En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Kalma zuriaren baitan sortzen den ekaitzaldia, Haxotz taldearen ‘Lore hilak’ diskoa

Beren ibilbideko seigarren albuma dute ‘Lore hilak’ izenekoa Haxotz taldekoek. Bilbotarrak, Santutxukoak direla argi utzi zuten iaz aurkeztu ziguten bideoklipean. Hardcore melodikoa da haiek gehien lantzen dutena, baina doinu lasaiagoak ere baditu disko berriak. MusikHaria saioan izan dira asteon.

Audio_placeholder

Kalma zuriaren baitan sortzen den ekaitzaldia, Haxotz taldearen ‘Lore hilak’ diskoa

Loading player...
Santutxukoak dira Haxotz taldekoak eta argi utzi dute ‘Higiduraren lehen legea’ bideoklipean.
Santutxukoak dira Haxotz taldekoak eta argi utzi dute ‘Higiduraren lehen legea’ bideoklipean.

Diskoaren tonua ezartzeko kantu gogor batekin ematen dio hasiera Haxotz taldeak ‘Lore hilak’ diskoari. Baina ‘Uso beltza’ gogortasuna eta leuntasunaren arteko erdibidean dago. Garraztasuna eta esperantza ditu. Hori guztia landu nahi izan dute ‘Lore hilak’ diskoan eta horregatik irekitzen du kantu horrek diskoa Jokin Erkoreka taldeko abeslariak kontatu digunaren arabera.

Metaletik datoz eta metalaren afinazioari eustea erabaki dute beste behin Haxotzekoek instrumentuak Do askean (Drop C) afinatzen dituzte eta horrela soka instrumentuak pisu handia hartzen dute. «Berri Txarraken jarraitzaileak izan gara eta haiengandik eta beste hainbatengandik jasotako eraginaren zati da afinazioarena», kontatu digu Erkorekak.

‘Yacaré’ izeneko abesti batekin jarraitzen du diskoak. Abrako itsasadarrean dagoen kaiman beltz baten ikuspegitik idatzi du kantu honen letra Erkorekak. «Luis Sepúlvedaren testu batetik dator eta ez beste inondik kantuaren izenburua. Albert Camus bera ere asko irakurri dut eta diskoan presentzia du haren jardunak. Horrez gainera, YAW taldearen fanak izan gara eta Gartxot Unsainek egiten dituen hitz jokoak izugarri gustatzen zaizkit. Ondorioz, haietako batetik atera dut ‘Yacaré’ abestiko esaldi bat ere: «Ura bezain beharrezkoa dudan kezkan, igeri egiten saiatzeak itotzearen antza gehiegi dauka». Metafora oso grafikoa da», dio Rekartek.

Screamoan, orroka, ere abesten du Haxotz taldeko abeslariak eta disko honetan beste modu batean jorratu du ahotsaren trataera taldeak. «‘Bide ertzean’ diskoan hasi nintzen screamoa sartzen. Garai hartan garrasiak eta ahots melodikoak ez ziren elkarrekin nahasten, bakoitza bere aldetik grabatzen nuen. Urtzi Izak, gure ekoizle eta teknikariak, bien arteko uztarketan bilaketa lana egin eta gauzak probatzera animatu nau eta egun horregatik nahasten ditut bi kantatzeko moduak. Askok talentuarekin lotzen du musikarako gaitasuna, berez ateratzen den horrekin, baina gure musikan hori ez da nahikoa. Fisikoki ere asko egin behar da lan: diafragma eta besoak indartu, airea nola hartzen ikasi… Hori guztia egin beharra dago nahi den bezala abestu eta jo ahal izateko», azpimarratu du Erkorekak.

Josu Ximun Billelabeitia gonbidatu dute beren diskorako. Belakokoekin harremana dute Haxotzekoek, baina modu bitxi batean sortzen da lotura. Erkorekaren ama eta Billelabeitiatarren gurasoek elkarrekin ikasi zuten institutu garaian. Hainbat urte pasa ostean, destinoak oholtza baten bueltan elkartu zituen berriz ere bi familiak. Belakok maketa lehiaketa irabazi zuen urtean finalista izan baitzen Haxotz taldea ere eta ordutik ona harreman ona mantendu dute: «Belako euskal eszenako talde garrantzitsuenetakoa da ezbairik gabe. Kontua da Josu Ximunen beste proiektua, Lukiek, entzuna nuela eta kanta hau sortu zenean, bere ahotsa gure sorkuntza abesten ikusten genuen eta baietz esan zigun. Beti izan dugu ametsa Juan Aceña, Gorka Urbizu edota Aitor Gorosabel bezalakoekin kolaborazioak egiteko, baina gero beti gertukoen bila jotzen dugu, naturalagoa delako; eta emaitzarekin oso pozik geratu gara», nabarmendu du Santutxuko abeslariak.

Orokorrean letrak era serio eta poetikoan lantzen badituzte ere, aurretik aipatzen ari ginen ‘Eguzkilore’ kantuan egurra banatu dute. Orokortasun batetik begiratuta, gizon zuri heteroari zuzendutako kritika dela dirudi: «Pertsonari baino jarrera batzuei zuzendutako kanta da. Txirak sortu zuen kantua eta atzetik letra azidoa egiten saiatu nintzen, modu serio eta tristeak alboratuta. Kezkaz ikusten ditugu batez ere interneten sortu eta gero egiazko bizitzan ematen diren hainbat jarrera. Geroz eta muturreragokoak dira eta horri kezka handiz begiratzen diogu», salatu du Erkorekak.

Diskoak halako barealdi bat hartzen du kantu horren atzetik eta ‘Eskafandra’ kanta akustikoak Nirvanaren ‘Unplugged’ disko hura ekartzen digu gogora. Hor agertzen da baita ere diskoaren aurrerapen kantua izan zena; ‘Higiduraren lehen legea’. Bideoklipa Bilboko Unamuno plazatik Santutxura dagoen igoeran dago grabatuta, behetik goranzko bidean propio. «Sisiforen mitotik sortutako kantua da eta bideoklipean bertan ikusten da mitoaren liburua», kontatzen du Erkorekak. Kalma zuriari erreferentzia egiten dio eta irakurketa ugari egin daitezkeela kontatu digu: «Bermeotik ikasi dudan zerbait da kalma zuriarena. Itsasoa bare-bare dagoenean gertatzen da, baina giroa benetan hezea izaten da kalma zurian eta astun sentitzen gara. Egia esanda pandemia aurretik idatzitako kantua da, ez du pandemia ezagutzen abestiaren idazleak, baina gaurko errealitateari ere lotu daiteke kantua», azpimarratu du Erkorekak.     

Kalma zuritik, ekaitzaldi gogorrenera
Baina kalma zuriaren ostean sekulako ekaitza etorri ohi da eta hala bukatzen du diskoa Haxotz taldeak ere. ‘Parasite’ pelikula buruan zutela ‘Bizkarroia’ izeneko minutu bateko traka sartu baitute diskoaren azken herenean. «Aberatsek pobreei zenbat ematen diguten erakusten zaigu egunero-egunero, baina nik argi daukat aberatsak beren pribilegioetan jaiotzen direla eta izugarri xurgatzen dietelea pobreei beren estatusa mantentzeko», aldarrikatu du Erkorekak. Hortik bukaerara beste bi abesti, ‘Hau ura da’ eta ‘Lore hilak’, beren hardcore melodikoaren esentzia guztia jarriaz.

Diskoa ez da fisikoki kaleratuko eta horren ordez deskarga digitala eskuratzen dutenek fanzine bat ere jasoko dute. Iñaki del Olmo taldekideak gitarra jotzeaz gainera diskoaren diseinua, argazkiak eta fanzinea ere egin ditu: «Sekulako lana hartu du eta benetan dotore geratu dela esan dezakegu. Taldeko bakoitzak bere rola hartu du azken urteotan eta ‘egin zuk zeuk’ filosofiari eusten saiatzen gara ahal den neurrian: Txirak konposaketak egiten ditu, Iñakik diseinuak, argazkiak eta abarrak, Markelek kontzertuen inguruko ardurak ditu bere gain hartuta eta nik kantuen letrak idazten ditut», adierazi du Erkorekak.

Kontzertuen inguruan galdetuta, ordea, egoera «beste askoren antzekoa» dela esan digu Haxotz taldeko abeslariak: «Momentu honetan Markel oso gainean ibili den arren, undergroundean gabiltzanontzat ia ezinezkoa da kontzertuak lotzea. Areto txikietan gabiltza eta COVIDaren baitan dauden aukeren artean oso oso zaila da gure gisako talde batek aukerarik izatea. Hortaz, zain egon beharko dugu diskoa behar den moduan aurkezteko», bukatu du Erkorekak.

Digitalean entzuteko aukera behintzat luzatu digute eta beren bandcamparen bidez eskuratu daiteke deskarga digitala eta fanzinea.

Jaurlaritza Logoa