En directo

Iker GURRUTXAGA

'Gose' kantua kaleratu du 'Deus ez' taldeak

Aurreko diskorako eginda bazuten ere, bidean geratu zen 'Gose' kantua eta orain grabatu eta kaleratzea erabaki dute. Baina 'Sherpa' diskoak bere bidea egin dezan jarraituko dute lanean 'Deus ez' taldekoek berriren bat osatu aurretik. MusikHaria saioan izan dira kantua aurkezten.

Audio_placeholder

'Gose' kantua kaleratu du 'Deus ez' taldeak

Loading player...
'Sherpa' diskoan sartu ez zen kantua, 'Gose, kaleratu du 'Deus ez' taldeak.
'Sherpa' diskoan sartu ez zen kantua, 'Gose, kaleratu du 'Deus ez' taldeak.

Eibarko taldea bezala aurkezten du bere burua 'Deus Ez' taldeak, nahiz eta egun ez duten bertan ezer ere egiten. Han sortu ziren eta taldekideren bat bertakoa da, baina egun handik kanpora daude. «Zailtasunak ditugu entseatzeko eta abar, jakina. Iruñean bizi da taldekideren bat eta Azkoitian daukagu entseatzeko lokala, hortaz, egoera aldatu zain egon behar orain», kontatu digu Koldo Sagarzazu bateria-jotzaileak.

MusikHaria saiora egindako bisitan, beren aurreko diskoez ere hizketan aritu gara eta beren musikak izan duen eboluzioan. «'Deus ez' lanetik 'Sherpa' lanera eboluzio bat egon da eta, orain, 'Gose' kantuarekin hori bera erakutsi nahi izan dugu. Hiru gara eta askotan kantuak gehiegi konplikatzea gustatzen zaigu eta buruhauste ugari izaten dugu horrekin, baina gero lortzen dugun emaitzarekin pozik geratzen gara», esan digu Sagarzazuk.

Momentuz ez dute hirugarren diskorik aurreikusten, 'Gose' kantua aurreko diskoan sartu ez zen bat da eta hura grabatu ez izanaren penaz jo zuten Josu Ervitiren estudiora beste behin ere. «Ervitirekin egin dugu orain arte lana baina hurrengoan batek daki, akaso gure konfort gunetik ateratzeko garaia izango da. Orain arte oso erraz eta eroso aritu baikara Ervitiren eskuetan», nabarmendu du 'Deus ez' taldeko kideak.

'Sherpa' diskoa aurkezten jarraitzea da asmoa. Soinu gordin eta indartsua duen lana eta zuzenekoetara begira grabatutakoari fideltasuna mantentzeko modukoa dena. «Jendeak oso kritika positiboa egiten digu zuzenekoetan. Diskoan dagoen indarra zuzenekoan are eta nabarmenagoa dela esaten digute eta horrek asko betetzen gaitu, jakina. Izan ere horretan saiatzen gara, diskoan sartzen dugun hori zuzenekoetara kanporatzen», egin du azpimarra Sagarzazuk.

'Gose' kantuarekin, abesti berri gehiagoren gosez utzi gaituzte orain 'Deus ez' taldekoek. Ea etorkizunak zer dakarren.

Jaurlaritza Logoa