En directo

Hauskortasunari ahots indartsuz abestu dio Ekiñek estreinako ‘Besterik ez’ diskoan

Arrasateko musikariaren bakarkako lehen lana da ‘Besterik ez’. Bost kantu, instrumentazio eta ekoizpen handiegirik gabe, ahotsari behar besteko garrantzia emanaz. Horixe da diskoan eskaintzen diguna Ekiñek eta lanaren berri eman digu MusikHaria saioan.

Audio_placeholder

Hauskortasunari ahots indartsuz abestu dio Ekiñek estreinako ‘Besterik ez’ diskoan

Loading player...
Ekiñe bakarlari arrasatearrak ‘Besterik ez’ lehendabiziko diskoa jendaurrean aurkeztuko du datozen asteetan.
Ekiñe bakarlari arrasatearrak ‘Besterik ez’ lehendabiziko diskoa jendaurrean aurkeztuko du datozen asteetan.

Hauskortasuna, hori izan daiteke akaso Ekiñe artista arrasatearraren ‘Besterik ez’ diskoa definitzen diguna. Eta horixe bera erakutsi nahi izan dugu hein batean Ekiñek: «Dena azalekoa da egun eta disko honek justu kontrakoa erakutsi nahi du, izan ere horrek ere egiten gaitu gizaki, hauskor izateak».

‘Atzera begiratu gabe’ izeneko kantuarekin hasten du diskoa Ekiñek. Haritz Olaetak idatzitako hitzek atzera ez begiratzeko dioten arren, diskoaren baitan «Bidea da borroka» esaldia txertatu du Ekiñek: «Bidea garrantzitsua da baina aurrera ere egin behar da. Akatsak egiten dira bidean eta horiek ikasketa prozesurako balio dute, gero aurrera egiteko».

Trikitia eta panderoa txikitatik ikasi ditu Ekiñek, hori da bakarka hasi bitartean musikarekin izan duen lotura: «Ez dut gogoratzen dagoeneko duela bi edo hiru urte izan zen lehenengoz oholtzara igo nintzenetik. Ostiral bat zen eta astelehen horretan esan zidaten ea animatzen nintzen bakarrik abestera. Baietz esan nuen eta pasatako urduritasuna da gogoan dudana. Konposatzen hasi nintzenean, gainera, lotsa ematen zidan nire kantuak jendaurrean abesteak, nire barrua asko erakusten nuelakoan-edo. Hartara, diskoa aurkezten dudanean orain, errespetuz igoko naiz oholtzara ziur. COVID egoeran kontzerturen bat eman dut eta desberdina da, are gehiago diskoa atera eta gero».

Bere burua entzutean deserosotasun bat sortzen zaio Arrasateko abeslariari, lotsa moduko zerbait: «Ez zait gustatzen jendeak nire aurrean kantuak entzutea. Norberak bere etxean entzun dezala lasai asko, baina nire aurrean ez dezatela diskoa entzun arren». ‘Sormen koma konstantea’ kantua Goiatz Salbadorrekin idatzi eta abestu du. Etsipen puntua du abestiak eta horren zergatia kontatu digu Ekiñek: «Abestia eta letra itxialdian sortuta daude. Garai hartan, jende pila bat sortu eta sortu hasi zen eta ni berriz oso blokeatuta egon nintzen. Handi etorri zitzaidan egoera hura eta hutsik nuen nire barrua. Denbora guztian pentsatzen eta sortzen saiatzen nintzen arren, ez nintzen gai ezer taxuzkorik egiteko eta haserretu egiten nintzen nire buruarekin. Inpotentzia sentitzen nuen, txarto aurkitzen nintzen nahi nuen hori ezin nuelako sortu».

‘Galtzen’ abestia, berriz, maitasun kantu bat da, baina ez du azalpen askorik eman Ekiñek, barrua gehiegi azaleratzen ari denaren hauskortasun horrek eraginda ziurrenik. Edo hori iradoki digu elkarrizketan behintzat. Instrumentuek presentzia gehien duten abestia da: «Baxuak indarra edukitzea nahi nuen kantu horretan eta lortu dugulakoan nago. Maitasun kantua da, bai. Eta maitasunak badu batzuetan hain ederra ez den aldea eta hori ere azaleratu beharreko zerbait dela uste dut. Batzuetan, maitasunaren alde iluna ere erakutsi behar da, horrela sentitzen naiz eta hori erakutsi nahi izan dut».

Shot! estudioan grabatu dute diskoa Iñaki Bengoa teknikariarekin. «Aurretik ere estudioren batean izandakoa naiz. Lehenengoz nire lan batekin sartzen nintzen aldia zen honakoa ordea, eta eskerrak Iñakiri. Otsaileko azken asteburuan grabatu genuen, bi egunetan. Egin eta aurrera. Behin egin eta gero, eskuetan erre egiten didate halako gauzek eta erakutsi egin nahi nuen ahalik eta lasterren. Polita izan zen grabaketan nire kantuak gorpuzten ikustea instrumentu desberdinak gehitzen joan ziren heinean», kontatu digu Ekiñek.

‘Artelana naiz’ abestia Ines Osinagaren hitz batzuekin hasten da eta atzetik Maddi Zabaloren letrarekin osatu du Ekiñek: «Justu abesti honekin norbera den moduan onartzeari idatzita dago eta Inesek bere burua sorgina, sortzailea dela dio eta orain ez dakiela non dagoen. Etorriko dela etorri behar dena. Musikak mundua aldatu dezakeela uste du eta nire egiten dut hori ere. Maddiri kontatu nion ez nengoela ondo, ez nintzela guztiz gustura aurkitzen eta horren inguruan abesti bat egin nahi nuela. Uste dut asko sentitu garela ni sentitzen naizen modu horretan, akaso berak ere pixka bat horretatik sentitu zuen eta ongi ulertu zuen esan nahi nuena».

Ekhine Eizagirreren ‘Alde erantzita nabil’ poesia liburuko poema batekin ixten du diskoa ‘Giltza’ abestiarekin: «Ekhineri deitu eta galdetu nion ea zer iruditzen zitzaion bere poema hau erabiltzea, ongi iruditu zitzaion eta baiezkoa eman zidan, baina oraindik ez diot erakutsi. Ez dut izan betarik horretarako, topera nabil eta denera iritsi ezinik. Handi geratu zait akaso hau guztia eta barkatuko dit, egunero 22:00etarako lo geratzen ari naizelako. Baina orain geratu egingo naiz, beta hartuko dut, eta ziur berarekin geratzeko modua ere izango dudala».

Taldea aurkeztu eta aipatu emakumeena. «Proiektua gorpuztu samar zegoenean jabetu ginen denak emakumeak ginela. Ez zen bilatutako zerbait izan, natural sortu zen eta hori askoz ere ederragoa da. Arrasate musikalki herri oso indartsua da eta poztekoa da gazte asko berriz ere aurrerapausoa ematen ikustea eta estilo desberdinetan, gainera. Ines eta Maixa bezalako erreferentziak garrantzitsuak dira. Maixa ondoan laguntzen eta ekarpenak egiten egoteaz gainera, bera ere sortzen ikustea ederra da. Irakasle, lagun eta erreferente da».

Diseinua Olatz Zuazubiskarrek, Nolabait diseinuak estudioak, egindakoa da. Instagram bidez egiten zuen lana ikusi eta harekin harremanetan jarri zen Ekiñe. Gauza bera Libe Argoitiarekin eta oso pozik dago lortutako emaitzarekin: «Lan handia egin dute eta eskerrak halako jendea dudan inguruan».

Kontzertu programatzaileei ere eskerrak eman dizkie diskoko esker-mezuan: «Ni ezaguna izan gabe jotzeko aukera eman didatenei esker ona erakutsi nahi izan diet. Gainera, orain baditut kontzertu batzuk eta pozik nago horrekin ere. Asteburu honetan, apirilaren 24an, 17:00etan, Ondarroako gaztetxean, datorrenean Orioko Etxeluze gaztetxean, Villabonan ere badut beste bat… Ez nago kexatzeko moduan», kontatu digu arrasatearrak.

Diskoa fisikoki eskuratzeko modua Arrasateko bi tabernatan baino ez duen arren, bere instagram kontutik ere eskuratu daiteke: «Diskoa herrian baino ez dut jarrita momentuz, izan ere ez dut gidabaimenik eta autobusean hainbat tokitara iritsi ahal izateko hiru ordu behar ditut. Hortaz, instagram bidez eskatzen didanari helaraziko diot». Dena dela, plataforma digitaletan ere entzun daiteke ‘Besterik ez’.

Jaurlaritza Logoa