En directo
«Bi aldiz 1.06 denboran igeri egitea garrantzitsua da, ez da kasualitatea izan»
Iñigo Llopisek (Donostia, 1998) 1.06ko markarekin Europako txapelketa irabazi berri du 100 metroko bizkar estiloan. Denbora horrekin, Espainiako marka ere hautsi zuen. Tokioko Olinpiar Jokoetan izango da igerilari donostiarra eta Europako txapelketan denbora onak egiteak konfiantza ematen dio.
Iñigo Llopis, «pozik» Europako txapelketan irabazitako dominekin eta 100 metroko bizkar estiloan egindako denborarekin
Igeriketa egokituko Europako txapelketa dago jokoan Madeiran igandetik hasita. Hurrengo larunbatera arte, maiatzaren 22ra arte, iraungo du txapelketak eta lehen bi egunean jada hiru domina batu dituzte euskal igerilariek. Nahia Zudairek zilarra lortu zuen 400 metroko estilo libreko proban eta Iñigo Llopis, proba berean, brontzearekin egin zen eta atzo urrea irabazi zuen 100 metroko bizkar proban.
Igerilari donostiarrak onartu du dominekiko borrokan egotea espero zuela eta pozik agertu da Espainiako marka berria ezarrita. Oraindik, 100 metro estilo libreko proba eta bi errelebo geratzen zaizkio lehiatzeko.
A ze txapelketa!
Bai, indartsu hasi da txapelketa. Proba garrantzitsuenak lehen bi egunetan izan ditugu. 400 metrokoan marka ez zen oso ona izan baina domina lortzia beti da polita. Eta atzoko urrea bai oso ona izan zela.
Bi domina dagoeneko. Esperotako emaitzak dira?
Bai, bagenekigun bi froga hauetan dominak irabazteko borrokan egongo ginela eta bizkar estiloan indartsuago ikusten nintzen. Marka jaitsi nuen eta oso pozik urrearekin.
Espainiako marka berria ezarri zenuen, gainera.
Duela bi aste Valladoliden txapelketa bat eduki nuen eta marka jaitsi nuen. Atzo bi hamarren jaitsi genituen. Garrantzitsua da gutxika-gutxika jaisten jarraitzea.
Nahia Zudairek ere zilarra eskuratu zuen, estilo libreko 400 metroko proban, Espainiako errekorra hautsita. Pozik egongo da baita ere, ezta?
Bai, bera ere oso pozik dago. Aurten hain urte garrantzitsua izanik beste urrats bat eman du, gehiago entrenatzen, gogo gehiago jartzen. Hemen eduki du saria, Europako txapelketa baten zilarra lortzea.
Ze aurreikuspen dituzu geratzen zaizkizun probetarako?
Nik uste dut errelebotan dominengatik borrokan egongo garela. Uste dut talde ona daukagula selekzioan eta marka on bat egin dezakegula.
Erakustaldi honekin, Tokioko Olinpiar Jokoetan goiko postuetan lehian egongo zaitezkeela erakutsi duzu.
Bai, 1.06 denbora bi aldiz igeri egitea ona da, ez da kasualitatea izan. Ez da izan txiripaz egindako zerbait eta gero errepikatzen ez dena. Garrantzitsua da bi aldiz egitea, seinale ona da, lanean ondo ari garenaren erakusle eta ea abuztura arte denbora jaisten jarraitzen dugun.
Gogotsu izango zara, ezta? Denbora asko itxaron ostean gero eta gutxiago falta da hitzordu handi horretarako.
Bai, urte luzea da. Tartean Europako txapelketa bat edukitzea lagungarria da, beste helburu batzuk jartzea epe motzago batean beti errazagoa da eta motzago egiten zaigu urtea.