltzailea, berriz, edonor izan liteke. Gu erabiltzaileak izatera kondenatuta gaude.
Ander:
Orain, bat-batean, bururatu zait... Ipar Euskal Herrian eusko txanpona erabiltzen duten bezala, ederra litzateke eusko kripto-dirua sortzea.
Ioar:
Eusko? Hori ere ezagutzen duzu?
Ander:
Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan erabiltzen dute eusko txanpona. Euroa aldatzen duzu eusko dirura, eta euskoa erabiltzeaz batera tokiko ekonomia eta hizkuntza bultzatzen dituzu. Etekinak elkarteen artean banatzen dituzte gero.
Ioar:
Oso interesgarria!
Ander:
Tokiko moneta bat da, eta arrakastatsua gainera. Dirutza bat mugitzera iritsi da. Ohikoa da ostatu eta dendetan “Hemen Eusko” afixak ikustea. Asko hedatu da.
Ioar:
Eta karteran eraman daiteke?
Ander:
Paperezkoa da. Euskaraz idatzita dago. Eta Euskal Herriko irudi eta argazkiak dauzka. Tokiko ekonomia, iraunkortasuna eta hizkuntza bultzatzen ditu euskoak.
Ioar:
Izugarri ederra da hori.
Ander:
EH Zuzenean festibalean ezagutu nuen. Eta hara noan bakoitzean euroa aldatu eta euskoa erabiltzen dut. Uste dut etxean oraindik baditudala billete batzuk. Erakutsiko dizkizut hurrengoan.
Epilogoa - Beti ikasten
Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
Perpausa kontzesiboa.
Solasaren hasieran Ioarrek esan du:
—«Diru premian nagoela dirudien arren, ez da kasua».
Ioar:
Perpausa kontzesiboa egin liteke beste era honetan:
—«Diru premian nagoela irudituta ere, ez da kasua».
Ander:
Hirugarren forma bat ere badaukagu:
—«Nahiz eta diru premian nagoela iruditu, ez da kasua».
Ioar:
Azken forma hori nik erabili dut:
—«Kripto-txanponei buruz hitz egin nahi dizut, nahiz eta diruaz hitz egitea inoiz ez den erraza».
Hemen entzun dezakezu Unai Elordiri egindako elkarrizketa.


