En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Mutrikuko kale estu eta malkartsuetan sortutako Errietan taldeak debuteko lana kaleratu du

Kasualitate asko eman izan dira musika munduan eta horietako batean sortu zen Errietan taldean. Uda bukaerako auzoko jai batzuetan jotzetik, udaberrian eta aire librean Mutrikuko Zabiel plazan ‘Errietan’ diskoa aurkeztera, bi urte baino gutxiago pasa dira. MusikHaria saioan izan dira kontu-kontari.

Audio_placeholder

Mutrikuko kale estu eta malkartsuetan sortutako Errietan taldeak debuteko lana kaleratu du

Loading player...
Mutrikuko Olatz auzoan aritu ziren Errietan taldekoak bideoklipa grabatzen. (Aritz LARREA|BEGIPUNTUAN)
Mutrikuko Olatz auzoan aritu ziren Errietan taldekoak bideoklipa grabatzen. (Aritz LARREA|BEGIPUNTUAN)

Errietan taldeko Iera Naberan eta Julen Ruiz egon dira MusikHaria saioan beren lehen lana aurkezten, ‘Errietan’ deiturikoa. Zazpikotea dira, Amaia Arantzamendi, Nahia Elesgarai, Leire Elezgarai, Maitalen Aranberria eta Ainhoa Arreitaunandia dira gainerako kideak eta elkarren artean ondo moldatzen direla esan digute. «Taldea 2018ko uda bukaeran sortu zen, bakoitzak bere gisara egiten zuen musika ordura arte. Auzo bateko jai batzordeko kide batek gutako bati proposamena egin eta kateatu ginen. Kontzertu baterako zen hasiera batean elkarketa, baina, gerora, inguruko herrietatik-eta deitu zigutenez, proiektuari jarraipena ematea erabaki genuen», kontatu digute Errietan taldeko mutrikuarrek.

Hasi zirenean ez ziren egun diren zazpikoteko kideak, prozesu luzea izan da. Hasiera batean bertsio taldea ziren eta denetarik jotzen zuten: Berri Txarrak, Carlos Vives, Blondie edota La Oreja De Van Gogh taldearena. Oso eklektikoa zen taldearen aukeraketa. Baina barruan harra pizten hasi zen eta beren abestiak sortzen hasi ziren: «Lehendabiziko kanta bat idazteko ilusioa genuen eta idatzi genuen, ‘Nire udaberria’, ea nola funtzionatzen zuen ikusteko. Mutrikuko iazko Berdel Egunean eman behar genuen kontzertua bukatzeko prestatu genuen, baina Berdel Eguna bertan behera geratu zen. Hartara, bakoitzak bere etxean grabatzeko erabakia hartu genuen, funtzionatu duela ikusi dugu eta pozarren gaude».

Errietan taldearen izena bi arrazoigatik sortzen dela ere kontatu digute; batetik, taldean egoten den saltsarena eta, bestetik, Mutrikun asko erabiltzen den hitza delako: «Gure artean, batez ere abeslarion artean, pike asko egoten dira. Ongi moldatzen gara, baina tarteka izaten ditugu gure talkak ere. Errietan ibiltzen garenez, Mutrikun asko erabiltzen den hitz bat denez eta taldea ongi identifikatzen duenez, horrela deitzea erabaki genuen». Herri txikikoaren izaeran parte omen da hori, baina baita ‘Begiradak’ kantuan argi utzi duten egoera ere: «Goitik behera begiratzen dizuteneko erradiografiak zenbat eta nolakoak izaten diren ezta? Bada hori ere kontatu dugu abestian».

Atzekoz aurrera egindako diskoa
Kontrako bidea egin dute kantuak sortzeko garaian, estudioan sortu dira kasik abestiak bere osotasunean. «Entseatzeko izan ditugun zailtasun guztiak edukita, AME estudioetara bakoitzak kantuaren bere zatia ongi landuta eraman zuen grabaketarako. Abestiak hor entzun genituen oso-osorik, behin guztion zatiak grabatu eta gero. Ikasteko asko balio izan digu, batez ere bakoitzak bere musikaltasunean asko ikasi duelako. Orain, entseguetan sortu dugun musika hori zuzenean defendatzeko lanean ari gara», aipatu digute Naberan eta Ruizek.

«Hankaz gora jarriko dut mundua» esaten dute ‘Nire udaberria’ kantuan, rockabilly kutsuan kontatu gainera. Abesti berezia da Julen Ruizentzan: «Momentu txar bat pasatzen duzunean, horri buelta eman eta bakoitzak nahi duena egiteko garaia dela erabakitzen duen unea dela konturatzen gara batzuetan, horri idatzitako kantua da. Zortzi urte nituenetik saxofoia lepotik zintzilik dudala nabil eta nik idatzitako kanta honetan saxofoiari bere momentua eskaini nahi nion. Azken orduan sartu zen Ainhoaren teklatu solo hori eta kantuak beste borobiltasun bat hartu du. Sortu genuenetik azken emaitzara, sekulako aldaketa du eta oso dotore geratu da».

Bateriaren doinuak ere gozo entzuten dira eta bada zerbait berezia, izan ere Iera Naberak urtebete baino ez darama bateriarekin. «Erronka pertsonala izan da niretzako eta oso pozik eta harro nago lortu dudanarekin. Etxean aspalditik bazen bateria bat, baina sekula ez nion serio heldu. Beste hainbat kontutan ibilitakoa naiz eta baxua edota gitarra jotzen banekien, baina bateriaz zero. Taldean toki hori bazenez eta aukera sortu zitzaidanez, baiezkoa eman nien», azaldu digu Naberak. Horri Ruizek gehitu dio «taldean hobekuntza handiena» eduki duena izan dela, «asko entseatzen du eta nabaritzen da. Baina taldera sartu zenetik gaur arte, hobekuntza izugarria egin du Ierak».

Atmosfera berezia du sarreran ‘Inork ez zidan esan’ abestiak: «Buruko min pixka bat eman digu sarrera horrek, ordenagailuarekin eta teklatuarekin sortuta daudelako doinu batzuk. Zuzenekoan teklatuarekin soilik defendatzen dugu edota saxoarekin lagunduta jotzen dugu gehienez ere. Guk grabatu dugun hori nahi dugu jo kontzertuetan, badago mahaitik falta den hori sartzeko aukera, baina pobreago geratzen bada ere nahiago dugu gu izatea entzuten dena». Kantu horretan hartutako erabakia berriz ere errepikatuko luketela esaten dute «Hanka sartuta ere berriz egingo nuke» esaldiarekin. «Hori esaten dugu eta nahiz eta bizipen pertsonal batetik enfokatuta dagoen, taldearentzat idatzita dago. Hau da, berriz ere elkarrekin proiektu honetan murgilduko ginatekeela argi daukagu», aipatu digute Errietan taldekoek.

Diskoa aurkezten hasita, kontzertuen egarriz
Mutrikun eman dituzte diskoa aurkezteko lehen bi kontzertuak. «Oso pozik gaude bi arrazoigatik. Batetik, mugikortasunik ez geneukan une bat izanda, herrian bertan bi emanalditarako herritarrez inguratuta eman genituelako kontzertuak. Eta, bestetik, guri modu profesionalean grabatzeko aukera eman digun askori kantuak aurkeztu dizkiegulako. Orain arte mugikorrarekin eta modu eskasean grabatu izan dugu sortzen duguna eta jendeari esker beste pauso bat eman dugu. Mezenak izan ditugu bidelagun diskoa grabatu ahal izateko, estudio bateko esperientzia bizi dugu herritar askori esker eta gainera trukean diskorik jaso gabe. Edalontzi bat eman genien eskertzeko, baina ez diskorik. Hartara, Mutrikuko zuzeneko horretan diskoa entzun ahal izan zuten babesa eman digutenek», azpimarratu dute pozarren bi taldekideek.

‘Aske zatxugu matxe’ kantua mutrikuarrez idatzitako abestia da. «Kantu oso pertsonala da, leku konkretu bati eginikoa eta horregatik leku horren parte direnei abestian parte hartzeko eskaini diegu. Bai gu eta baita gure inguruko asko leku berean elkartzen gara, bakoitzak urte askotako bizipenak ditu toki horrekin eta guretzako leku garrantzitsua denez, abestia idatzi genion. Hasiera batean euskara batuan idatzi genuen, baina plus bat ematen dio mutrikuarrez abestu ondoren, oso gurea den zerbait delako. Gainera, azkenean 30 lagun pasa ziren estudiotik, txandaka, kantatuz parte-hartzeko eta oso eskertuta gaude», kontatu digute taldekideek.

Diskoak gertuko tokietan jarri dituzte saltzeko momentuz, nahiz eta orain toki gehiagotara zabaltzen saiatuko diren. Dena dela, sare sozialen bidez ere jarri dute eskuratzeko moduan. Kontzertuetan ere edukiko dituzte saltzeko diskoak, baina orain zain daude ea noiz aukera berriak sortuko: «Hiru hilabetean 7 kontzertu lotuta genituen: Beasain, Aulestia… Herritik urrunago irteteaz gainera, oholtza talde garrantzitsuekin partekatzeko aukera ere sortu zitzaigun. Azkenean ezer ez, ordea. Hortaz, orain zain gaude, aukera berriak sortuko zain, bateko eta besteko ateak joz. Pare bat emanaldi baditugu nahikoa lotuta eta ea laster iragartzeko moduan garen».

Beren abesti batek esaten duen moduan, ea ez diren ‘Aukerarik gabe itozen’.

Jaurlaritza Logoa