Donostia / Gernika

Funkya eta rocka uztartuz, disko interesgarria landu du Silicies Grizzlies taldeak debutean

Leioako campusean batu eta 2018an sortu zen Silicies Grizzlies musika taldea. Bi urte beranduago etorri da beren lehendabiziko diskoa eta orain hura aurkezteko aukeren beharrean daude. Hori iritsi bitartean, NAIZ Irratiko Beste Bat saioak egiten dabiltza ekaineko asteazkenetan.

Audio_placeholder

Funkya eta rocka uztartuz, disko interesgarria landu du Silicies Grizzlies taldeak debutean

Loading player...
Unibertsitate garaian batu eta sortu zen Silicies Grizzlies taldea.
Unibertsitate garaian batu eta sortu zen Silicies Grizzlies taldea.

Taldearen izena eta haren jatorria oso bitxiak dira eta Bilborock-eko entsegu lokaletan izena eman behar zutenean jarri zuten. «Entseatzera joan ginenean ez geneukan izenik, eta izenik gabe ezin lokalera sartu. Bezperan Memphis Grizzlies taldearen partida ikusten egon nintzen eta Silicies Grizzlies atera zitzaidan segidan eta horrela geratu da taldearen izena», kontatu digu Andoni Sierrak, taldeko-bateria jotzaileak. «Saskibaloian bost jokalarik jokatzen dute eta gu ere bost gara», gehitu du Mikel Estonba saxofoi-jotzaileak. Unibertsitateak elkartu zituen taldeko bost kideak: «Oso errez elkartu ginen, Leioako campusean klase eta klase artean, klasera joaten ginenean, musikaz hitz egiten genuen. Handik elkartu eta arratsaldeak aprobetxatu asmoz entseatzen hasi eta taldea sortu zen». Luken Prinse eta Jon Gartzia gitarra-jotzaileek eta Ibai Azurmendi baxu-jotzaileak osatzen dute boskotea.

Unibertsitateari aipamena eginda, taldeak edota ikasitakoak fruitu gehiago eman ote duen galdetuta, «fruituak ematen hasi da, utzi dezagun hor» esan digute taldekideek. ‘Garapena’ abestian bertan salatzen dute gazte askok bizi duen egoera, baina Donostiako errealitatean zentratuta dago abestia Sierrak esan digunez: «Mikelek eta Jonek, taldeko bi donostiarrek egin zuten letra. Gernikan, zorionez, oraindik ez dugu hainbeste pairatzen hirietan gertatzen ari den aldaketa hori». Estonbak argi eta garbi salatu du: «Hirian geroz eta zerbitzu gehiago, alternatiba gehiago… Baina denak enpresa handietara bideratuta, politikariek hori nahi dutelako. Hiria saltzen ari dira, modu zuzenean esanda. Bost minutuero Hondalea bezalako adibide bat ikusten dugu».

‘Tom Anderson’ abestiaren atzean istorio luzea dagoen arren, labur bada ere kontatu digute nondik datorren izen bitxi hori: «Taldeko baxu-jotzailearen etxean egiten genituen entseguak. Tom zen bere katua, goian bego, eta entseatzen genuenetan eguzkitan gozo etzaten zen. Hitz joko bat da eta «Tom under sun»-etik dator (Tom eguzkipean, alegia), gero gure jainkoa dela ere esaten dugu abestian. Gu izerditan blai izaten ginen bitartean, hura pozik bizi zelako eguzkipean, horrelakoa baita katuen bizitza». Nahi gabe, gainera MySpace musikaren sare sozialeko sortzailearen izena ere eman diote kantuari, Tom Anderson izan baitzen sare hura martxan jarri zuena.

Red Hot Chili Peppersen itzala
Eraginen inguruan galdetuta, Red Hot Chili Peppers taldeari buruz aipamena egin diegu: «Ukaezina da haien eragina, gainera lehendabiziko kontzertuan bere kantu baten bertsioa ere jo genuen. Baina nik esaterako ez dut Red Hot entzuten, Metalaren bueltan mugitzen naiz ni gehiago eta horregatik ‘Tom Anderson’ abestian disfrutatzen dut gehien, ikusten da nondik natorren eta bateriaren bonboan nabaritu daiteke abesti horretan», esan digu Sierra gernikarrak. Estonbak aipatu digu erreferentzia entzutearen arrazoia gitarra-jotzaileen eraginetan egon daitekeela: «Luken eta Jon dira kantu askoren armonien egileak, eta haiek Red Hot asko entzun badute, bada kantuetan gero hori nabaritu egiten da». Funkya era rocka dira gehienbat diskoan entzuten diren doinuak, baina beren ukitu propioa eman diote Silicies Grizzliesekoek estilo uztarketa egiterakoan.

Prinse eta Estonba dira taldeko abeslariak eta nola banatzen dituzten kontuak azaldu digu Mikel Estonbak: «Oihuak eta halakoak ez ditut nik egiten, ez naizelako gai, niri beste tesitura batean abestea erosoagoa egiten zait. Baina bueno, gu izan ginen prestutasun gehien erakutsi genuenak eta horregatik abesten dugu». Kantuen hitzak, berriz, ez ditu taldekide bakar batek egiten, gehiagoren artean osatzen dira, eta garrantzitsuena «egindako letra horretan sinistea» dela azpimarratu du Estonbak: «Nahikoa malguak gara hitzen kontuarekin eta ideia bat eraman eta hura garatzen dugu, baina batek letran sinisten badu, normalean aurrera egiten dugu».

Gauzak horrela, ‘Orein’ abestian halako fikzio bat idatzi du Mikel Estonbak, baina benetakoa izan zitekeen. Parrandatik bueltan, edanda, kontrol batean geratzen duten auto-gidari bati buruzko istorioa kontatzen delako: «Istorio onirikoa dela argi geratu dadila. Ez da Jäggermeisterrak unibertsitatean aje handiak utzi zizkigulako, baizik eta beti izan naizelako fikzio zalea. Istorioa parrandatik bueltan kotxea hartu eta polizia agertzen zaion bati buruz da, eta gero espektro ilunago batean sartzen da, baina besterik gabe». Kantuaren bideoklipa hiru ikaskiderekin egin zuten: Leire Muñoz, Maddi Lopez eta Garazi Larrearekin. «Ondo pasa genuen bideoklipa grabatzen eta hori ez zela Jäggermeisterrik egon. Bagenekien zer nolako gauzak egiten zituzten eta haiek ere bazekiten gu nolakoak ginen eta zer nolako musika egiten genuen, hortaz, konfiantza osoa genuen elkarrengan», esan digute musikariek.

Etxean eroso grabatutako lana
Beñat Antxustegi izan da diskoan grabaketaz eta nahasketez arduratu den: «Gu hasiberriak izanda, sekulako laguntza eman digu Beñatek. Horrez gainera, oso jatorra dela esan dezakegu! Material guztia berak ekarri zuen, gure estudioan zuzenean grabatzeko aukera eman zigun eta atzetik nahasketak egiterakoan emandako aholkuekin asko lagundu zigun». «Unibertsitatean ikasi genuen zer zen soinua, uhin batzuk zirela eta abar… Hortik aurrera ez genekien askorik eta guk gure musika jarri eta magia berak egin zuen», kontatu digu Sierrak. Soinua bilatzeko lanean aritu diren arren, Beñat Antxustegiren eskua asko nabaritu dute. «Dena dela, soinua behin eta berriz bilatzen ibiltzen gara eta gero diskoa entzuten dugu eta ez dakigu hori zen nahi genuena edo ez, erreala den edo ez… Hortaz, ez dakigu esaten nahi genuen soinua bilatu ote dugun edo ez», dio Mikel Estonbak.

‘He crossed the line, the damn fool’ kantuan, deabruaz eta jainkoaz hitz egiten dute. Azkenaldian bogan dagoen galdera da deabruarekin musikariek duten harremanarena eta guk ere ezin tentazioari eutsi: deabrua nahiago jainkoa baino? «ETBk saio hau egin zuela jakin genuenean pentsatu genuen, «a zer nolako punteria izan duguna». Lukenek aspaldian egin zuen abesti honen letra eta gero halako kasualitate bat eman da. Garrantzitsuena da hitzek eta musikak bat egiten dutela, hitzei jarraika sortutako abestia dela. Diskoko kantu bereziena da guretzat eta sortzeko zailean izan zela esan dezakegu», kontatu digu Estonbak. Gainera, kantu honetan saxofoia sartzen lan asko izan zuen: «Funkyan disfrutatu egiten dut, gauzak erraz ateratzen zaizkit. Baina akorde minorrak eta sartzen direnean, askoz ere gehiago kostatzen zait, buruari buelta gehiago eman behar izaten dizkiot». Sierra ere konfort egoeratik kanpora egon da, baina bere kasuan disko guztian: «Asko ikasi behar izan dut, bateriaren ertzetan makilekin soinuak ateratzeko eskatu didate eta abar. Metal mundutik nator, sekula ez dut halakorik egin eta disko honetarako asko ikasi dudala esan beharra daukat».

Oasiaren bila
Kontzertuen basamortuan dabiltza orain Silicies Grizzlies taldekoak: «Gu bezalako taldeak taberna eta areto txikietan aritzen gara edota plazetan. Orain hori ez da posible, baina gutxika bada ere aretoak taldeak sartzen hasi dira; normala denez kutxa bete nahi dute eta horretarako talde handiagoak edota izena dutenak programatzen dituzte, handicap bat gehiago». Zailtasunak grabaketan ere izan zituztelako aipatu dute hori, izan ere martxoaren 14an hasi ziren grabaketarekin: «Martxoaren 14an bazkaltzera joan ginen eta bueltatzean Pedro Sanchezen mezua entzun genuen, 15ean erdi-tranpetan bukatu genuen instrumentuak grabatzeaz. Hala, gero uztailean bukatu genuen saxoa eta ahotsak grabatzeaz eta abenduan kaleratu da diskoa».

Leire Muñoz izan da diseinuaren arduraduna. Bideoklipa egiteaz gainera, material grafikoaz ere arduratu da. «Guk kantuak eman genizkion eta esan genion aske sentitzeko nahi zuena egiteko. Bagenekien zerbait oso txukuna egingo zuela, kolore batzuk eta erreferentzia batzuk eman genizkion eta gero diskoaren gauzarik onena, niretzat behintzat, egin digun azala da», esan digu Mikel Estonbak. «Kamisetak eta kaleratzeko asmoa ere badugu, baina kontzerturik gabe hori zaila da aurrera eramatea, baina ziur etorriko direla», gaineratu du Sierrak. Digitalki beren bandcamp orrialdean eta fisikoki sare sozialen bidez eskuratu daiteke diskoa.

Basamortuko oasia topatu bitartean, NAIZ Irratiko Beste Bat saioak egiten ari dira ekaineko asteazkenetan. «Aurreneko saioan taldean ditugun eraginen arteko aliantzak egiten saiatu gara, egun entzun daitekeen erreferentzia berriak sartu ditugu baina baita aurretik entzuten genuena ere, M-ak bezalako taldeak kasu», Estonbak. Bigarren saiorako «adostasun batetara iristen saiatu garen arren, nahaste-borrastea» izango dela aurreratu digu Andonik, Lukenekin batera egindako saiorako: «Gure esentzia guztia hor ikusiko da, punta batetik bestera ibiltzearena, Silicies Grizzlies hori baita finean».

‘Amama’ kantuarekin ixten dute diskoa eta amona guztiek super-botereak ematen dituztela esaten dute bertan, «indabek ematen duten super-boterea» Sierraren arabera. Ea bada indabek nahikoa indar ematen dieten musikari gazte hauei eta laster beren musika behar den moduan aurkezteko aukerarik izaten duten.