En directo
Glaziarrak izan ditugu hizpide NAIZ Irratiko Gelditu Makinak saioko 23. atalean. Glaziarretan adituak dira Eñaut Izagirre eta Ibai Riko glaziologoak. Azaldu dutenez, munduko tenperaturak gora egin ahala mehetzen ari dira glaziarrak, urtzeak itsasoaren mailan du zuzeneko eragina eta, ondorioz, munduko oreka guztietan.
Konpostaz ere aritu gara Xabat Larrarterekin, Garbitaniako kidea da bera. Pilula nork ekarri digu? Nork ekarri dizkigu, hobeto esanda. Ainhoa Gutierrezek zine kontuak ekarri dizkigu eta Oier Etxeberriak energia gomendioa eman digu.
Antartika eta Groenlandia dira glaziar ezagunenak. Glaziologoek esplikatu dutenez, glaziarrak baino sistema askoz handiagoak dira; izotzak hartutako izugarrizko azalerak, eta bertan dago gure planetako izotzaren %90 edo gehiago. Horregatik, lur azalean ditugun izotzezko elementu guztiek osatzen duten kriosferaren barnean garrantzitsuenak dira.
Baldintza klimatikoetan sekulako eragina dute. Agertu dutenez, Antartika gure planetako laugarren kontinenterik handiena da, eta Groenlandia daukagun uharterik handiena. Antartikaren kasuan %90etik gora hormak hartuta dago eta Groenlandian %80 inguru. Horrek hozkailu efektu bat sortzen du gure planetan.
Erantsi dutenez, kontuan hartu behar da izotz masak murrizten diren heinean eguzkitik etortzen den energia kopuru gutxiago islatzen dela kanpora. Hori ere klabea izan daiteke Lurraren funtzionamendu klimatikoa erregulatzeko edo erretroalimentazio zikloak gertatzeko.
Oso denbora gutxian berotzen ari da Lurra
Izagirrek azaldu duenez, munduko batez besteko tenperatura 1,1 gradu igo da, baina badira hainbat txoko sentikorragoak direnak eta igoera askoz ere nabariagoa izan dutenak, adibidez Artikoa eta Alpeak eta Pirinioak bezalako goi mendiak.
Rikok erantsi du tenperaturen igoera hori oso azkar gertatu dela. Igoerarik handiena 1950. urtetik hona gertatu da, bereziki azken hamarkadetan. Testuinguru historiko klimatiko batean ulertu behar da antzina emandako aldaketa naturalekin konparatuz, Lurra gaur egun baino beroago ere egon izan dela, baina berotze horren abiadura ez da orain bezain handia izan.
Gure planetan hainbat elementu dauzkagu horri erantzuteko. Gune sentikorretako batzuk dira glaziarrak eta izotzezko gorputzak, kriosferaren parte direnak. Glaziarren kasuan, alde batetik izotz kontinentalak daude, Antartika eta Groenlandia, eta bestetik, mendietan dauzkagunak. 80. hamarkadatik aurrera glaziarrak askoz modu nabariagoan ari dira mehetzen baldintza klimatikoen degradazio honi erantzunez. Azkartze prozesu bat eman da.
Azaldu dutenez, gaur egun batez beste glaziar ezagunetan, Europakoetan, Alpeetan, Islandian, Alaskan zein Patagonian, metro bat arteko mehetzea daukagu urtero. Hori da oro har munduko glaziarren %90-95ean ikusten dena. Badaude loditze prozesuetan daudenak ere, Patagoniako bat edo beste kasu, baina orokorrean atzera egiten ari dira guztiak eta, gainera, askotan modu oso-oso nabarian. Esate baterako Pirinioetan galzorian dauzkagu.
Itsasoa, gordailu itzela bezain ezezaguna
Itsasoaren maila jada 25 zentimetro igo da mundu mailan. Orain arte ekarpenik handiena mendiko glaziarrek egin dute, baina bereziki Groenlandia eta Antartika mehetzen ari dira eta horiek itsas maila igotzeko duten ahalmena askoz handiagoa da mendiko galziarrena baino. Hortaz, mende honen amaierarako itsasoaren maila metro batetik gora igo daitekeela kalkulatzen da, agertoki klimatikoaren arabera. Horrek ondorio esanguratsuak izango ditu, populazioaren ehuneko oso handi bat kostaldeetan bizi baita.
Itsasoa eragile itzela dela esan dute glaziologoek, gutxi ezagutzen dena eta energiaren gordailu dena, baita karbono dioxidoarena ere. Itsas korronteak epeltzeak, Artikoan gertatzen ari den bezala, eragina dauka bertako uharteetan. Horrek kontrako efektua ere izan dezake. Hori gertatu izan da, ustez epeltze bidean ziren korronteak hoztu egin dira.
Bada lotura bat itsasoaren eta glaziarren artean, eta klima berotzearen eragin nagusi bat da itsasoa bera ari dela gordetzen energia hori eta hori da gero aterako dena, itsasoa oreka bilatzen saiatzen baita.
Atzera bueltarik baden galdetuta, baietz erantzun du Izagirrek. «Zenbat eta lehenago egin askoz ere modu argiagoan nabarituko dugu, ez bihar, ez urte gutxira, baizik eta hurrengo hamarkadetan». Baikor izan behar dugula aldarrikatu du, eta «kontziente izan gauzak bai ala bai aldatu behar ditugula».
Rikok gehitu du aldaketak posibleak eta beharrezkoak direla. «Benetan utopikoa dena horrela jarraitzea da. Sortu dugun eredua badago pentsatuta infinitua den sistema natural baterako, baina planeta bakarra daukagu eta klima aldaketak guk sortu dugun desoreka bat erakusten digu». Orain benetako eta sakoneko trantsizio bat egiteko aukera dugula eta horrek gogoeta pertsonala eta instituzionala eskatzen duela defendatu du.