En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

2021ean euskara presenteago edukiko duen disko berria kaleratzea aurreikusten du Qverno taldeak

Ekimen bitxia burutu dute Qverno taldekoek 2021erako. Pandemian oholtza partekatu behar zuten lau talderekin hitz egin eta lau kanturen bertsioak egin dituzte ‘Isolated tracks’ izeneko EPa kaleratzeko. Alain Martinez taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea MusikHaria saioan izan da guztia kontatzeko.

Audio_placeholder

2021ean euskara presenteago edukiko duen disko berria kaleratzea aurreikusten du Qverno taldeak

Loading player...
Madrilen sortu bazen ere, Euskal Herrian du oinarria Qverno taldeak.
Madrilen sortu bazen ere, Euskal Herrian du oinarria Qverno taldeak.

Madrilen sortutako taldea den arren, jatorri euskalduna du Qverno taldeak. Gainera, abuztuan Madrildik itzuli eta Euskal Herrian bizi da egun Alain Martinez. Lehenengo diskoa demo batzuk egin eta Ekain Elortza berriztarrarekin elkartu ostean grabatu zuen. Aurretik Dinero taldean elkarrekin ibilitakoak dira biak ala biak. Hartara, hori zuzenekoetara eramateko Javier Seisdedos eta Fernando Moreira batu ziren proiektura, baina izatez diskoan ez dago ez bata eta ez bestea.

Qvernorekin sekulako intentzioa zuten Martinezek eta Elorzak, baina dena bertan behera geratu zen pandemia iristearekin batera. Hamar-hamabost kontzertu zituzten, eta haietako batzuetan oholtzan izango zituztenekin bertsio batzuk egin dituzte orain, bakoitzak bere etxetik eta ahal duen moduan grabatuta. Diskoan bezalaxe, Santi Garcia Ultramarinos estudiokoa izan dute bidelagun disko honetan ere. «Aurrera begira zuzeneko horiek berreskuratu nahi ditugu, jakina, baina berriz ere hori guztia lotzea oso zaila da. Saiatzen ari gara, baditugu itxitako kontzerturen batzuk, baina ezin dugu ezer aurreratu. Astero aldakor dago dena eta puzzlea osatu ezinik gabiltza», kontatu du Alain Martinezek MusikHaria saioan.

Todd Rundgren, The Rolling Stones, Styx eta Devo taldeen kantuak aukeratu dituzte ‘Isolated tracks’ izeneko EPan bertsioak egiteko: «Queens of the Stone Age edota Nirvana bezalakoak aukeratzea, gure musikatik gertuago zegoen musika, alegia, ekidin nahi genuen eta ‘9martzianokeria’ hau egitea bururatu zitzaigun. Bide batez, 70. hamarkadako eraginak ditugula erakusteko gogoa ere bagenuen», azaldu du Martinezek.

Bertsioak egin dituzten talde guztiekin oso harreman ona dutela kontatu digu musikari gipuzkoarrak eta, horien artean, Euskal Herriko bi talde daude: Liher eta Ezpalak. Liherrekoekin Zaragozan eman behar zuten kontzertua eta Ezpalakekoekin, berriz, Hondarribiko Psylocibenean. «Liherreko Etxarri eta Lide Donostiako Dabadaban ezagutu nituen gure kontzertu baten ostean eta haien managerraren bidez erlazio gehiago egin dugu gerora, laguna baitut hura. Harreman horri esker, Zaragozakoa irten zen. Ezpalaken kasuan, ni joan nintzen haien kontzertua entzutera iaz Hondarribira, baina etxeratze agindua dela-eta bi kantu baino ezin izan nituen entzun», gogoratu du Qverno taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak.

‘Vol 1.’ izeneko diskoa atera zuten 2019an eta energia gainezka duen disko horietakoa izan zen inondik ere, ‘Zaldi eroak’ kantuak erakusten duen moduan. Euskarazko kantu bakarra izan zen arren, aurrera begira gehiago etorriko direla aurreratu digu Martinezek: «Euskaraz idatzitako abesti gehiago bagenituen baina Madrilen akaso zentzurik ez genion ikusten. Bigarren diskorako ordea euskarazko abesti gehiago izango dira. Gustatzen zaigu gure identitatea erakutsi eta kanpora eramatea. Gainera, rockak euskaraz sonoritate hobea du gazteleraz baino eta geneukan beldur edo konplexu hori gainditu dugu. Esan beharra dago, aldi berean konturatu garela kanpoko jendeak geroz eta gehiago entzuten duela euskarazko musika», esan digu Martinezek.

Sareetan kontatzen dutenari adi egon beharko dugu datozen asteetan, gogo handiz baitadu Qverno taldekoak kontzertuak iragartzeko. Eta, gauzak ondo bidean direla, urtea bukatzerako disko berria ere kalean izango dute Alain Martinez, Ekain Elortza eta enparauek.

Jaurlaritza Logoa