En directo

Ion GARATE
Entrevista
Juan Mari Beldarrain
Eguzki

«Ez du zentzurik lur naturalaren okupazioa egiteak beharrezkoa ez den egitura batentzat»

Donostiako olatu artifizialen proiektuaren aurka bat egin dute hainbat eragilek "Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan" kolektiboan. Besteak beste, tartean da Eguzki talde ekologista, eta bertako kidea den Juan Mari Beldarrain izan da NAIZ Irratian guzti honen inguruan xehetasun gehiago biltzeko asmoz.

Audio_placeholder

«Ez du zentzurik lur naturalaren okupazioa egiteak beharrezkoa ez den egitura batentzat»

Loading player...
Olatu artifizialen instalazioa eraikitzeko asmoa duten Antondegi muinoko argazkia. (HARITZALDE)
Olatu artifizialen instalazioa eraikitzeko asmoa duten Antondegi muinoko argazkia. (HARITZALDE)

Ingurugiroaren defendatzaileak, ekologistak, gehiegizko turismoaren aurkakoak, surfa leku naturalean egin behar dela dioten elkarteak eta norbanakoak bat egin dute "Atondegi Berdea-Olatuak Itsasoan" elkartean. Honek, Atondegiko muinoan eraiki nahi den olatu artifizialen proiektuaren zentzugabetasuna aldarrikatzea du helburu. «Munduko zientzialari gehienak ari dira ikertzen nolako teknologia erabili olatu naturalen bitartez elektrizitatea lortzeko eta proiektu hau kontrako bidean doa, gastatuko dugu elektrizitatea olatu artifizialak sortzeko», adierazi du Juan Mari Beldarrainek NAIZ Irratian. 

Donostiako olatu artifizialen proiektuaren aurka bat egin duzue Atondegi Berdea elkartean. Zer da zehazki egin nahi dutena?

Adierazi nahi dugu batetik, inguru hori defenditu nahi dugula, Atondegiko muinoa defendatu nahi dugu. Bestetik, adierazi nahi dugu ez daukala inongo zentzurik olatu artifizialak itsasotik gertu sortzeak. Proiektuaren muina da muino berde batean faktoria bat eraikitzea; ez da parke bat, olatu artifizialak sortzeko. Beraiek saldu nahi duten produktua da olatu artifizialen bitartez jendeak surf egin dezakeela. Sei hektarea okupatuko lituzke, bertara iristeko errepide bat sortu beharko litzateke eta horretarako, beste hiru hektarea okupatu behar dute. 

Helburu nagusia surfa itsasoan egin behar dela aldarrikatzea da?

Gure elkartean ingurugiroa defendatzen duten taldeak batu gara baina baita atxiki dira gehiegizko turismoaren kontra daudenak eta surfa leku naturalean egin behar dela dioten elkarteak, hala nola norbanakoak ere. Gure helburua bikoitza da: gehienbat da inguru berde hori defendatzea baina baita, surfaren filosofia aldarrikatzea ere; hau da, naturan egiteko ariketa fisikoa dela.

Landa eremua suntsitzeaz gain, zeintzuk dira albo kalteak? 

Alde batetik, okupatzen duen lurraldea handia da, sei hektarea ez dira gutxi. Landa horretan nekazariek egin dute lan, baratza batzuk ere badaude eta hori galduko litzateke. Gipuzkoa txikia da eta hiritik gertu dauden leku berdeak ez zaizkigu asko geratzen. Beharrezkoa ez den gauza batetarako hainbeste hektarea hartzea larria da. Are gehiago, kontuan hartuta leku horren balioa adibidez, hegaztien kasuan. Ornitologoak askotan joaten dira leku hori ikuskatzera eta adibidez, miru gorriak hor egiten du kabia eta badaude beste ugaztun batzuk hor bizi direnak. Hori guztia galduko litzateke. Inguru hori, bestalde, korridore ekologikoa ere bada, beste inguru berde batzuk eremu horren bitartez konektatzen dira. 

Kostaldea hain distantzia gutxira egon da, zein dira Donostiako Udalak dituen arrazoiak hau eraikitzeko?

Normalean administrazioaren arrazoiak ezkutukoak izaten dira. Gainera, horrelako faktoria bat jada existitzen da. Aizarnazabalen dago duela zortzi urtetik eta dirudienez ekonomikoki arrakasta handiarekin, ondo doa enpresa hori. Ez dauka zentzurik handik Donostiara mugitzea, deslokalizazio bat da. Ez dugu behar, enpresa horrek ondo funtzionatzen du. Ez dauka zentzurik olatu artifizialak jartzea kostaldetik 3-4 kilometrotara, kostaldean baditugu nahikoa olatu surf egiteko. Gainera, surflariek inoiz ez dute aldarrikatu horrelako azpiegiturarik, moldatzen dira itsasoan. Agian, ez dakigu ziur, baina Udaletxeari bere turistifikazio planean ondo datorkio horrelako zerbait Donostia saltzeko. 

Surf Federazioarekin harremanik izan duzue ea begi onez ikusten duten jakiteko?

Edozein Federazio –izan futbolekoa, pilotakoa…– estruktura ekonomikoa da eta normalean, ez da inongo saltsetan sartzen eta ez dira posizionatuko. Bai interesatzen zaigu gehiago surflarien iritzia ez dutelako inoiz eskatu horrelakorik. Donibane Lohizunen proiektu antzekoa ezarri nahi zuen, eta inguruko surflariak proiektuaren aurka lerrokatu ziren ze beraien filosofiaren aurka doa. 

Izan duzue Donostiako Udalarekin harremanetan jartzeko aukerarik?

Ez. Gainera, aurkezten dute proiektu hau egina egongo balitz bezala, baina hasteko, esleipen baterako lehiaketa bat egon beharko litzateke. Gure susmoa da enpresa bakar bat aurkeztuko dela, eta beraz, zuzeneko esleipena izango dela. Guk oraingoz infografia bat ikusi dugu, azkenean marrazki soil bat da eta ez dago inongo planorik, azpiegituraren xehetasunik ez dakigu… Oso zaila da jakitea ze eragin izango lituzteko ur edo elektrizitate kontsumoan. Lur aberats bat artifizializatuko da beharrezkoa ez den gauza batetarako. Lurraren okupazio hori betirako izango. 

Zein ekintza aurreikusten dituzue  datozen egunetan?

Kolektiboa aurkeztu genuen eta kontaktuan gaude enpresarekin, auzo elkarteekin, surflariekin… Hemendik aurrera arazo hau gizarteratzea izango da helburua. Isilpean egiten diren proiektuak oso arriskutsuak dira. Jendeak ikusten badu ez dela beharrezkoa, kalteak eragin ditzakeela, kontzientziazio bat hasten da eta posible da udaletxearen asmoak geratzea. Ez dugu baztertzen Donibane Lohizunen abiatu zuten sinadura bilketa martxa jartzea, 70.000 sinadura bildu zituzten eta lorpen izugarria izan zen. 

Jaurlaritza Logoa