En directo
«20 urtetik hona erreferente guztiak galdu ditugu bikoizketan»
'Bieuse' elkarteko kide den Xabier Alkiza izan dugu astearte honetan 'Dena Irailerako' saioan. Bikoiztaile euskaldunen egungo egoera zein den azaldu digu eta hiru urte luze hauetako grebaren arrazoiak zehaztu ere bai.
«20 urtetik hona erreferente guztiak galdu ditugu bikoizketan»
Ez da egoera batere samurra bikoiztaile euskaldunena, gutxi entzun izan dugun gai bat bada ere ahotsa jartzeko beharra sentitu dugu 'Dena Irailerako' saioan. Horretara etorri da Xabier Alkiza 'Bieuse' elkarteko kide eta bikoiztailea 2018az geroztik darraiten grebaren ingurukoak kontatu ahal izateko. Erabat hautsi gaituen esaldia izan da Alkiza beraren ahotik ateratakoa, «20 urtetik hona erreferente guztiak galdu ditugu bikoizketan». Zein da ordea halako egoera baten aurrean gizarteak, erakundeek edota gobernuak duen erantzuna?
Borroka luzea izango dela zehaztu nahi izan digu gonbidatuak aurrera begira, izan ere, espero ez zen zerbait izan zen lanuztea. Moduren batera antolatzen eta saiatzen ari direla dio, «modu konbentzional batean eginiko borrokak talde txiki batentzat balio ez duenez, beste bide batzuetatik gure lana duintasunez janzteko» hain zuzen ere. Ez da borroka erraza izaten ari, lan txikiak egiten badituzte publizitatean esatera, Euskal Herri mailan dagoen produkzioa oso murriztua da.
Kataluniako egoera izan du aipagai ere, egoerak bertan txarrera egin bazuen ere borrokan jardun eta beraien eskubideak maila onera itzultzea lortu baitzuten. Ondo kontatu digu Alkizak: «Kataluniarrek ez dute hitzarmenik, orain ari dira negoziatzen», baina «gai izan dira aurre egiteko duten kalitate eta erakunde publiko nahiz arduradunengandik izan duten bultzadagatik».
Badira Euskal bikoiztaileen artean ordea, grebari uko egin eta gonbidatuak esan digun moduan «baldintza ez onetan» jardun dutenak. Hiru urte luze hauetan hala jarraitu izan dute, baina 'Bieuse' elkarteko kideek grebara jo zuten arrazoi berberagatik desleial dira orain beraien baldintzekin. Buruari buelta bat baino gehiago emateko gaia da honako hau, Euskal Herriko zenbait haurrengan ere eragin zuzena baitu eta ez haurrak bakarrik, baita gizarte osoarengan ere hizkuntzaren aldetik.