En directo

NAIZ Irratia

«Mobilizatzen jakin dugu eta herri mugimendutik presio handia egin dugu»

Euskal Konfederazioarentzat ere «historikoa» da Morac Legearen onarpena. Sebastien Castet bozeramaileak senatari, diputatu eta herri mugimenduak legea onar dadin egin duen lana azpimarratu du. 

Audio_placeholder

«Mobilizatzen jakin dugu eta herri mugimendutik presio handia egin dugu»

Loading player...
2015eko 'Deiadar' mobilizazioa, ofizialtasunaren alde. (FOKU)
2015eko 'Deiadar' mobilizazioa, ofizialtasunaren alde. (FOKU)

Denen ahotan da «historikoa» hitza Frantziako Asanbleak hizkuntza gutxituen arloan onartu berri duen legeaz aritzean, eta hala definitu du Euskal Konfederazioko Sebastien Castetek ere NAIZ Irratian, «70 urtez ez da legerik izan gure hizkuntzen alde, atzokoa historikoa da eta ondorio zuzenak izango ditu irakaskuntzan». 

Legeak ahalbidetuko dituen neurri zehatzak aipatu ostean, Castetek murgiltze ereduan emango den aurrerapausoa nabarmendu du: «orain eskola publiko guztiek proposatu beharko dute euskarazko eskaintza bat, eta gero gurasoak libre dira errefusatzeko baina espeski adierazi beharko dute». 

Bozketa hasi aurretik zaila zirudien proposamenak aurrera egitea baina aurreko asteetan egindako lanak emaitza eman zuen, «mobilizatzen jakin dugu, guztiengana joan gara lege horren garrantzia azaltzera. Senatarien lana garrantzitsua izan da lehen irakurketan hezkuntzaren artikuluak berriz sartzeko eta gero euskalgintzatik eta herri mugimendutik presio handia egin dugu». 

Beste aldean, Frantziako Gobernua, «porrot handia da eurentzat». Castetek gogoratu du Macronen alderdiak kontrako bozka proposatu zuela, baina diputatuek ez dutela ministroaren jarrera defendatu. 

Bide luzea oraindik 

Gaur dena poza izan arren, aurrera begira oztopo ugari daudela gogoratu du Castetek, «atzoko urratsa handia da irakaskuntzan baina oraindik baditugu arazo asko konpondu beharko direnak fite». Castetek aipatu ditu, besteak beste, ikasleek oraindik azterketak euskaraz egiteko zailtasunekin jarraitzen dutela eta euskarazko eskaintza ikasketa maila gero eta altuagoetan gero eta murritzagoa dela. 

Jaurlaritza Logoa