Zuzenean

‘Miazkatu’ lan indartsua kaleratu berri du Saia Goait talde mutrikuarrak

Beren ibilbideko bigarren diskoa da, Axular Arizmendirekin AME estudioan grabatu dutena. Aurrerapauso bat eman du taldeak azken bi urteotako gorabehera guztiak tarteko eta zuzenekoak eskaintzen hasita daude dagoeneko lan berria aurkezteko. MusikHaria saioan izan da Aitzol Urkiza taldekidea.

Audio_placeholder

‘Miazkatu’ lan indartsua kaleratu berri du Saia Goait talde mutrikuarrak

Loading player...
Saia Goait talde mutrikuarrak bigarren diskoa kaleratu du 2022an.
Saia Goait talde mutrikuarrak bigarren diskoa kaleratu du 2022an. (Begipuntuan)

Stonerraren bueltan sortutako zortzi kantuz osatutako disko berriarekin datoz Saia Goait talde mutrikuarrekoak. ‘Miazkatu’ jarri diote lanari izena eta horrekin ematen diote hasiera diskoari berari ere. Herri zapaldua garen ikuspegitik idatzitako kantua da eta gai hori behin eta berriro agertzen da beste hainbat kantutan ere Mutrikuko rock taldearen azken diskoan.

Taldeak aurrerapauso nabarmena eman du 2019an kaleratu zuten lehendabiziko lan homonimotik. Ordutik hona denbora pasatzeaz gainera, taldean ere aldaketak izan dituzte, Mikel Tellabide baxuarekin eta Aitor Aristondo baterian sartu baitira taldean aurretik zeuden Beñat Perales eta Aitzol Urkizari bidean aurrera egiten laguntzeko. 

Aipatu dugun moduan, herritartasunari lotutako hainbat gai izan dituzte hizpide diskoan. ‘Miazkatu’ kantutik abiatuta, ‘Ahaztuei’ kantuan Gerra Zibilean bizia eman eta gerora gogora ekarri ez direnak izan dituzte gogoan, edota, ‘Eternal’ kantuan, Saturrarango kartzelako bizipen gogorrak ekarri dituzte gogora. Horrez gainera, egunerokotasuneko gaietan ere sakondu dute, norberaren baitan gogoeta egitera bultzatzen dutenak.

Amorrua nabaritzen da diskoan, batez ere tempo erdiko abestietan, eta adrenalina askatzeko moduko emanaldiak izango dira ziur eskainiko dituztenak. AME Estudioan grabatu dute diskoa eta bertatik bertara lan egitea abantaila bat dela kontatu zigun Urkizak MusikHaria saioan.

Zuzeneko emanaldiekin martxan dira, Berriatuan izango dira hurrena maiatzaren 6an eta hilabetea bukatzerako, maiatzaren 20an, Atarrabiako Totem aretoan dute hitzordua. Aurretik diskoa entzuteko eta Aitzol Urkiza taldekideak hari buruz emandako azalpenez gozatzeko aukera duzue hemen bertan. 

Jaurlaritza Logoa