En directo
Ezinezkoa da jakitea gure bizitzako maitasuna noiz eta non agertuko den jakitea, baina askok diote uneoro prest egon behar dugula edozein momentutan gerta litekeen zerbait delako. 'Dena Irailerako' saioan maitasunaz eta erromantzeaz hitz egitea asko gustatzen zaigun zerbait da, saioa nola hasi dugun entzutea besterik ez dago. Atzoko egunean Eider Iruretagoiena psikologo eta hezitzaileak alor horretan oinarritutako zenbait egoeren berri eman zigun, eta atera genuen ondorioetako bat, honako hau izan zen: Maitasunean ere, ezin dugu utzi Dena Irailerako.
Horregatik eta beste hainbat arrazoi tarteko, gurekin egin du beste behin ere bat Iker Plazaola Oñatiko txantxikuak. Erasmusera doazen ikasleak izan ditu oraingo honetan hizpide, baina ez edozein, covid-19aren aurkako txertoaren prozesu osoa betetzeko aukerarik izan ez duten ikasleen inguruan hain zuzen ere. Kalera irten eta gazte, heldu zein turistekin hitz egin du Plazaolak, hauen gazte garaiak ezagutu ahal izateko. Ander Garizurieta ikaslea elkarrizketatu du bestetik, bera bi dosiak hartuta aurkitzen bada ere, egoera ez delako batere ona.
Urko Rodriguez eta Kimok ere ez dute hutsik egin beste aste batez. Aste osoan zehar zenbait gertakari izan ditugu, mundu zabalera begira jartzea ere gustatzen zaigu zenbaitetan eta Haitiko lurrikarak hartu du gaurko honetan kolaborazioaren garrantzia. Albiste hauek musikatzen aditua da bikotea eta lan eder ugari entzuteko aukera izan dugu, gertakari oso ilunak izan arren, aukeraketa ezin hobea egiten asmatu baitute oraingoan ere.
Amaitu baino lehen, Itziar Egurenen bisita jaso dugu Naiz Irratiko mikrofonoen aurrean. Donostia Arraun Lagunakek Euskotren ligan garaile izatea lortu zuen eta zuzendari edo lehendakariarekin gertuagotik bizitzeko aukera izan dugu garaipen hori. Egurenen ibilbidea gertuagotik ezagutzeaz gain, Donostia Arraun Lagunak taldea nolatan sortu zen eta gaur egun zenbat kidek osatzen duten jakin ahal izan dugu.