Donostia

Musikaz otzandutako hitzekin kantuak egin eta jaso ditu Olatz Salvadorrek ‘Aho uhal’ diskoan

Aurkezpen eskutitza izan zen 2018ko ‘Zintzilik’ eta bigarren lan honetan aurrerapauso nabarmena eman du Olatz Salvador Zaldua (Donostia, 1990) musikariak. Hitz batek duen aldebikotasunak erakarrita, ‘Aho uhal’ eman dio izena kaleratu berri duen diskoari. MusikHaria saioan izan da hura aurkezteko.

Audio_placeholder

Musikaz otzandutako hitzekin kantuak egin eta jaso ditu Olatz Salvadorrek ‘Aho uhal’ diskoan

Loading player...
‘Aho uhal’ diskoa eskuen artean duela agertu zen Olatz Salvador aurkezpen egunean. (Jon URBE | FOKU)
‘Aho uhal’ diskoa eskuen artean duela agertu zen Olatz Salvador aurkezpen egunean. (Jon URBE | FOKU)

«Diskoa aurkeztu dudanetik lasaiago nabil nahiz eta agenda beteta eduki, nire barruak lasaiago hartzen du arnas gurea eginda dugula jakinda», horrela ekin dio elkarrizketari Olatz Salvadorrek. Skakeitan taldearekin kontzertua eman behar zuten Hernaniko Naiz Kontzertuetan, «emanaldia atzeratu zela jakin nuenean tristuraz hartu nuen, eta lasaiago ibiltzeko aukera eman zidan, bai, baina kontzertu horrek pisu handiagoa zuen», aipatu digu Salvadorrek.

‘Aho uhal’ izeneko bigarren lan luzea kaleratu berri du donostiarrak, Haritz Harreguyren Higain estudioan grabatua. «Marketing aldetik diskoarena ez da gaur egun gailentzen den formula eta askok ez du diskoaren pertzepzioa. Are gehiago, belaunaldi berriek esango nuke ez dakitela zer den disko bat. Hala, marketing ikuspegi batetik ez dauka zentzurik diskoak ateratzeak berak. Nik, ordea, oraindik sinisten dut diskoaren formulan, abestiak ordena konkretu batean entzutea eta abar», kontatu digu diskoaren aurkezpenean aipatutako baieztapenaz galdetzean.

Pablo Novoa aukeratu du diskorako ekoizle lanak egiteko. Ñako, Airaka bere diskoetxekoak tratua zuen Novoarekin aurretik Bebe artistarekin edota Keu Agirretxearekin egin dituen lanak bitarteko. Hala, ideia hori mahai gainean jarri zioten Salvadorri eta berak zalantzak izan zituen hasieran «diskoa zerbait oso pertsonala delako, baina baita lan egiteko modua aldatzen delako ere. Horri gaineratu behar zaio ekoizlearekin lan egiteak gastu handiagoa izaten duela. Baina segituan konturatu nintzen gertukoa eta langilea zela Novoa, ez zuela botere harreman batetik hitz egiten eta esperientzia oso polita izan da. Gauza asko musikalki desberdin ikusten genituenez, dena negoziaketa izan da eta hor dago emaitza. Prozesua batzuetan zaila izan den arren, pertsonalki oso aberasgarria izan da. Gainera, orain zuzeneko batzuetara ere etortzekotan da Novoa».

Disko bakoitza zerotik hasteko modukoa izaten dela aipatu digu Salvadorrek, «nahiz eta benetan ez garen inoiz zerotik hasten. Ez da espektatibarik sortu behar eta disko honek ez du intentzio berezirik berez. Egia da anbizio gehiagoko proiektua izan dela bigarren diskoa, hori horrela da, baina ez du bermatzen egindako apustuak irismen gehiago izango duenik. Eta anbizio hitza zentzu positiboan hartu behar da kasu honetan, musikalki hazteko nahia delako disko honek duen anbizio nagusiena».

Salvadorrentzat polita izan da ikustea bakoitzak nola bere aleak jarri dituen disko berriaren proiektua eraikitzeko: «nire izen abizenen atzetik dagoen jende guztiari eskertu beharra dagoela sentitzen dut». Tartean musikariak; Pablo Novoa bera, Jagoba Salvador baxuarekin, Mattin Saldias gitarraz eta Ander Zulaika bateria jotzen. «Behin eta berriz esan behar dugu musikariek beste lanak ere badituztela eta eskertzekoa da jende honek proiektu honetan jarri duen pasioa. Entseguak berak, esaterako, ezin ditugu ordaindu eta hau guztia aurrera ateratzeko militantzia handi bat dago atzetik. Oso eskertua nago, gainera beti irribarre batekin etortzen direlako lanera». Agendak ezkontzea izaten da zailena halako musikariekin eta ordezkoak ere taldearen parte bihurtzen dira. Hori dela-eta, haien lanari sekulako balioa eman behar zaiola uste du artista donostiarrak: «telefonoak noiz joko zain egoten dira eta errepertorioa jorratu eta kontzertu bat eman eta hurrengorik akaso ez da egoten ordezkoentzat, eta egiten duten lana txalotzekoa da».

Erreferentzia literario ugari jaso ditu ‘Aho uhal’ diskoan, baina bere burua ez du oso irakurzaletzat Salvadorrek. «Dena dela, irakurtzen dudan horrek markatuta uzten nau eta nire ideiak kanalizatzeko bide bat topatzen dut askotan bertan. Irakurtzen dudan horrek oihartzuna sortzen badit, sortzera eramaten nau. Gata Cattanaren jardunak hori eragiten dit edota ‘Euria’ kantua esaterako Cortazarren esaldi batean oinarrituta dago. «Normalean besteek egindakoaren gainean egiten ditut nire sorkuntzak eta horrek esan nahi du nire orria ez dela hain zuria izaten. Testuetatik kantua sortzea edota kantutik testua sortzea, biak izaten dira zailak. Nik abestiren bat pasa izan diot letragileren bati eta ez didate letrarik itzuli. Hori ikusita, kontrako bidea egiten dut. Hortaz, ez da erreza. Ez da zerotik sortzen den zerbait eta jasotzen den hori zure egitea da lehendabiziko lana. Esaterako, Ane Labakaren kantuko hitz batzuk hiztegian bilatu behar izan nituen. Testu luzea zen eta asko irakurri behar izan nuen. Buruhausteak eman zizkidan eta nire egin arte denbora eskaini nion. Guztiz ulertu nuenean eta barneratu zer esan nahi zuen, orduan hasi sorkuntzaz kantuaz disfrutatzen», gogoratu du Salvadorrek.

Maila handiko kolaborazioak
‘Ahots hari’ kantuaren sorrera, Alaia Martin oiartzuarrari lehorte batean idatzi zionean sortu zen Olatz Salvadorrek kontatu digunez: «Kantu batentzat letraren bat egingo ote zidan galdetuz idatzi nion eta itxialdiaren atarian jaso nuen, magia egin du eta letrak kateatuta nauka. Aho uhalaren kontzeptuarekin nola jolastu duen ederra da. Rozalenekin kolaborazioa gauzatu ahal izateko, berriz, bidea luzeagoa izan da eta bulegoak sekulako lana egin du. Rozalenek egunean 20 kolaborazio eskaera jasotzen ditu eta ezin du nahi duen guztia egin. Irudikatzen ez diren langa asko gainditu behar dira eta filtro asko pasa berarekin halako zerbait egin ahal izateko, besteak beste, dituen kontratu guztiak dituelako. Euskaraz abesteko nahia zuen eta nik uste dut hori izan dela garrantzitsuena. Kausa horri bulegoak egindako lana gehituta, posible izan da kolaborazioa errealitate bihurtzea. Ea zuzenean noizbait elkarrekin oholtzan abesteko moduan dago», amestu du Salvadorrek.

Beste kantu batean, ‘Gelditu’ deiturikoan Idoia Asurmendi izan du kolaboratzaile. Artista gazte berriari bultzada eman asmoz egin ote duten elkarlana galdetuta, ezezko borobila eman digu Salvadorrek eta gaineratu du «pixka bat maternalista» ere izango litzatekeela hori esatea. «Idoiak sekulako bidea du aurretik eta dagoeneko gauza handiak egin ditu. Hamar urte barru uste dut ni egongo naizela oso harro nire diskoan parte hartu duelako. Belaunaldiak saretzea izan zen nahia, diskoetxetik bururatu zitzaien eta eskua luzatu eta elkarrekin aurrera egitea izan zen ideia horren helburua. Idoiarekin egun entseatzeko lokala elkarbanatzen dugu eta harremana estuagoa da, gainera. Hortaz, belaunaldien arteko lana erakustea nahi izan da kantu honekin. Gainera, ez dago azalpenik ez justifikaziorik eman beharrik Idoia diskoan zergatik dagoen esateko, egin duen ekarpena sekulakoa delako. Entzun abestia eta baloratu dezala nahi duenak», aldarrikatu du Salvadorrek. Ane Labakaren hitzak dituen kantuak, jendeak bere egin du dagoeneko eta harrera oso ona izan du. Besteak beste, Mr. Euskaldunek ilustrazio bat egin du hitzen inguruan.

Ivan Ferreiroren kolaboraziorako bidea lauagoa zen. Pablo Novoak eta biak elkarrekin urte askotan egin dute lana eta egia da nik ez dut zuzenean ezagutzeko aukerarik izan. Berea den kantua abestuko zuela uste genuen eta berak buelta bat eman dio kantu horri, nazkatuta dagoelako hainbeste aldiz dagoen kantuarekin gauza bera egiteaz. Hartara, pozik gaude berak ere bide berri bat hartu duelako eta hor ezkutuan entzun daiteke sintetizagailuen artean dago Ferreiroren ahotsa.

Horiez gainera La Mare eta Gata Cattanaren kolaborazioak ere izan ditu, baina azalpen horiek guztiak diskoaren aurkezpen bideoan ditu eta behean ikusi dezakezue. Badator estudiokoekin grabatu zuen kantuen azalpenak ematen dituen ikus-entzunekoa, Donostiako Antzoki Zaharrean. Kantuen artean bat, gainera, zinemarako egindakoa da eta zinerako musika egingo lukeen galdetuta, baiezkoa esan digu Salvadorrek. Musika mundua bere ogibide izatea nahiko luke eta ateak zabalik ditu proposamen desberdinetarako.

Ate handitik sarrera
Ateak ireki ditu berak eta ateak ireki zizkioten ‘Late Motiv’ telebista saioan abenduaren 3an, euskararen eguna zela-eta. Bertan ‘Ez garen gu’ kantua aurkezteko aukera izan zuen, artean diskoko kantua zenik ez genekien arren. Abestia negarrez ari zela jakin dugu gerora, dolu bat kanalizatzeko bide bat izan baitzen berarentzat. «Oso zintzoa izan dela pentsatzen dut eta jendeak bere burua bertan ikusi duela iruditzen zait eta horregatik iritsi dela askoren barrura. Azken urtean dolu dezente bizi izan ditugu erori direnengatik eta galdu ditugun gauzengatik, kalera irten besterik ez dago daukaguna ikusteko», nabarmendu du Salvadorrek. Pablo Novoa telebista saio horretako bandako zuzendaria eta gitarra jotzailea da, Pirata ere bertan dago eta Olatz Salvadorren osabarekin, Iñakirekin harreman estua du. «Zortea izan dugu eta osaba-iloben arteko performance hori egiteko aukera izan genuen. Baina esan beharra dago hemen ere bulegoak lan handia egin zuela eta atzetik ikusten ez den lan asko dago. Euskararen eguna zela eta deitu ziguten, Novoak ere, galiziarra izanik, hizkuntza gutxituekin sentsibilitate berezia duelako», egin du azpimarra donostiarrak.

Egun Euskal Herriko Musikarien Elkarteko zuzendaritza taldean dago eta azken aldaketak 2020an egin eta gero guztiak emakumeak eta gazteak dira. «Konfinamendu garaian hasi zen dena eta musikan aritzen garenetako batzuk gure buruak salduta ikusi genituen. Izarok, Lide Hernandok Liherrekin edota nik neuk Skakeitanekin. Inoren agendan sartu ez ginenaren sentsazioa genuen eta etorkizunik ez genuela ikusten genuen lehendik ere oso prekarioa zen sektore batean. Kultura ikusten genuen ez zutela lehen beharretan ikusten eta inork ez badu zugatik ezer egingo, zuk egin behar duzu. Artiston estatutua bezalako tresnak behar ditugula ikusten dugu eta halakoak lantzen gabiltza. Izan ere kontzertuak izan dira orain arteko gure diru-iturri bakarra, eta ez balizko soldata bat izateko, baizik eta taldeen oinarrizko gastuak estaltzeko. Talde askok beren aurrezkiak diskoetan utzi dituzte eta lokala eta bestelakoak ezin  ordainduta dabiltza orain. Oinarrizko kultura hiltzen uzten ari zara hori gertatzen denean, eta gehienak ez garenez profesionalak, proiektu asko hil daitezke. Talde batzuk agurra iragarri dute eta beste batzuk iragartzeko bidean daudela esan daiteke, eta egoera ekonomikoa izan da askoren egitasmoak ito dituena. Gastu finkoek hor jarraitzen dutelako eta proiektuen bideragarritasuna mugatzen duelako diru-iturririk ez dagoen garai honetan. Hortaz, guri erakundeekin hitz egiteko beharra sortu zaigu eta gure behar horiek azaldu nahi izan dizkiegu egon diren hartu-emanetan. Orain haiei dagokie erabakiak hartzea», aldarrikatu du Salvadorrek

Zorionez, kontzertu sorta luzea izango du orain aurretik Salvadorrek ‘Aho uhal’ aurkezteko. «Data guztietan izango garela ziurtasunez esatea oraindik asko esatea den arren, gure aurreikuspena hori da eta sekulakoa izaten ari da publikoaren erantzuna. Ondarroan eta Zarautzen, esaterako, guk iragarri aurretik guztia saldu zen. Eta jendeak zure proiektuaz zuzenean gozatzeko duen nahia ikusita, txutea sekulakoa da».

Bere sareetan jarri ditu data guztiak txukun eta haietatik ere eskuratu ahal izango da noski bere azken diskoa, ‘Aho uhal’. Bestela, badakizue, gerturatu aukera duzuenean kontzerturen batera eta gozatu.