En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

‘Tolesdurak’ dituen diskoa kaleratu du Audience taldeak

Bederatzigarren diskoa kaleratu berri du Audience talde gernikarrak. Lau tolesduratan ulertu daiteke diskoa, izenburuari zentzu bat emateko modua eskuratuz horrela. Baina bakoitzak atera ditzala kontuak, Audiencekoek ez dute eta azalpenik emango horren inguruan. MusikHaria saioan izan dira.

Audio_placeholder

‘Tolesdurak’ dituen diskoa kaleratu du Audience taldeak

Loading player...
Bederatzi disko kaleratu ditu ‘Tolesdurak’ argitaratu ostean Audience talde gernikarrak. (Nagore LEGARRETA)
Bederatzi disko kaleratu ditu ‘Tolesdurak’ argitaratu ostean Audience talde gernikarrak. (Nagore LEGARRETA)

‘Take off’ kantuarekin abiatzen da Audience taldearen ‘Tolesdurak’ diskoa, ukitu zinematografiko bat duen kantua. «Abesti instrumental batekin hasteko asmoa genuen, baina gutxika-gutxika forma hartzen joan zen eta behetik gora egiten duen kantua da, pixkanaka-pixkanaka. Bidaia moduan planteatzen ditugu diskoak eta horri hasiera emateko moduko abestia iruditu zitzaigun, gero letrarekin eta guztiarekin ezkontzen zuen samplerra aurkitu genuen, espaziora doan espazio-ontzi baten irteera uneko elkarrizketa, David Bowieren ‘Space oddity’-n entzuten den modukoa», esan digu Gaizka Insunza Audience taldeko musikariak.

‘Mauka’ dator segidan eta single moduan kaleratu zuten, abestia Ager Insunzak idatzia da eta letren inguruan ez zaie azalpen gehiegi ematea gustatzen Gaizkak kontatu digunez. Dena dela, gure ondorio bat plazaratu diogu Gaizkari, Agerren anaiari; ea desberdin izatearen bidesaria handia izaten den: «Bizitzako arlo guztietan dagoen zerbait da, mainstreametik ihes egiteak kostu batzuk ditu, baina mainstreamean egoteko bestelako kostu batzuk ere izaten dira, haren parte izateko norbera den bezala utzi behar izaten delako askotan».

Hainbat aretok pandemian garaian ateak itxi behar izan ditu eta horien artean dago Gernikako Trinkete antitxokoa. Audience taldekoek ordu asko eman dituzte bertan: «Maitasun kantu bat da ‘Trinketen beste bat’. Audience taldekook Trinketeko bazkideak izan gara, baina bazkide aktiboak. Musika programazioan pisua izan dugu, lehen kontzertua han eman genuen duela 20 urte eta orain agur esan behar izan diogu. Faltan sumatuko dugun tokia da ezbairik gabe, baina horrela behar zuen, ordu asko pasa ditugu bertan eta goizaldera arte maiz iritsi gara. Iparragirre Rock elkartea edota Astrak bestelako egitura bat dute, formalagoa, sendoagoa… Bertan jende askok hartzen du parte eta egitura sendoa dute. Baina Trinkete kuadrilla batek sortu zuen, musikari, sortzaile, teknikari… denetarik elkartu ginen eta horrela atera zen aurrera. Orain, Gernikak Trinketeren mezua jaso duela uste dugu eta bertan entzuten zena eta ikusten zenak Astran edota Iparragirren jarraipena izango duela iruditzen zait, baita Lekuek jaialdian ere».

Kantu hori jazz estiloan eginda dagoela esan diogu Insunzari, akaso Trinketerekin lotura izan dezakeelako: «Estilistikoki Talking Heads taldea du kantuaren zati batek eta bukaeran Led Zeppelini omenaldi bat egin nahi izan diogu. Funky ukitua du hasierak, rockari begira, eta bukaeran berriz Led Zeppelinen Kashmir kantuaren erritmo koadratu hori du, lau-lauko erritmoan, gitarrak batera eta bestera dabiltzan arren. Dena dela, bibrafonoak egia da jazz estilora ere eramaten gaituela».

Bi disko edo lau aurpegi
Bi diskotan dator banatuta ‘Tolesdurak’ lana, baina binilo bezala ulertuta, lau aurpegi ditu. «Ordena pentsatzerakoan bi CD-tarako banaketa egin genuen eta binilorako pentsatuz lautan zatituta dago lana. Gitarrak presentzia gehien duen aldea da A aldea, non bateriak eta baxuak potentzia handia duten. ‘Alde egitea’ abestia ezohikoa da, ez baikara kiribiletan sartzeko oso zaleak, bost minututik lautan akordeak errepikakorrak dira eta hori ez da ohikoa. Baina esan nahi dut lehen abesti hauek oso sinple grabatu ditugula. Lauak batera jo eta modu organikoan, mozketarik eta ediziorik gabe, sartu dira diskoan. Bizpahiru hartualdi egin dira kantu bakoitzarekin eta ez dago ezer ukituta. Gero gainetik daude eginda ‘recording’ batzuk, ahotsak, bibrafonoa edota saxofoia sartzeko. Baina, esanda bezala, ahal den eta gutxien editatuz eta oinarri osoa batere editatu gabe». Kanturen batean erronka handia izan zen: «Piano akustikoa ez da zuzenean grabatzen normalean, are gutxiago bateria eta pianoa gela berean daudela. Bada ‘Gaurtik aurrera’ kantuan horiek biak, baxua, pedal steel-a eta teklatua daude jota. Pedal-steela bera ere zuzenean jotzea ez da erreza, afinazioagatik eta abar, bada Ager artista da horretan. Ruben zen gelatik kanpora zegoen bakarra, teklatuarekin eta atzetik gitarra akustiko bat eta ahotsak sartu genituen. Hortaz, grabaketa erraz joan zen eta kantu hau entzutean bakea eta lasaitasuna transmititzen dizkit», kontatu digu Insunzak.

Gisa horretara grabatzearen abantailez ere aritu gara Gaizka Insunzarekin: «Hiru aldiz abestia jo eta abestia eginda dago. Gozada bat da eta horrek bere balioa du. Ez dut gutxietsiko pistaka grabatzen duen taldeek egiten dutena, edota bonbo bat behin bikain jo eta edizioan behin eta berriz bonbo bera jartzen duenaren lana, hori ere zilegi da, baina nik ez dut gustuko. Argazkilariaren lanarekin alderatuz jarriko dut adibidea. Egunsenti perfektuaren bila hamar aldiz toki berera joan, ordua kalkulatu, eguzkia non den begiratu, lentea aukeratu eta hartualdi asko egin eta argazki perfektua atera duenaren lanak balio gehiago duela iruditzen zait, edozein unetan joan, argazki bat atera eta photoshopean editatu eta emaitza bera lortzen duenarenak baino. Akatsak ere gordetzen dira gure kasuan eta hori ere ederra da, Thelonious Monkek esaten zien musikariei, «Bizpahiru aldiz grabatuko ditugu gehienez jota abestiak, hortaz, akatsen bat egiten baduzu, betirako entzungo duzu diskoan». Hartara, ahalik eta ondoen jotzen dugu grabatzerakoan eta, distantziara entzutean, grazia egiten du edota zure lana balioan jarri. Horrez gainera, norberarekin konforme geratzeko modua ere bada modu honetan grabatzearena».

Bertilssons kapitainari buruz bi abesti egin dituzte eta suedieraz titulatu. Kapitainaren heriotzari egindako kantua da bi horietatik bat eta badu militar martxa baten tankera. «Abestien izenburuaren zergatia, Ager Suedian bizi izan zen garaitik dator. Suedian bizi zen, baina taldearekin jarraitzen zuen. Bertilssonsen izena, berriz, kirolarekin lotzen da. Anaiak korrika asko egiten zuen eta Bertilssonsen kalean atzera eta aurrera ibili izan zen lasterka, hortaz, hor dago kantuaren jatorria. Martxa militarraren ideia bota zuen Agerrek eta kaxaren erritmoarekin eta abar, hori lortu dugulakoan nago», dio Insunzak.

Kontrasteekin jolasean
Lehen zortzi abestietatik zazpigarrena, ‘Triñeko ogigaztaia’, oso laburra da, kontrapuntu moduan sartuta lehen disko horretan. Baina 27 segundo besterik ez ditu eta zergatik geratu ote da hain labur? «Eta zergatik izan behar zuen luzeagoa? Beti izan gara oso diskretuak eta zergatik ez ausartu halako zerbait egitera? Sonoritate hau lortzea ez dut uste gauza erreza denik eta horretarako gai garela erakutsi dugu. ‘Bob Esponja’-ren musika izan zitekeen, txiste moduko bat, zertarako intentzioa dugun erakusten dugu eta umorea lortu nahi izan dugu kantu honekin, bigarren diskoan dagoen ‘Barre zurekin, ez zuri’ kantuarekin lotzen da. Lehen diskoko B aldeak pisu handia hartzen du, Neil Young edota Crazy Horse-n estilora egindako kantuekin seriotasuna hartzen zuen, gero Re tonalitatean egindako kantuen artean kantu mardulak sortu dira, eta horien arteko kontrapuntu alaia zen ‘Triñeko ogigaztaia’».

Bigarren diskoan dagoen ‘Barre zurekin, ez zuri’ kantua grabatzen ondo pasa zuten eta nabari da. Horrela gogoratu du Gaizkak: «Barreak, txistua, turutak eta musu-gitarra bezalako instrumentuak erabili ditugu eta kantu benetan umoretsua geratu da». Baina bigarren diskoari irekiera ‘Mendaro Fiddler’ kantuak ematen dio, kantu berezia eta erresistentziaren adibide garbia dena: «Anaia Donostian bizi da eta Gernikara etortzen zenetan beti komentatzen zigun Josebaren istorioa. Beranduago, grabatzera joaten ginenetan ikusten genuen bere txokoan. Hor dago egunero, urte luzez, bere eskubideak aldarrikatzen. Guk ere Audience pixka bat horrela ikusten dugu, 9 disko, gure adinarekin musika egiten jarraitzen dauden zailtasunekin… Erresistentzia modukoa iruditzen zaigu egiten duguna ere. Hortaz, berarekin ikusi genuen halako lotura eta argazki sesio bat egin eta bideo bat grabatu genuen, harremanean sakondu, sekulako tipoa da Joseba. Kantuak musikalki badu hala ere inork entzuten ez duen gauza bat, edota esan ez diguten zerbait, erritmoa reggaetoian egina dago. Gitarrak amerikarrak dira, ahotsak ez du melodinerik… Espero genuen jendeak zerbait esango zigula eta kritikaren bat jasoko genuelakoan ginen, baina keba», esan digu irribarrez Audience taldeko kideak.

Audiencekin bidean ikasitakoa erakutsiz
Gazteleraz abestu dute ‘Cartas de amor’ kantuan, ezohikoa den zerbait Gaizka Insunzaren kasuan. «Kuban modu naturalean sartu genuen gaztelera eta handik zerbait ikasita etorri gara. Lortu genuen bai gaztelerarekin ditugun konplexuak kentzea eta baita musika latinoarekin genuena ere. Nik lehendabizi musika egiten dut eta gero letra eta hemen argi ikusi nuen gazteleraz idatzi behar nuela. Erronka bat izan zen niretzat. Euskaraz abestea kostatu egin zitzaidan, hasieran ez bainintzen euskaraz abesteko gai, izan ere Estatu Batuetan egindako urte haren ostean, nire ahotsa ez nuen euskaraz ulertzen. Bada, orain, Kubatik buelta egin ostean, gaztelerarekin ausartu naiz. Alexander eta Presleyren ‘Love letters’ kantua oso gogoko dut eta hortik dator izenburua. Akaso entzuten da bolero baten melodia, baina badut sentsazio bat edota desio bat askotan. Tango bat idatzi genuen lehenago ere, eta sorreran tango bat zen eta bidean Audience bihurtu zen. Berdina reggaetoiarekin edota boleroarekin, estilo desberdinak ukitu eta gure terrenora ekartzen ditugu, hortaz, entzuleak lehendabizi Audience entzuten duela esan genezake», esan digu Insunzak.

‘Haizepela’ abestiaz galdetuta, berriz, abesti pop batek eduki behar dituen elementuak dituela kontatu digu Insunzak: «Ez gara horren bila joan, baina iraupenarekin eta egitura kontuan izanda, irrati-formuletan jartzeko moduko abesti polita geratu zaigu. Los Lobos talde mitikoaren doinuetara eramaten nau kantu honek eta badu beren musika harekin loturarik».

Estudiora kantuak prest eramaten dituzte eta lokalean egiten dutena bere horretan eramaten dute: «Momentu bat erregistratzea izaten da gure nahia, baina baten batek sekulako konponketa egiten badu une batez, aldaketa hori egiten dugu. Dena dela badira instrumentu batzuk gero zuzenekora eramatekoan sakrifikatu behar direnak edota estudiotik zuzenekora eramaten ez ditugun kantuak ere baditugu. Esaterako ‘Hatzmarkak leihoan’ kantua zuzenekora eramatea ez da erreza izango, erronka bat da… Saxofoia ezingo baita zuzenean jo, bossanova ukitu hori ez da erraza izango zuzenean defendatzen. Eta, gainera, Anari eta Morgane Agerren alabak eta Beñaten Uxue eta Hanot seme-alabak daude abeslari moduan eta kantua berena egin dute. Hortaz, ea nola defendatzen dugun». Iazko udan Audiencen lokalean lapurreta bat izan zuten eta lapurrak hatz-markak utzi zituen leihoan, hortik sortu da abestia eta «lapurrari eskaini» nahi diete, «zailtasun hori ere aurre egin behar izan» diotelako gernikarrek.

Gernikan eta Andoainen aurkeztu ostean, Elorrion jo zuten aurreko igandean; irailera arteko atsedena hartu aurretik azken kontzertua. «Entzuleek badute informazio asko ‘Tolesdurak’ diskoa entzuterakoan eta hori asimilatzeko denbora izango dute irailean eta urrian emango dugun kontzertu sortaren aurretik». Audiencen bandcamp orrialdean zein bIDEhUTSen webgunean eskuratu daiteke gernikarren disko bikoitza.

bH053 audience "mendaro fiddler" from bIDEhUTS on Vimeo.

Jaurlaritza Logoa